Etxerako lanak, neurtuta eta mugatuta erabili beharreko baliabideak

2013-10-17

Ikastetxe gehien-gehienek ikaragarri erabiltzen dituzte etxerako lanak, baina gutxik hausnartu dute baliabide horien erabileraz eta funtzioaz. Joxe Amiama EHUko irakasleak gaia ikertu du bere doktoretza-tesian, familiaren eta eskolaren arteko lotura aztertzeko bide gisa. Ikasketa-prozesuan laguntzen duten baliabide izan daitezkeela dio ikerlariak, baina baita gatazka-iturri ere. Gaur egun etxerako lanei loturiko errealitatea nolakoa den ezagutzera eman du DBHko 723 ikasleren, 454 familiaren eta 251 irakasleren iritziak jasota.
 

 

 
 
Etxerako lanak, neurtuta eta mugatuta erabili beharreko baliabideak

 

 

Amiamak tesian ikertu du etxerako lanen erabilera eta funtzioa

Arratsaldeko 7etan ume bat etxean badago eta etxerako lanak egin behar baditu, etxerako ordua ala eskolakoa da? Horixe da etxerako lanek dakarten dilemetako bat. Ikasketa-prozesuan laguntzen duten baliabide izan daitezke, baina baita gatazka-iturri ere. Asko erabiltzen dira etxerako lanak, baina gutxi ikertu eta ebaluatu izan dira. Joxe Amiamak doktore-tesia egin berri du gaiaz, eta iragan uztailean defendatu zuen, Análisis de los deberes escolares en la ESO y exploración de un espacio colaborativo entre profesorado y familias en la Comunidad Autónoma Vasca izenburupean.

EHUko Gizarte Zientzien Fakultateko Didaktika Saileko irakasleari etxerako lanen gaia zergatik aukeratu duen galdetu zaionean, bi sistemen (eskolaren eta familiaren) arteko lotura eta, era berean, gatazka-iturri izan ohi delako aukeratu zuela adierazi du. “Familiaren eta eskolaren arteko harremana betidanik interesatu izan zait, eta are gehiago aita izan nintzenetik. Irakasleekin eta familiekin lan egin izan dut, eta etxerako lanen gaia askotan aipatzen da. Familian, adibidez, ikaragarri hitz egiten da etxerako lanei buruz, eta gatazka-iturri izaten da askotan”. Oso maiz erabiltzen den baliabidea izan arren, horren gainean ikerketa gutxi dagoela ikusi zuen irakasleak: “Horregatik erabaki nuen doktore-tesia etxerako lanen inguruan egitea”.

Etxerako lanek ukitzen dituzten hiru kolektiboei entzun die Amiamak bere ikerketan. Batetik, etxerako lanak kudeatzen dituen kolektiboaren ahotsa jaso du, irakasleena; egiten dituztenena, ikasleena, bestetik, eta, hirugarrenik, behar horiek ukitzen duten beste sistemarena ere bai, familiena. Zehazki, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen inguruan egin du ikerketa, “erdi ahaztuta” baitaude ikasle horiek, ikerketa-esparruari dagokionez. “Haur Hezkuntzari buruzko ikerketa eta argitalpen ederrak ikusten ditugu, bai familien parte-hartzeari loturiko proposamen inklusiboez, bai metodologia aktiboez edota baita haurren bizipenen ingurukoez ere. Lehen Hezkuntzarako material pedagogiko interesgarria ere erraz aurki daiteke, baina zer gertatzen da DBHrekin? Nire  ustez interesgarria zen esparru horri ekarpen bat egitea. Benetan, sinesten dut DBHn bokaziodun irakasle trebe eta jantzi asko dagoela; baina, era berean, euskarriak eta laguntza behar dituzte, eta euren hezkuntza-proposamena hobetzeko konpromisoak”.

Tesiarekin, hiru lan handi egin ditu Amiamak: batetik, gaur egun etxerako lanei loturiko errealitatea nolakoa den ezagutzera eman du, hiru kolektiboen ahotsa jasoz. Horretarako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 18 ikastetxek hartu dute parte Amiamaren ikerketan. DBHko 723 ikasleren, 454 familiaren eta 251 irakasleren iritziak jaso ditu. Ikerketa estratifikatua izan da, eta dena hartu du kontuan: ikastolak, ikastetxe publiko zein pribatuak, ereduak (A, B eta D) eta bestelako aldaerak. Bestetik, irakasleei hausnarketarako tresna sendo bat eskaini die, eta, hirugarrenik, gaur egungo errealitatetik errealitate hobe batera jauzi egiteko, lankidetzan oinarritutako familien eta eskolaren arteko proposamenak jarri ditu mahai gainean.

Etxerako lanak bai ala ez, ez da ohiko eztabaida, Amiamaren aburuz; ez DBHn, bederen. “Komunikabideetan agertu den eztabaida handi bat da, baina ez da errealitatea. Gaur egun, esparru teorikoan, inork ez du hori eztabaidatzen, ezta ikastetxeek ere. Kontua da nola egin behar den; antolatzen ote den; nolako etxerako lanak bidaltzen diren; zenbat; denbora kontrolatzen ote den”. Tesiaren egileak argi dauka: “Etxerako lanak bai, baina neurtuta eta mugatuta”.

Asko erabilia, gutxi aztertua

Amiamak ikastetxeetan egin duen ikerketak erakusten du, besteak beste, eskolek estrategia gisa maiz erabiltzen dutela eta eskola guztiek erabiltzen dutela: “Irakasleen erdiek maiz erabiltzen dituzte, estrategia didaktiko bat baita beraientzat. Ia beste erdiek noizbehinka erabiltzen dituzte”. Galdekatutako 251 irakasleetatik 233k esan dute aldian behin edo ohituraz bidaltzen dituztela etxerako lanak (erabiltzen ez dituzten gehienek diote euren irakasgaiaren tipologiagatik −gorputz-heziketa, teknologia...− ez dituztela agintzen). Etxean egiteko lanak agintzen dituzten irakasleen % 67k eskolatik kanpo edukiak ikasteko balio handia esleitzen die etxerako lanei; irakasle horiek etxerako lanei “aldamio” funtzioa ematen diete, gelan landutako edukiei begira. “Indartu,”, “finkatu”, “berrikusi”, “sakondu” edota “praktikatu” hitzekin lotzen dituzte etxerako lanak irakasle gehienek. % 18k gelan hasitakoa bukatzeko estrategia gisa erabiltzen ditu, eskola-garaia luzatzeko. % 25ek eskolen kalitatea hobetzeko erabiltzen dituela dio.

Alabaina, asko erabiltzen den estrategia den arren, irakasleek gutxi hausnartzen dute gaiaz, Didaktikako irakasleak ikusi ahal izan duenez. Eta, era berean, ikerketek ere gutxitan izan dituzte baliabide hauek. “Ez dago esparru teoriko batekin egindako hausnarketa profesionalik etxerako lanei buruz; hausnarketa pertsonalak daude, eta horrek irakasle bakoitzaren esku uzten du estrategia horrekin jokatzeko modua; norberak erabakitzen du nolako eginbeharrak eta zenbat bidali, ondokoak zer egiten duen jakin gabe”. Lege-esparru argiago bat ez egoteak ere ez dituela ikerketa eta hausnarketa bultzatzen dio Amiamak.

Etxerako lanez hausnartzeko eskatuta, ikerketan parte hartu duten ikasle, irakasle eta familiek, oro har, ondo balioetsi dituzte etxerako lanak. “Oro har, irakasleek ontzat ematen dituzte etxerako lanak DBHn. Ia denek. Hor ez dago eztabaida handirik: etxerako lanak bai edo ez. Lau familiatik hiruk ontzat ematen dituzte etxerako lanak. % 10 bakarrik dago erabat kontra. Ikasleen artean bereizketa handiagoa da aldekoen eta horien egokitasuna zalantzan jartzen dutenen artean. Ikasleen artean, hiru heren bereizten dira: batetik, beren etorkizunerako garrantzi handikoak direla pentsatzen du heren batek (ikasle gehienek egin nahi dituzte goi mailako ikasketak, batez ere unibertsitatean); erdi mailako puntuazioa ematen die beste heren batek, ez baitaude ez alde eta ez kontra; eta ikasleen beste heren bat etxerako lanen kontra dago. Etxerako lanen aurka, bi argudio azaldu dituzte nagusiki: batetik, eskola-garaiari dagokion denbora zein den zalantzan jartzen dute, eta, bestetik, funtzionaltasun gutxi ikusten diete.

18 ikastetxeek erabiltzen dituzte eskolako lanak, baina horietako batek berak ere ez dauka ez klaustroan ez eskola-kontseiluan lanak bideratzeko jarraibideak ematen dituen dokumenturik adostuta. “Antolatuta ez badago, eskolek ez dute nahikoa egiten”, adierazi du Amiamak. Beste ondorio bat atera du hortik irakasleak: “Asko erabiltzen den estrategia bat bada, eskola-mailan antolatu beharko litzateke, ezta?”. Lege-esparru zehatzik ez egoteak eta, gainera, eskola-orduetatik kanpo maila administratiboan irakasleek egin behar dituzten lanek oztopatu egiten dute etxerako lanen antolakuntza, ikertzailearen aburuz. “Etxerako lanak ez badira eskola mailan antolatzen, desoreka bat sortzen da. Azkenean, erabakitzen duena irakaslea da, baina hark ez daki zenbat eginbehar agintzen dituzten beste irakasleek, adibidez. Horrez gain, beharrezkoa da etxerako lanen funtzioari buruzko komunikazioa handiagoa izatea, ikasleek ez baitakite, oro har, zertarako bidaltzen dizkieten lanak. Horri buruz ez da hitz egiten”.

Klaustroetan oso gutxitan izaten dira eztabaidagai etxerako lanak. Aztergai izan dituzten zentroetan, hainbat estrategia jarri dituzte mahai gainean lanak hobeto kudeatzeko. Estrategia bat, adibidez, etxerako lanak mintzagai bihurtzea da; lanak egiteko, ikastetxeko espazioak uztea; edo garai jakin batzuetan, azterketetan, adibidez, eginbeharrik ez agintzea... “Hausnarketa egin behar da, eta horri hitza jarri. Irakasleek estrategia hori erabiltzen badute, geldialdi bat egin behar dute hitz egiteko, prozesu horretan nola doazen ikusi behar dute, ikasleentzat lagungarri diren ala ez ebaluatu behar dute, eta familiek ere informazioa jaso behar dute”.

Amiamak dio oso funtzionala izango litzatekeela gogoeta egitea eta elementu batzuk adostea, batez ere antolakuntzari dagokionez. “Izan ere, ikasleen eta familien kexak antolakuntzarekin lotuta daude. Esaterako, zergatik egun batzuetan asko eta beste batzuetan gutxi? Gogoeta hori oso logikoa da. Edo zergatik azterketa garaian? Edo zergatik agintzen diete beti ariketa bera egiteko?”.

 

Zertarako bidali behar dira?

Etxerako lanen funtzioaz eztabaidatu beharra dagoela uste du doktoreak. “Zertarako, noiz, nolakoak eta zenbat agindu jakin behar dugu. Beharrezkoa da koherentzia”. Ziklo didaktikoan etxerako lanak indargarri modura agintzea hobesten du egileak. “Irakasleek oso ondo balioesten dute hori, eta baita ikasleek ere; nota ona ateratzeko garrantzitsuak direla uste dute”.

Gaur egun, batez ere gelan bukatzen ez dena bukatzeko agintzen dituzte etxerako lanak irakasleek, edota, bestela, indargarri modura. “Bitxia da: bukatzeko erabiltzen direnak, oro har, ez zaizkie asko gustatzen ikasleei. Esaten dute gutxi ikasten dutela lan horiekin. Eta hori familien kexa garrantzitsu bat da. Uste dute irakasleen diseinu didaktikoa gaizki eginda dagoela. Eta sekuentzia didaktikoa gaizki kalkulatuta dutela. Berrikusteko eta gogoratzeko etxerako lanak, berriz, nahiko ondo balioesten dituzte”.

Eskolan landutako gauza batzuk modu konplexuagoan lantzeko aukera ematen dien etxerako lanen tipologia balioesten duten ondoen ikasleek. “Eskolako ariketa etxean errepikatu beharrean, horri buruz gehiago pentsatzeko eskatzen zaio ikasleari, prozesua harago eramateko. Eskolan oinarria eman ostean, etxean garatzeko. Ikasleek esaten dute horrekin asko ikasten dutela, eta oinarrizko gaitasunak garatzeko horixe behar da”.

Azkenik, bada tipologia aldetik gutxi erabiltzen den beste elementu bat, Amiamaren ustez oso indartsua: kaleko edo etxeko testuingurua baliatzeko aukera ematen duten lanak. “Adibidez, ehunekoak lantzeko, bakoitzak bere herritik zenbat auto pasatzen diren kontatu behar du, eta zenbat diren gorriak. Planoak eta mapak egiteko, berriz, herriko edo auzoko planoak har daitezke, eta iturriak kokatu horietan. Edo elkarrizketa bat egin zahar-etxe batean. Berez eskolan egin ezin diren gauzak dira”. Horrelakoak gutxi egiten dira, baina ikasleei gustatzen zaizkiela sumatu du doktoreak. “Gaitasunak testuinguruan landu behar ditugu, eta zaila izaten da hori askotan irakaslearentzat, testuingurua irreala izaten baita, esperimentala. Etxerako lanek aukera hori ematen digute, eta uste dut hori indartu eta aprobetxatu behar dugula”.

Ardurak hartzeko baliabide

Matematikan erabiltzen dira etxerako lanak gehien, “hemen eta munduan”. Alabaina, ikerketetan ez da ikusi loturarik eta onurarik etxerako lanen eta matematikan hobeto ibiltzearen artean. “Horrek badu bere arrazoia: ariketa bat ez badut ulertu eskolan, ezin izango dut beste testuinguru batean egin, eta are gutxiago irakaslerik gabe”. Hizkuntzen ikaskuntzan bestela gertatzen da, Amiamaren arabera, etxerako lanen bitartez ikasleen gaitasunak nabarmen hobetzen baitira.

Horrez gain, etxerako lanen beste funtzio garrantzitsu bat ikasten ikastea da. “Legeak ere jasotzen du hori; gaitasun orokor bat da, elkarrekin bizitzen ikastea bezala. Zure lanari aurre egiteko uneak ematen dizu ikasten ikasteko bidea. Beraz, gauza asko egin behar da; eginbeharrekin hasteko, lehendabizi, sofatik altxatzea erabaki behar duzu une batean, edo kaletik etxera joatea, edo telebista itzaltzea. Eta hori ez da erraza. Autokontrol izugarria eskatzen du horrek, eta ardura. Eta gure gizartearen bilakaeragatik, plano pertsonalera mugatzen da ardura gauza askotan. Historikoki, ardura hori kanpoan zegoen. Esaterako, garai batean gaueko 12etan oheratu behar zenuen, telebistan Carta de ajuste jartzen zutelako. Gaur egun, zuk erabaki behar duzu noiz joan ohera...”. Irakaslearentzat ardurak lantzea oso garrantzitsua da, eta, agian, erabil ditzakegu etxerako lanak horretarako; baina “neurri batean”, dio irakasleak, “zeren neurtu egin behar ditugu etxerako lanak. Muga bat jarri behar da”.

Denbora kontrolatzen ikastea ere etxerako lanei oso loturik dagoen zeregina da. “Ikasi egin behar dugu denbora kontrolatzen, estresaren aurkakoa baita hori gaur egun erabat. Denbora kontrolatzen ez dugulako estresatzen gara. Oso sinplea da denbora kontrolatzen ikastea. Galdetu: zer egin behar duzu gaur? Zenbat denbora behar duzu? Eta denbora betetzen saiatu. Hori eskolan egin behar da. Baina familiek ere egiten badute, askoz hobe. Zeren familiek uste dute zenbat eta denbora gehiago eman etxerako lanak egiten, orduan eta nota hobeak aterako dituztela seme-alabek. Eta ez dago loturarik bien artean.”

Ardura lantzea eta denbora kontrolatzea ekintzailetzarekin oso lotuta daudela ikusten du Amiamak: “Nik erabaki behar dut noiz hasi, noiz bukatu, nori galdetu... Elementu interesgarriak dira. Baina, gero, tarte bat erabili behar dugu eskolan horretaz hitz egiteko”.

Ardurekin oso lotuta dagoen beste elementu bat arreta galarazten diguten gailuak dira. “Zailagoa da gure gazteentzat guretzat baino. Guk arreta galaraziko ziguten gauza gutxi genituen garai hartan; orain, WhatsAppa, emaila..., denetarik dute. Gure ikasleek autorregulatzen ikasi behar dute, eta funtzionaltasunari begira zein une diren horretarako onak eta zein ez jakin behar dute. Eta hori ez da batere erraza”.

Eskola partikularrei buruz ere galdetu die parte-hartzaileei. Amiamak ikusi du irakasleek ez dietela garrantzi handirik ematen; aldiz, ikasleen herenak erabiltzen dituzte, eta erabiltzen dituztenean oso ondo balioesten dituzte. “Hor ere gogoeta egin behar da. Hainbat ikaslek agian ez dute arreta jartzen eskolan, badakitelako gero eskola partikularretan ikasiko dutela, adibidez. Edo ikasten ikasteko prozesua ez dute lantzen, badakitelako badutela beste irakasle bat, eta irakasle horrek esango diela nola egin, eta abar. Beraz, irakasleek eskola partikularrak kontuan izan behar dituzte, eta, oro har, ez dituzte izaten”.

 

Gurasoa ez da irakaslea

Familia eta eskola-sistema uztartzen dituelako aukeratu zuen Amiamak etxerako lanen gaia tesirako aztergai. Oso interesgarria da ziklo didaktiko horretan gertatzen dena aztertzea. “Irakasleak etxerako lanak agintzen ditu, eta ikasleak beste testuinguru batean egin behar ditu lan horiek. Irakasleak ez daki zer gertatzen den etxeko testuinguru horretan; gelan gertatzen denaren jarraipena egiten du soilik: etxerako lanak eginda dauden ala ez; eta, eginda ez badaude, negatibo bat jartzen du. Datuak kontrastatutakoan, ordea, ikusten da familiek eta ikasleek esaten dutena oso antzekoa dela, eta horrek, neurri batean, ikasleek ez dutela gezurra esaten esan nahi du. Aldiz, irakasleak oso bestelako datuak dauzka. Esaterako, irakasleek pentsatzen dute ikasleek oso denbora gutxi hartzen dutela etxerako lanak egiteko, baina ikasleen eta familien datuek diote egunero ordubete baino gehiago pasatzen dutela behar horiek egiten. Ikasleen ulermen-mailari buruzko galderek ere datu interesgarriak eman dituzte eskolak uste duenaren eta familian gertatzen denaren arteko aldeaz: irakasleek uste dut ikasleen ulermen-maila altua dela, ulertzen dutela zer egin behar duten; baina, gero, ikasleek eta familiek esaten dute askotan ez dakitela zer egin behar duten; eta, ez badute egiten, negatiboa daukate”.

Bi sistemak ez datozela bat puntu askotan ikusten du  unibertsitateko ikertzaileak. Egoera hori konpontzeko, esparru teorikoa oinarri hartuta irakasleek eman behar dutela pausoa dio Amiamak; baina, era berean, irakasleen egoera ere ulertu egin behar dela nabarmendu du. “Hainbat irakaslek esango dute beren ordutegia gero eta murritzagoa dela, gero eta gauza gehiago eskatzen direla curriculumean eta eskolan ez dagoela denborarik. Kanpotik, plano administratiboan eta ebaluazio-diagnostikoekin, presioa daukate irakasleek. Baina inbasio hori noraino doa?”. Bi sistemak hobeto konpon daitezen eta eskolatik agindutako eginbeharrak gatazka-iturri izan ez daitezen, ikastetxeak etxerako lanak mugatu eta neurtu egin behar ditu, hala dio Amiamak: “Kontrolatu ezean, eskolak etxeko ordu gehiegi hartzeko arriskua dago”.

Batzuek eta besteek dituzten egitekoak ere −familiarenak eta eskolarenak− ondo zehaztu behar direla ikusi du irakasleak:“Bi sistema desberdin dira, eta, rolak ondo definitu ezean, gatazka sortzen da”. Sarri, guraso askok ez dagokien rola betetzen dute, irakasle-rola. “Hori ez da haien egitekoa, haiek guraso baitira beti. Nahasketa hori egiten denean, gatazka sortzen da etxeetan. Amak hartzen du irakaslearen rola, baina rol hori maitasunak kutsatzen du”. Familiak etxerako lanetan era batera edo bestera parte hartu behar badu, eskolaren eta sendiaren artean zehaztu behar da parte-hartze hori nolakoa izango den; horixe proposatzen du Amiamak. “Familiak horrelako proposamenen alde egoten dira erabat, familia eta eskola lotzeko modu bat baita. Agian, behaketa-lana egin dezakete: seme-alabek etxerako lanak egiten dituzten ala ez adieraz diezaiekete irakasleei, zer jarrera hartu duten, zalantzak dituztenean nori galdetzen dioten; baliabide komunikatiboen aldetik etxean motibatzeko laguntza eskain dezakete; baina kontuan izan behar da etxerako lanen aurrean umeak dituen emozio horiei guztiei —frustrazioak, negarra, poza...— aurre egiten laguntzeko estrategiak jaso behar dituztela gurasoek”.

Familientzat, gai estresagarria

Amiamak ikusten duen arriskuetako bat eskolak familiaren espazioa inbaditzea da. “Eztabaidatu eta adostu egin beharko da bi eragileen artean, laguntza-erlazio eta eraginaren eta mendekotasun eta inbasioaren arteko mugak ez gainditzeko. Irakasle bati baino gehiagori tentagarria irudi dakioke gurasoak laguntza-irakasle bilakatzea; eta, era berean, familiaren funtzioak eskolaren esku uzten diren kasuak izan daitezke”.

Familientzat, etxerako lanena da gairik estresagarriena. Hori argi ikusten da tesian. Seme-alabei eskolako ariketetan lagundu ezinak errudun-sentimendua sorrarazten du familiengan. “Familientzat, garrantzi handia dute etxerako lanek. Eskola-porrotaren arrazoiak ikertzerakoan, familiak parte hartu ez izana dela lehen arrazoia esaten da. Horrek errudun-sentimendu ikaragarria sortzen du. Bigarrenik, ikasleen ezaugarriak aipatzen dira, eta hirugarrenik, irakaslearen jarrera. Sinestezina da”.

Behar horiek gatazka-iturri izan beharrean familia eta eskola lotzeko modu bat izan daitezen, Amiamak hainbat estrategia proposatzen ditu tesian. Batetik, gaia gurasoekin egiten den gelako bileran aztertzea proposatzen du. “Etxerako lanen inguruko diseinu bat egiten da: nola, zergatik, zertarako... Nota onak ateratzeko eta kalean ez egoteko etxerako lanak beharrezkoak direla dute buruan familiek, baina gaitasunen planteamenduaz ez dute ezagutzarik (eta logikoa da), eta gustatuko litzaieke irakaslearen planteamendua ezagutzea”.

Lehen Hezkuntzan beste estrategia batzuk erabiltzea proposatzen du. Horietako bat TIPS deituriko dokumentuak dira: “Etxerako lanen azalpena, funtzioa, helburuak, arrazoiak... azaltzen ditu irakasleak orrialdearen goiko aldean, eta baita gurasoek zertan lagundu eta nola lagundu dezaketen ere. Ikasleak eskuz idazten du noizko egin behar duen, eta sinatu egiten da. Dokumentu hori etxera eramaten du, eta familiak irakurri egin behar du; eta lanaren nondik norakoen berri du horrela”.

Familia asko ez dira gai sentitzen euren seme-alabei laguntzeko, eta, Amiamaren ustez, zerikusi handia du horrek gurasoen ikasketa-mailarekin. “Ikasketa-maila altuak badituzte, pentsatzen dute, oro har, gai direla beren seme-alabei etxerako lanetan laguntzeko; aldiz, ikasketa maila baxuak edo oinarrizkoak dauzkatenek pentsatzen dute ez direla gai”. Horrek erakusten du gurasoek euren burua edukietan laguntzeko gai ikusi nahi dutela, baina Amiamak dio pentsamendu hori irauli egin behar dugula: “Zertan lagundu dezaketen zehaztu behar du eskolak, eta azaldu, baita ere, zeinen baliagarria den etxerako lanetan laguntzea”. Familiek, eduki akademikoekin baino gehiago, autorregulazioan eta metakognitiboak diren alorretan lagun dezakete; ohiturak hartzen (ordutegia, lekua, konpainia... ), denborak neurtzen, arreta galaraziko dieten iturriak ezabatzen, motibazioa lantzen, eta arrakasta- edo porrot-emozioak kudeatzen, hau da, ikasten ikasten.

Gure kasuan, hizkuntza da familia askori euren seme-alabei ezin lagundu dietela pentsarazten dien beste elementu bat. “Eskolatik hori jaso dutelako: ez badakit euskaraz, ezin diot nire semeari edo alabari lagundu. Hori egia da, baldin eta planteamendua gurasoa irakasle izatea bada. Aldiz, gurasoen laguntza bestelakoa dela uste badugu, garrantzi handikoa izango da haien parte-hartzea, nahiz eta euskara ez jakin”. Langintza horretarako lagungarri, Emangiltza materiala aipatu du Amiamak.

Ikerketan, halaber, familiei irakasleak balioesteko eskatu die Amiamak, bi sistemen arteko harremana zer-nolakoa den jakin nahi izan baitu. “Batez bestekoa 9 ingurukoa da. Aldiz, irakasleei galdetu diegunean ea zer pentsatzen ote duten familiek beraiei buruz, irakasleen pertzepzioa askoz baxuagoa izan da: 6,5-7 bitarteko puntuazioa emango zietela uste zuten. Ondorioa: familiak ondo balioesten du, baina ez dakigu hor erdian zer gertatzen den, hori horrela ez agertzeko. Familiek ez dute irakasleez balioespen txarra egiten.”

 

Ez da komeni etxerako lanak goizegi bidaltzea

“Noiz hasi?”, galdetu diogu doktoreari. “Ez da esaten erraza. Autore batzuek diotenez, ohitura hartzeko komeni da maila bakoitzean 10 minutu eskaintzea etxerako lanei”. Joxe Amiamak dio Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan −berak ikertu duen esparruan− etxerako lanak bai ala ez galdetzea ez dela eztabaida erreala. Aldiz, Lehen Hezkuntzan bestelakoa da egoera. “Esparru teorikoak esaten du Haur Hezkuntzako umeek ez dutela gaitasunik ikasten ikasteko prozesua egiteko, eta ezta etxerako lanei eurek bakarrik aurre egiteko ere; ezin dute. Beraz, ezin zaie etxerako lanik agindu. Txikiak heldu baten laguntza behar du, eta heldu horrek irakaslearen funtzioa betetzen du etxean. Kontua da bi sistema direla eta etxean ez dagoela irakaslerik”. Beraz, HHko umeei etxerako lanik ez agintzeko proposatzen du, eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloan bai, indargarri modura, betiere, irakasleak familiarekin adostuta: “Baina pixkana eta oso neurtuta. Esaten da lehen mailetan, batez ere, irakurketa eta idazketa landu behar direla etxerako lanetan. Irakurketa heldu batek lagundurik egin beharko du, baina nola lagundu behar den irakasleak erakutsi behar du. Edukiak LH3tik aurrera sartu beharko liratekeela uste dut, esparru teorikoan oinarrituta; baina eztabaida handia dago horretan”.

Etxean egiteko ariketak goizegi agintzea gaitzetsi egiten du Amiamak. Ikerketak erakutsi du haurrak pozik jartzen direla hasieran etxerako lanak agintzen, “berritasuna dela medio, baina, zer eskatzen zaien jabetzean eta gai ez direla ikustean, gorrotoa hartzen diete. Ehunekoei begiratuta, argi ikusten da ikerketa batzuetan: etxerako lanak bidaltzen oso goiz hasten badira, porrot egiten dute gero DBHn. Abiapuntua txarra delako”.

 

Europan sendotuta daude etxerako lanei buruzko legeak

Espainiako estatuan, etxerako lanei buruz ikuspegi zabal eta anbiguoa dauka 2006ko LOE Legeak, eta erkidego bakoitzak ezar ditzakeen dekretuen esku gelditzen da asko edo gu­txi arautzea. Nafarroako Eskola Kontsei­luak (2012) etxerako lanei buruzko txostena onartu zuen, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan gehiegi erabiltzen zirela-eta guraso batzuek kexa egin zutenean. Hezkuntza- eta lege-esparrurik ez dagoenez, “gizartean eztabaida bultzatzea” proposatzen da Nafarroan: “Hezkuntza-komunitateko ordezkariek parte hartu behar dute eztabaidan, eta baita adituek ere, [etxerako lanen] egokitasunaz, eta kasu horretan, bo­lu­menaz  hausnartzeko”. Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokienez, 201/2008 Dekretuak hauxe dio: “Ikasleen betebeharra da bere gaitasun guztiak albait gehien garatzeko ikastea eta ahalegina egitea”. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ikasleen adinaren arabera mugatzen dira etxerako lanak (gutxi Lehen Hezkun­tza, usu Bigarren Hezkuntzan), Frantziako estatuan legez zehaztuta baitago nola antolatu etxerako lanak.

Danimarkak ez dauka berariazko araudirik, baina hainbat debeku orokor ditu; besteak beste, debekaturik dago asteburuetan etxerako lanak agintzea. Erresuma Batuan hainbat arau ezarrita daude Lehen eta Bigarren Hez­kun­tzan: familiaren eta eskolaren artean adostasuna bilatu behar da, adibidez, eta zentroak alor horretan jarraitu beharreko politiken inguruko jarraibideak daude, familientzako lagungarri; eta prestatzeko balio dezaketen es­kuorriak dituzte, eta eguneko denborak mugatuta daude: lehen eta bigarren mailan, 12 mi­nu­tu; 3. eta 4. mailan, 18 minutu; 5. eta 6. mailan, 30 minutu; 7 eta 8. mailan, 45 minututik 90era, eta aurrerago, bi ordu arte.