Oier Araolaza "KULUNKARIA"

2014-01-16

Eskola urteak festa urteak izan ziren niretzat. Bai ederki pasa nuela! Ez daukat gogoan ardura handirik. Ziur aski, nire irakasle eta gurasoek ez dute nik bezain oroitzapen onik izango. Isilik egoten lanak izaten nituen, eta eserlekuan geldi egotea ezinezkoa zitzaidan. Ikastolara ongi pasatzera joaten nintzen ni, eta horretarako, orain esaten den bezala, jarrera pro-aktiboa neukan: jolaserako, kanturako, dantzarako, txorakerietarako, bihurrikerietarako eta zirikatzeko beti prest!

 
 
Oier Araolaza "KULUNKARIA"
Etxean egin beharreko eskolako-lanekin (etxeko-lanak beste batzuk dira, ala?) ere ez nuen burukomin askorik izaten. Orain seme-alabek etxera ekartzen dituzten eskolako-lanen aldean 
oso gutxi izaten genituen guk. Eta izaten genituenean ez nuen ardura handirik izaten. Zenbat aldiz, goizean, autobusean ikaskide batek “bigarrenean zer jarri duzue?” galdetu, eta orduan 
akordatu hiru ariketa genituela etxean egiteko. Motxilatik atera gabe etxetik pasatu zen koadernoa ireki, zirrimarra batzuk egin eta segi jolasean. Nik fenomeno pasa nuen eskola garaian. 
 
Latorrizko danborraren protagonistak, Oscarrek, hiru urte zituela erabaki zuen ez zela gehiago haziko. Nik ez nuke hiru urterekin geratu nahi, sei urteak ere zoragarriak iruditu baitzitzaizkidan, baita bederatziak eta hamabiak ere... Baina behin hamazortzira iritsita pozik itzuliko nintzateke atzera hirura, berriz hasteko. 
 
Gorputza atzera bota, eserlekuaren aurreko oinak altxatu eta aulkia kulunkaria bailitzan erabiltzen nuen gelan. Zenbat errieta horren kontura, bai etxean eta bai eskolan. Hori ez zela formalidadea ikasgelan egoteko, aulkiak horrela apurtzen zirela, e.a. Gaur egun lanean ere kulunkan pasatzen dut eguna, orain atzera, orain aurrera, berriz atzera... Orain, baina, primerako aitzakia teknikoa daukat horretarako: ergonomia. Gerriko minarekin hasi nintzen, eta arreba fisioterapeutak aholkatu eta oparitu zidan aulki kulunkaria. Edozein dela ere, ez baitago zortzi orduz mantentzeko postura egokirik. Kulunkariarekin hor nabil egun osoa atzera eta aurrera, eserita nagoen itxuran, baina gorputza dantzan egun osoan. Gerriko minik ez dut izan berriz harrezkero.
 
Gaur goizean, alaba ikastolara joateko esnatu dudanean, “azken eguna Izar! Bihar oporrak!” bota diot. Alabak erantzun dit, berak ikastolan, lagunekin, oso ongi pasatzen duela eta nahiago lukeela oporretan ere eskolara joatea, haiekin jolasean egin ahal izateko. Andereñoak bileran esan digu gure alabak ez dakiela isilik egoten, ipurdia airean daukala beti, erdi-altxatuta hango edo hemengo ikaskideekin olgetan. Ni saiatu naiz guraso arduratsuaren eta arduratuaren plantak egiten, baina barrenean alabarekin identifikatua sentitzen nintzen. Eguna eskolan pasa eta etxera iritsitakoan, semeari eskolako-lanak egin behar dituela esan, eta berak jolastea nahiago duela erantzuten didanean zer esan jakin gabe geratzen naiz. 
 
Diziplina, lan-ohiturak, jarrera, atentzioa, ardura... umeek horiek guztiak eta gehiago barneratu behar dituztela esaten digute, eta zenbat eta lehenago hobe dela, gerorako utzita beranduegi izan daitekeela. Ziur aski halaxe izango da, nik ezer gutxi baitakit heziketaz. Gainera, esango nuke, berrogei urte pasarekin ere ez ditudala barneratu horietako gehienak. Bai, badakit gure seme-alaben hezkuntzaren ardura nagusia gurasoei dagokigula, eta eskolari dagokiona baino gehiago eskatzen ari gatzaizkiola. Gurasoak gure seme-alabentzat eredu izan behar garela esaten digute, baina nik aulkian kulunkan egiten jarraitzen dut.