Enpresa erreal bat administrazioa eta kudeaketa ikasteko

2014-05-29

Garbiketa-produktuen enpresa bat sortu dute Donostiako Elizaran ikastetxean, modu errealean ­jardunaz eta curriculumak ­dioenean oinarrituz egiten ­ikasteko. Gaztelizaran deitu diote proiektuari. Bere bidez Erdi Mailako Lanbide Heziketan, Administrazioko eta Kudeaketako bigarren mailan, teoria eta ­azterketa oro ezabatuta, enpresa hori kudeatzen jarduten dira. Garbiketa produktuak hornitzaileei erosi eta Donostiako Alde Zaharreko ostalariei saltzen ­dizkiete. Ikasleek taldeka banatuta enpresako lau departamentuak kudeatzen dituzte: erosketak, ­biltegia, salmentak eta ­kontabilitatea. 

 
 
Enpresa erreal bat administrazioa  eta kudeaketa ikasteko
1918. urtean du jatorria Donostiako Alde Zaharreko Elizaran ikastetxeak. Emakumeak lan eta gizarte mundurako ahal bezain ongi prestatzeko xedez sortu zen orduan. Gaur egun berriz, DBHko Osagarrien Gelaz gain, HLKP (Hasierako Lanbide Kualifikaziorako Programak) eta Erdi-Mailako Heziketa Zikloak eskaintzen ditu Administrazio Kudeaketaren nahiz Merkataritza Jardueren alorrean. Horiez gain, Helduentzako Oinarrizko Prestakuntza ere badute. Aitor Cerezo bertako irakasleak azaldutako eran, azken batean, beste ikastetxeetan onartuta edo ulertuta sentitzen ez diren ikasleak hartzen dituzte bertan: “Konpetentziak tarteko, ikastetxe askotan proiektuetan edo arazoetan oinarritutako irakaskuntza duten arren ardatz, oraindik ere teoria da nagusi. Gure ikasleei sistema horrek ez die balio, zerbait praktikoagoa bilatzen dute”. 
 
Hartara, Elizaran ikastetxeak HLKPren bidez betetzen duen funtzioak bi helburu ditu: batetik, ikasleek DBHko titulua eskuratzen dute (aurrez ikasle gehienek ez baitute izaten), eta bestetik, Lanbide Heziketako lehen koska gainditzen dute. Elizarana doazen ikasleen % 50 etorkinak direla kontuan izanik, eta sarritan ikasketak homologatzeko arazoak ­izaten dituztela, haien kasuan ere funtzio itzela betetzen du ikastetxeak. HLKP urte eta erdiko formazio teoriko-praktikoa izan ohi da, gero urte erdiz enpresaren batean praktikak ­egiten dituzte. Askok horrekin lan mundurako jauzia ematen dute. Beste batzuk berriz, Erdi Mailako Lanbide Heziketara igarotzen dira. “Horretan dagoeneko bada praktikotasunik, baina guk funtzionalitate handiagoa erantsi nahi diogu eta horretarako hainbat proiektu ditugu”.
 
Ikasketei praktikotasuna emateko sortutako proiektu horietako bat da Gaztelizaran egitasmoa. Ikasturte honetan jarri dute lehen aldiz martxan Erdi Mailako Heziketa Zikloko 2. Ikasturteko Administrazioaren eta Kudeaketaren alorreko ikasleekin. Garbiketa produktuen enpresa bat sortu dute. Hornitzaileei produktuak erosi, ikastetxean bertan daukaten biltegi batean gorde, eta ondoren ­Alde Zaharreko ostalariei saltzen dizkiete. Xede nagusia da ikasleak enpresa erreal bateko kudeaketaz arduratzea. Beste ikastetxe hainbatetan ­ere bada “Enpresa gelan” izeneko irakasgai bat eta bertan administrazio kudeaketari dagozkion lan guztiak ­egiten dituzte modu birtualean. Elizaranen ordea, haratago joan eta enpresa erreal bat sortzea erabaki dute: “Azken batean ikasteko modurik onena egiten jakitea da”, dio Cerezok. Irakaskuntzan sartu aurretik enpresa ­ugaritan ibilia da bera, bulegoak muntatzeaz edo lan-kudeaketa prestatzeaz arduratu ohi zen. Geroztik, ­irakaskuntzan hasi zelarik, Lanbide Heziketako zenbait arlotan, hastapenetik buruan izan du ikasleekin batera enpresa erreal bat sortzeko ideia, baina Elizarana iritsi arte ezin izan du burutu.
 
Ez da erraza izan enpresa sortzeko prozesua. Leku askotara jo zuten informazio eta laguntza eske, baina ­inork ez zien prozesua nola bideratu jakiteko argibiderik eman. Eta geratu zitzaien aukera bakarra enpresa euren kabuz sortzea izan zen: “Unibertsitate mailan enpresak sortzen dituztenean ikasleak eurak izaten dira bazkide. Baina gure kasuan hori ezinezkoa zen, eta beraz, irakasleok sortu dugu enpresa. Gu gara enpresako bazkide finkoak, eta ikasleak berriz, bazkide aldakorrak. Hala, urtez urte enpresa mantentzeko aukera daukagu. Ikasleak ere bazkide dira, baina sartu eta irten egiten dira”. Legalki, irabazi asmorik gabeko elkartea da Gaztelizaran. Hala eta guztiz ere, jarduera ekonomikoan nahiz sozietateen gaineko zergan alta eman dute eta gainera, enpresak salerosketak egiteko aukera du. “Enpresa bat da, baina zein da guk ezagutzen ditugun ohiko enpresekin diferentzia? Irabaziak ezin ditugula bazkideen artean banatu; enpresarentzat direla. Gainera, sozietateen gaineko zerga egin behar dugu, BEZa aurkeztu behar dugu, etab. Hortaz, guk jorratu nahi duguna lantzeko, zoragarri”. 
 
Gaztelizaran garbiketa-produktuen enpresa kudeatuz lortu nahi da ­ikasleek curriculumeko ezagutza eskuratzea eta konpetentzietan gaitzea. Lau departamentu sortu dituzte ­–erosketak, biltegia, salmentak eta kontabilitatea– eta ikasleak taldeka banatu. Xedea da talde guztiek lau ­departamentuak ezagutu eta kudeatzeko aukera izatea. Departamentu bakoitzaren eremuan, paretan idatziz jarrita dituzte eremu horretako prozesuaren eta jarraitu beharreko urratsen nondik norakoak. Webgunea ere sortu dute: www.gaztelizaran.org. Edozein bezerok Internetetik zein produktu dituzten kontsulta dezake eta eskaera egin. Erosketen eta salmenten kontrola eramateko eta kontabilitatea egiteko factusol eta contasol programak erabiltzen dituzte. Programa horiek saretik doan jaitsitakoak dira, Cerezok azaldu bezala saiatzen baitira Interneten doako programa eta erremintak daudela ikasleei ­erakusten eta horiek erabiltzen irakasten: “Sarean doan jaits daitezkeen oso programa erabilgarriak daudela ­ikusarazten ahalegintzen gara. Gure helburua da erremintak eskaintzea ­eta eurei jakinaraztea, adibidez, Photoshop-en anaia bat dutela Interneten. Aukera asko ematen ditu sareak, eta baita enpresa baten kudeaketa ­edo kontabilitatea eramateko orduan ere”.
 
Proiektua atalez atal
 
Erosketak: Hornitzaileei eskaerak egin eta produktuak erosteaz arduratzen da erosketetako departamentua. Biltegiko departamentukoek produktu beharra ikusten dutenean erosketetako departamentuarekin jartzen dira kontaktuan eta horiek prozesua hasten dute. Departamentu bakoitzak bere helbide elektronikoa du gaztelizaran.org domeinuaren barnean eta posta elektroniko bidez egiten dituzte gazteek garbiketako produktuen eskaerak. Hornitzaileak produktuak ekartzen ditu albaranarekin eta erosketetako departamentuko kideen egitekoa da albaraneko informazioa programa informatikoan sartzea, hala ordenagailuan inbentarioa eguneratzeko. Cerezok azaldutako eran ordea, aurten lehen urtea izanik, hornitzaile bakarrarekin lan 
egin dutenez, modu errealean ezin ­izan dituzte aurrekontu bat baino gehiago eskatu eta bat bestearekin alderatu. 
 
Biltegia: Garbiketa-produktuekin zuzenean lan egiten dutenak dira. Hornitzaileak produktuak ekartzen dituenean, haiek ordenatu eta apaletan txukun jartzen dituzte, zerbait falta bada erosketetakoei abisatzen diete eta noizbehinka ordenagailuko inbentarioak dioena eta biltegian dagoena bat ote datozen begiratzen dute. Horrez gain, eurak dira bezeroari produktuak eramaten dizkietenak ere, hau da, Donostiako Alde Zaharreko ostalaritza sektoreko establezimenduekin zuzeneko harremana dute.
 
Salmentak: Bezeroen eskaerak departamentu honetako posta elektronikora iristen dira eta arlo honetako kideen egitekoa da eskaera horiek kudeatu eta produktuak bezeroarenganaino irits daitezen bidea irekitzea. Erosketa departamentuak bezala, salmentakoak ere eskaera hori ordenagailuko programan sartzen du eta albarana prestatzen dute biltegiko departamentukoentzat, haiek baitira produktuak prestatuko dituztenak. Biltegikoek berriz, albaran hori bera, bezeroaren firmarekin itzultzen diete salmenta departamentukoei, hala hauek faktura atera eta erreziboa egin dezaten: “Aurten gure kobratzeko modua errezibo bidezkoa izan da, hau da, eskura. Prozesua zein den ­ikusteko eskuarekin egiten den guztia errealagoa eta errazagoa da. Eskuz egiten ikasten badute, gero prozesu hori bera Internetez egitea errazago egingo zaie”. 
 
Kontabilitatea: Salmenta departamentukoek egindako erreziboak hartu eta kobrantzak egiten dituzte. Dirua eskuan jasotako kasuetan, diru-mordoxka pilatutakoan, euren egitekoa da bankura joan eta diru ­hori kontu korrontean sartzea. Era berean, banka online-en bidez zenbait ­ordainketa ere egiten dituzte: “Ikasle hauek lehen urtean kontabilitateko ­irakasgaia daukate. Beraz, Gaztelizaran enpresako kontabilitatea eramanez, teorian ikasitakoa praktikan jartzeko aukera paregabea daukate”.
 
Balorazioa eta aurrera begirakoa  
 
Kurtsoaren amaieran, ikasleek departamentu bakoitzeko txostenik garrantzitsuenak atera eta enpresa zein egoeratan dagoen aztertu behar izan dute. Hau da, enpresaren egoeraren balorazioa egin dute. Hala ere, proiektuak ez die eman curriculum­ean jasotako guzti-guztia lantzeko paradarik: “Gaztelizaranen adibidez, ez dago nominarik, ez dago alta edo bajarik”. Hortaz, alor hori modu hipotetikoan lantzen dute.
Proiektuan zehar, gainera, ikasleek eurek bi alditan elkartzeko beharra ikusi dute eta irakaslearentzat hori klabea izan da: “Enpresak ez zuela funtzionatzen ikusi zuten. Elkartzeko beharra erakutsi zuten eta urgentziazko bilera bat egin genuen”. Proiektuak arlo pertsonala, interpertsonala nahiz emozioen mundukoa lantzeko ere aukera eman diela gaineratzen du Cerezok. Lehen bileraren ondotik enpresaren kudeaketaren eta funtzionamenduaren inguruko hainbat gauza aldatu zituzten, eta bigarren bileraren ondotik beste batzuk: “Modu horretan jarrerak, prozedurak, kontzeptuak ari dira barneratzen. Oraindik falta da bidea egitea, baina hasiera behintzat oso polita izan da. Guretzat hastapena oso aberasgarria izan da, ­eta espero dut ondo funtzionatzen badugu eta bezeroak mantentzen baditugu aurrera egitea eta hobetzen joatea”. 
 
Zuzenean administrazioa eta kudeaketarekin loturik ez dauden beste hainbat alor lantzeko ere balio izan die Gaztelizaran proiektuak. Izan ere, ikasturtean zehar marketin plan bat ­edota katalogo bat egiteko ere eskatu diete ikasleei: “Adibidez Gabonetan bakoitzari eskaintza bat prestatzeko esan genien. Gero, denon artean egokiena zein zen erabaki genuen eta hura bidali genien bezeroei”. Horrez gain, kulturartekotasuna lantzeko ere proiektua aproposa izan dela nabarmentzen du Cerezok. Izan ere, ikastetxean etorkin asko daude eta Gaztelizaranen bidez, horiek guztiak Donostiako Alde Zaharreko jendearekin jarri dira harremanean: “Jendeak zer ­ikusten du? Etorkin gazte horiek prestatzen, lanean ari direla, eta nik uste dut horrek jende askoren ikuspegia aldatzen duela”. 
 
Gaztelizaran proiektuaren arduradunak adierazitako moduan, garbiketa-produktuen enpresa kudeatuz, gazteek curriculumean jasotako ia dena ikasi ahal izan dute: zer den faktura bat, zer den albarana, zer den eskaera bat, nola artxibatu, harremanak hornitzaile eta bezeroekin, kontabilitatea nola eraman… eta hori guztia modu erreal eta praktikoan. “Curriculumeko helburu guztiak ez, baina asko bete ditugu proiektu honekin”. ­Uneotan, ia proiektua amaituta –2. mailako ikasleak ikasturtearen 2. erdian kanpoko enpresetan praktikak egiten baitituzte–, zer bete duten eta zer utzi duten bete gabe aztertzen ari dira. Izan ere, hasi besterik ez dira ­egin eta aurrera begira ere proiektuarekin jarraitzeko asmoa dute: “Hurrengo urteetan beste ikasturteetara zabaldu nahi dugu. Merkataritza arloa ere badaukagunez, zergatik ez ­adibidez, denda bat jarri biltegiaren alboan? Ideiak dira, baina, nire ustez, praktikotasun hori bilatzea oso garrantzitsua da”.