Reggio Emilia, hiria heziketaren gordailu

2014-12-09
Komunitate oso baten esperimentu pedagogikoa da Italiako Reggio Emiliako hezkuntza-eredua. Hango eskoletako esperientziaz hitz ­egiteak hiriari buruz mintzatzea esan nahi du. Komunitate horrek haurtzaroan eta heziketan inbertitu egin baitu, denbora eskainiz, baliabideak bideratuz eta ekarpen ekonomikoak eginez. Reggio Emiliako esperientzia bizitzaren kontzeptu laiko baten gainean eraiki dute, eta sinetsita daude hezkuntzari buruzko euren ­diskurtsoa ez dela pedagogikoa soilik, baita politiko eta etikoa ere. 
 
Esperientzia horren guztiaren berri eman zieten Maddalena Tedeschi pedagogoak eta Chiara Spaggiari hezitzaileak Euskal Herriko hezkuntza alorreko 880 profesionali, azaroaren 14an Bilbon eta 15ean Donostian, Hik Hasik antolatutako jardunaldietan. 
   
 
 
Reggio Emilia,  hiria heziketaren gordailu
Heziketa politika ere bada. Premisa horretatik abiatuta, Reggio Emiliako haur-eskoletako teoria eta praktika pedagogikoa azaltzeaz gain, heziketaren gainean duten ikuspegi politiko 
eta etikoaren berri ere eman zuten Maddalena Tedeschi pedagogoak eta Chiara Spaggiari hezitzaileak Hik Hasik antolatutako jardunaldietan. Izan ere, Reggio Emiliakoa ez da eredu itxia eta ez du metodo zehatzik, baizik eta enfoke ireki bat da, etengabe egokitzen eta aldatzen ari den esperientzia bat. Horren atzean, ordea, heziketari eta haurtzaroari berebiziko garrantzia ematen dion filosofia orokorrago bat dago. Hiri batean haurren kultura erdigunean ezartzeak politika bat josten joatea esan nahi baitu, gertuko gestioan oinarritzea, komunitatearen inplikazioa bilatzea, eta hiriko agente ezberdinen —eskola, familia, udala, kultur elkarteak…—arteko elkarlana bideratzea. “Reggio Emilia ahalegin handia ari da egiten jendearen eta biztanleriaren aldaketak ulertzeko, eta beraz, familiek dituzten beharrez eta eskubideez ere kontziente izateko eta premia horiek asetzeko”. Hortaz, azaroaren 14an Bilboko Bizkaia Aretoan eta 15ean Donostiako Kursaal Jauregian elkartu ziren 880 hezitzailek ez zuten, 
akaso, egun batetik bestera euren jardunean txertatzeko moduko formularik ezagutuko, bai ordea, orain arteko ikuspegia osatzen lagun diezaieketen zenbait zertzelada jaso. 
 
Komunitate oso baten esperimentu pedagogiko bezala deskribatzen dute Reggio Emiliako eredua Tedeschik eta Spaggiarik. Haien esanetan, Reggio Emiliako esperientziari buruz hitz egiteak hiriari buruz mintzatzea esan nahi du, eta ez soilik eskolaren gainean jardutea. Komunitate horrek haurtzaroan eta haur-eskoletan inbertitu egin du, denbora eskainiz, baliabideak bideratuz eta ekarpen ekonomikoak eginez. Baina ez hori bakarrik, gogoeta sakona egin du heziketak pertsonen eta gizartearen ongizatean izan dezakeen eraginaz, eta pixkanaka haurrak, familiak eta profesionalak erdigunean jartzen dituen hezkuntza-politika zabal bat saretuz doa. 
 
Zer-nolako balioa du heziketak? Eta ikerketak? Eta jakintzak? Etengabe galdera horien inguruan hausnartzen ari den komunitate bat izan behar da gogoan Reggio Emiliaz hitz egitean. 50 urte baino gehiagoko esperientzia dute bertako haur-eskolek. Tradizio komunistako herrian, industrializazio garai betean, emakumeen borrokaren ondotik, sortu ziren lehen haur-eskolak. Uneotan 0-3 urte arteko umeentzako hamabi eskola dituzte udalak zuzenean kudeatuta, eta beste hamabi, berriz, kooperatiben bitartez koordinatuta. 3-6 urte arteko umeei dagokienez, 21 eskola daude zuzenean udalak kudeatuta; 21 eskola katoliko; eta hamar, berriz, estatuaren esku daude. Baina, datu horiez harago, beti hirian argi eduki da, zerbitzuaren izaera era batekoa edo bestekoa izanda ere, udalak hezkuntzaren ardura bere gain hartu behar duela, izaera publikoa 
eman behar zaiola hezkuntzari eta aterki antzeko bat eratu behar dela zerbitzu horiei guztiei abaro emateko egitura bateratu batean.
 
Zein oinarri du, ordea, Reggio Emiliako esperientziak? Ez da metodo bat, eta horixe da bere zutabe garrantzitsuetariko bat. Izan ere, Tedeschik azaldu bezala, “metodo” hitzak heziketa-jarduera bati egiten dio erreferentzia, eta soil-soilik pentsamendu pedagogiko jakin  bat edota erreferentziazko autore bat izaten du kontuan. Horrexegatik, nahiago dute “enfoke” edo “esperientzia” hitzak erabiltzea Reggio Emiliaz aritzean, euren jarduera zerbait dinamikoa eta irekia dela uste baitute, etengabe eraikitzen ari diren esperientzia bat. “Guk ere erreferentzia bat, figura garrantzitsu bat badaukagu: Loriz Malaguzzi irakaslea, hain zuzen, berak sortu baitzituen pentsamendu honen oinarriak. Baina Malaguzzik ere jakin zuen autore desberdinei begiratzen eta haien pentsamendu, ideia, kontzeptu eta erreferentziak hartzen eta hezkuntza-praktika etengabe eralda daitekeen zerbait bezala ulertzen”. 
 
Malaguzzik egin bezalatsu, gaur egun ere, Reggio Emiliako komunitateko kideak heziketaren interpretazio eguneratua egiten saiatzen dira, hezkuntza modu ireki eta zabalean ulertzen. Irekitasun hori bizitzaren gaineko kontzeptu laikoarekin lotzen du zuzenean Tedeschik:  “Gure enfokearen irekitasuna garrantzitsua da, eta horrek lotura zuzena du ondoko ideiarekin: Reggioko esperientzia bizitzaren kontzeptu laiko baten gainean dago eraikia. Ez du bilatzen ortodoxiarik edota pentsamolde jakin bat soilik jarraitzeak ekar dezakeen itxitasun edo mugarik. Eta aldiz, saiatzen da egitura hori beti irekita mantentzen, beharrezkoa denean aldatzeko, eraldatzeko eta eguneratzeko”. Horrelako pentsamendu ireki eta laiko bat abian jartzeko, ordea, beste baldintza bat ere oso garrantzitsua dela dio: jakin-mina bultzatzea, hain juxtu, hau da, haurrek nahiz helduek ulertzeko eta jakiteko duten gogoa nahiz elkarrizketarakoa sustatzea. 
 
Mugak gainditzeko borondatea
 
Reggio Emiliako esperientziaren beste zutabe garrantzitsuenetariko bat mugak gainditzeko hiritarrek duten borondatea da. Desioaren bitartez, edota utopiaren bidez, etorkizuna zer eta nolakoa izan daitekeen imajinatzen ahalegintzen dira, diziplinarteko begirada erabiliz. Hori azaltzeko Kenneth Gergen pedagogo eta soziologo estatubatuarraren teoria ekarri zuen gogora Tedeschik: “Norbere eta bestearen arteko elkarrizketa behar da hirugarren nortasun bat sortzeko. Alegia, nik neure pentsamenduak ditut, zuk zure pentsamenduak dituzu, baina gure eztabaidaren amaieran, gure negoziazioaren bukaeran, gure pentsamenduak ezinbestez lekuz aldatuko dira eta hirugarren aukera bat topatu ahal izan dugu”. Hizlariaren aburuz, Gergenen teoria horrek zerikusi zuzena du aurrez aipatutako enfokearen irekitasunarekin. Sinetsita daude euren heziketari buruzko euren diskurtsoa politikoa ere badela. Eta zentzu horretan aldaketa ekonomikoak, zientifikoak, artistikoak eta gizakiaren arteko harremanen aldaketak izan behar dituztela kontuan. Beraz, diskurtso politiko hori gizakiaren alderdi antropologikoarekin ere topatzen da, eta ikuspegi irekia dutenez, prest daude aldaketa antropologiko horiek dakartzaten erronka berriei aurre egiteko. 
 
Reggio Emiliako esperientziaren bi zutabe garrantzitsuenek —enfokearen irekitasuna eta mugak gainditzeko borondatea— sostengatzen dute bertako hezkuntza-politikaren xedea: haurtzaroa ikusgarri bilakatzen saiatzea, umeen eskubideak defendatzea eta haurraren gaitasunak sustatzea. Testuinguru horretan, zer nolako rola jokatzen dute Reggio Emiliako haur-eskolek? Euren esperientzia hezitzailea kokatzen eta esperientzia horren gaineko pentsamendua lantzen saiatzen dira Reggioko haur-eskoletako langileak galdera epistemologiko horri erantzunez. “Ikusi behar dugu ea eskola kultura transmititzera mugatzen den edota kultura eta demokrazia parte-hartzailea eraikitzeko leku bat ere izan daitekeen”. Hortaz, erronka izugarria dutela uste dute Tedeschik eta Spaggiarik: eskola beti dinamika eta jarduera berberak eskaintzen dituen gune gisa ikusi ordez, izaki pentsalari batek bezala funtzionatzen duen espazio moduan ikusten ahalegintzen dira, esperimentatuz, arriskatuz eta egunero berrikuntzak txertatuz.
 
Eguneroko praktikari ematen dioten garrantziaren ondorioz, ez dute uste heziketa-eredu ofizialek edota unibertsitateek gero eskoletan esperimentatzeko teoriak egin ditzaketenik, baizik eta alderantziz. “Beharbada anbizio handiz”, Reggio Emilian pentsatzen dute praktikatik ateratzen dela teoria. Edo behintzat praktika eta teoria elkarrekin estuki loturik egon behar dutela. Eta subjektu biak, hau da, eskolak eta unibertsitatea maila berekotzat jotzen dituzte. “Howard Gardnerren ideia bat erabiliz, esango nuke, Reggio Emilian benetako unibertsitatea haur-eskolen gainean hazten ari den eskola dela”, argitzen du Tedeschik, eta erakunde desberdinen arteko elkarrizketa eta sinergia aldarrikatzen du; beti ere, dokumentazioan, hau da, eguneroko praktikako ebidentzietan oinarrituko dena eta argudiatzeko aukera emango duena.
 
Eskola leku publiko gisa hautematen dute Reggio Emilian, topagunea da, eztabaidarako eta elkarrizketarako espazioa, haur eta hezitzaileek (langile guztiak hartzen dira hezitzailetzat baita garbitzaile edota sukaldariak ere) familiekin, auzotarrekin edota komunitate osoarekin batera parte hartzen duten tokia. Hortaz, haur-eskolen esperientzian ere hasieratik elkarrizketari bidea egiten saiatu dira, komunitateko kide guztien arteko komunikazioari ateak irekitzen. Argi baitute eskola ­ezin dela ulertu jakintza eraikitzeko ­eta pentsamendua lantzeko eremu bat bezala, baldin eta ez badago elkarrizketan oinarritua. Jakintza hori komunitatearekin elkarrizketan jarri behar dela gaineratzen dute, alegia, eskolak eta komunitateak oso lotura dinamikoak eta etengabeak aurkitu behar dituztela elkarrekin hazi ahal izateko.
 
Komunitate osoaren parte-hartzearen eta elkarrizketaren bidez, eskola elikatu egiten da eta etengabe eraldatuz eta eraikiz doa. Topaketa filosofiko edota teorikoak egin ohi dituzte, baina baita bestelakoak ere. Familiak eskolara joaten dira laguntzera: adibidez, eskolarako behar diren mahai edo bestelako altzariak egitera edo konpontzera, sukaldean aritzera, materiala prestatzera… azken batean, era bateko edo besteko ardurak hartzen dituzte komunitatearen barruan. “Arduraren kontua oso garrantzitsua da guretzat. Izan ere, gure esperientziaren oinarri filosofikoetariko bat da. Familien eta publikoa den horren arteko lankidetza nola bultzatu gogoeta egiten dugu etengabe. Familiek euren errentaren arabera kuota bat ordaintzen dute, baina horrez gain, aukera daukate lanaren bitartez, praktikak ­eginez edota tailer eta hitzaldietan parte hartuz eskolako partaide izateko, ­eta bide batez, loturak sendotzeko”.
 
Ezagutzaren autoeraikuntza eta harremanak, oinarri
 
Zer da umea eta nola osatzen da jakintza? Hirian hezkuntzari ematen zaion garrantzitik eskola barruko jarduerara salto eginez, galdera horren inguruko hausnarketan oinarritzen dute Reggio Emiliako haur-eskolek euren egunerokoa. Brunerren teoriei jarraiki, galdera horri ematen zaien 
erantzunek eragin politiko eta soziala izan dezakete. Izan ere, hark zioen bezala, pertsonek jakintza modu sozialean autoeraikitzen dutela sinetsiz gero, horrek eragin zuzena du eskola hautemateko moduan. “Guk urte askoan eztabaidatu dugu gure ereduaren inguruan. Guk, hasteko, argi dugu umea izugarrizko gaitasunekin, sekulako potentzialitatearekin jaiotzen dela. 100 hizkuntzen teoriak dioen bezala, nahi adina hizkuntza ikasteko ahalmenarekin jaiotzen delako”. Haurra berezko gaitasunak dituen pertsona bezala hautemateaz gainera, Brunerren teoriaren arabera, haurrak berak eraikitzen du ezagutza eta jakintza, baldintza egokiak eskaintzen bazaizkio. Umeari buruzko irudi horrek iraultza bat eragin du Tedeschiren esanetan, bai heziketa ulertzeko moduari dagokionez eta baita hezitzailearen eta eskolaren paperari dagokionez ere. 
 
Haurrak berez izugarrizko gaitasunak dituela eta jakintza autoeraikitzen duela kontuan hartzeaz gain, Brunerrek zioen moduan, giza izatearen beste alderdi batean ere jartzen dute arreta Reggio Emiliako haur-eskolek: haurrek besteekin harremanak izateko duten premian, hau da, haurraren sozializazio nahian. Lehenik eta behin, helduaren beharra duela uste dute, haurrak alboan behar duela beraz arduratuko den heldua. Baina haurraren eta helduaren arteko harreman horretan bada oso kontuan izan beharreko gako bat Tedeschiren irudiko: “Helduak haurrari hazten jarraitzeko gogoa izan dezan espazioa zabalik uzten dio ala heldua bera bilakatzen da mundu bakar haur horrentzat?”. Auzi horren inguruan teoria bat baino gehiago dauden arren, Reggio Emilian erreferentziazko helduaz hitz egin baino nahigo dute erreferentziazko testuinguruaz hitz egitea, haurrarentzat abegitsua, atsegina eta segurua izango den eremu bati buruz, hain juxtu. Eredu horren arabera, heldua testuinguru horretako parte izango da, baina erreferentziazko testuingurua helduek ez ezik, haur-eskolako beste umeek, espazioak, objektuek, usainek, koloreek, materialek… ere osatuko dute. Malaguzziren esanak gogora ekarriz Tedeschik dioen moduan, helduak umearekin duen harremanaren oinarria haurrari aurrera egiteko gogoa piztea izan behar da, eta ez umeari mundurako ateak ixtea. “Bestearekiko topaketan funtsezkoa da gure pasioari lekua emate, baina besteari espazioak irekita utziz. Erreferentziazko testuinguruan heldua testuinguruaren parte egiten da. Heldua testuinguruan dago, espazio horretan ez dagoenean ere, hau da, helduak egoera batzuk sortzen ditu eta espazio horiek eta testuinguru horiek mantendu egiten dira helduak espazioa uzten duenean ere”. Hortaz, haurrak erreferentziazko testuinguruko elementu guztiekin harremanean eta elkarreraginean egongo dira eta hori ere euren jakintzaren autoeraikuntzarako gako garrantzitsua izango da. 
 
Bi oinarri horiek kontuan izanik —haurrak berezko gaitasunak dituelako jakintza autoerakitzen duela eta besteekin harremanetan egotea bilatzen duela— eraikitzen dute Reggio Emilian eguneroko jarduna. Talde-lana eta kalitatezko arreta indibidualizatua uztartzen saiatzen dira. Horretarako askatasuna da euren jardunaren giltzarrietako bat. Erreferentziazko testuingurua egoki landua eta osatua badago, haurrak gai izango dira bakarrik aritzeko eta euren ezagutza eraikiz joateko. Horrexegatik, Reggio Emiliako eskoletan jakintza ez dute gaika banatzen 
eta ez dute ordutegirik, ezta liburu magistralik ere. Ez daukate banakako mahairik, ez oholtza eta arbel estatikorik. Horren ordez, talde handitan, txikitan nahiz indibidualki lan egiteko tokiak dituzte, txokoak eta tailerrak: erosketa-gunea, mozorroak eta antzokia, arte-tailerra, sukaldea, baratza… Haurrei nahi eran batetik bestera joaten utziz jarrera aktiboa eta arduratsua sustatzen saiatzen dira, eta haurrek euren erabakiak hartzeko gaitasuna lantzen dute. Jantokiaren adibidea jartzen du Tedeschik: haurrak lauzpabosnaka esertzen dira mahaietan, eurek jarri eta jasotzen dute mahaia; janaria ere eurek aukeratzen dute eta nahi dutenetik nahi adina hartzen dute. 
 
Espazioei sekulako garrantzia ematen diete Reggio Emiliako haur-eskoletan haurrek jakintza modu sozialean autoeraiki dezaten. Spaggiarik esplikatutako moduan, espazioak oso pentsatuta daude umeen arteko nahiz ume eta helduen arteko harremanak sustatzeko. Eremu ireki eta zabalak lehenesten dituzte, estetikoki atseginak, erakargarriak eta abegikorrak. Horren adibide da bertako eskola guztietan egon ohi den plaza: topagune publikoa da, adin guztietako haurrak elkartzen diren tokia, elkarrekin nahiz guraso, irakasle eta auzotarrekin harremanetan egoten diren lekua: “Hiriko enparantzen funtzio  berbera betetzen du. Jendea elkartzen da bertan, ideiak partekatzen dira, eztabaidak gertatzen dira eta pertsona ezberdinen arteko topaketatik jakintza eta ezagutza berriak sortzen dira”. Kanpoko espazioek ere funtzio esanguratsua jokatzen dute Reggio Emiliako haurren heziketan, nola eskolako patioak, hala hiriko nahiz bestelako inguruneek. Haurrak, batetik, naturarekin kontaktuan daude —zuhaitzak, belazeak, adarrak, lurra, ura, landareak, barazkiak, fruituak…—, eta bestetik, auzoko nahiz hiriko gune ezberdinak ezagutzen dituzte eta beroietan parte hartzen dute.  
 
Gardentasuna da espazioa egituratzean kontuan izaten duten beste ezaugarri bat. Reggio Emiliako haur-eskolako hormak gardenak dira eta edonork murruen beste aldean egiten ari direna ikus dezake. “Haurrek besteak ikusiz asko ikasten dute, baina ez hori bakarrik, ikusten duten horretatik abiatuz ideia berriak sortzeko ere balio du gardentasun horrek”. Gainera, haurrak toki batetik bestera libreki mugitzen direnez, paretaren beste aldean gertatzen ari dena ikusteak, zer egin 
edota nora jo erabakitzen lagun diezaiekete.  
 
Helduak espazio horren egituraketan esku-hartzen du. Bere zeregina haurrari bideak irekitzea da, hala haurra inguruaz haratagoko mundu batera igaro ahalko baita eta datuaz haragoko errealitateak irudikatu ahalko baititu. Horretarako, argi-itzalekin, proiekzio desberdinekin, horizontalki nahiz bertikalki jarritako ispiluekin, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerekin… jokatzen dute.  “Gure egitekoa da haurrari bere ikuspegia zabaltzea eta beste errealitate batzuk 
imajina ditzan bitartekoak eskaintzea. Nola zabaldu dezakegu haurrek momentu batean bizi duten esperientzia? Nola eman diezaiokegu jarraikortasuna haurra bere baitan eraikitzen hasi den historia horri? Galdera horiek uneoro presente izan behar ditugu, eta umeei prozesu horretan lagundu”.  Eskolaren egitura arkitektonikoak berak ere horretan asko laguntzen du. Izan ere, espazio itxi eta irekiak dituzte, eskailerak, aldapak, solairu desberdinak… errealitate berberari hainbat tokitatik —goitik, behetik, albo batetik— begiratzeko guneak eskaintzen dizkie eskolak eta horrek ikuspegia zabaltzeko aukera emate die.
 
Aurrez prestatutako espazio eta giro horretan, haurrek egunero esperientzia eta bizipen desberdinak izaten dituzte. Euren kabuz jardunaz, bizipen horietatik ikasten dute. Ikaskuntza benetakoa izan dadin, norberak esperimentatu behar duela uste baitute Re­ggio Emilian, norberaren gorputzetik eta emozioetatik pasa behar dela teoriak dioena benetan jakintza bilaka dadin. “Haurra bere jakintza eraikiz doa, baldin eta horretarako bitarteko egokiak baditu. Baliabideak taxuz aukeratu eta erabiltzen asmatzean dago hezitzailearen zeregina”.
 
Lehen Hezkuntzara jauzia
 
Heziketan aukera politiko eta etikoak egiteaz gainera, aurrera egingo bada arriskuak ere hartu egin behar direla argi dute Reggio Emilian. Eta arriskatu egin dira: orain dela sei urte urrats garrantzitsu bat egin zuten eta Lehen Hezkuntzan ere (6-11) orain arte 0-6 zikloan erabiltzen zuten pedagogia berberarekin hasi dira lanean: talde-lana eta umeak bere kabuz jakintza eraikitzeko duen gaitasuna oinarri hartuta egituratzen dute ikaskuntza, ikasgairik eta ordutegirik gabe, gela itxirik eta pupitrerik gabe, ezagutzarako prozesua modu holistikoan bideratuz. “Bilgunea, negoziazioa, elkarrizketa, harremanak, ideiak sortzea… hori guztia garrantzitsua da, baina beste zerbait ere erantsi geniezaioke horri; pentsamendu ekologiko edo sistemiko bat sortzea, Reggio Emiliatik haratago doana. Baina zein zentzutan sistemikoa? Harremanak harmonizatzen dituelako eta parteen arteko erlazioei balioa ematen dielako eta dena barne hartzen duelako: haurrak, heldua, baliabideak, eskola, hiria…”.