Nola egiten diete irakasleek eta eskolek aurre, egunero-egunero, LOMCEren ereduari?

2015-02-09

LOMCEri aurre egin eta Euskal Herrirako hezkuntza propioa eraikitzeko “GURE GIDA” izeneko txostena argitaratu zuten 2014ko udaberrian hainbat hezkuntza eragilek: Sortzen-Ikasbatuazek, Ikasle Abertzaleak, Ikastolen Elkarteak, ELAk, LABek, EILASek, UEUk eta Hik Hasik. Bertan, ildo pedagogikoa eta arlo kurrikularra zehazteaz gainera, Espainiako hezkuntza erreformak dakartzan ondorioak ekiditeko edota murrizteko hainbat proposamen egiten dira.

 
 
Nola egiten diete irakasleek eta eskolek aurre, egunero-egunero, LOMCEren ereduari?

Euskal Herriko hezkuntza propioaren eredua eraikitzen eta indartzen jarraitze aldera, justizia sozialean oinarritutako eredu pedagogiko inklusiboa  eta oinarrizko konpententziak ardatz dituen euskal curriculuma proposatzen dira.

Gida argitaratu berritan, LOMCEri aurre egiteko proposatzen ziren neurrien artean “desobedientzia” hitzak, hau da, “estatuak inposaturiko kanpo ebaluaziorik ez egiteko” irizpideak hartu zuen protagonismorik handiena. Eta, hein batean, ingurune askotan eztabaida neurri horren gaineko gogoeta egitera murriztu zen. Gidan, baina, irakasleek zein ikastetxeek euren eguneroko jardunean txerta ditzaketen —eta txertatzen dituzten— hamaika ekinbide jorratzea ere proposatzen da. Labur bada ere, Euskal Herriko ikastetxeetan egunero aplikatzen diren praktika on horiek zerrendatu nahi genituzte hurrengo lerroetan. Nork bere lanaz hausnar dezan, eta ikus dezan eguneroko praktikarekin nola ari den sustatzen hezkuntza-eredu berdinzale, parekide eta euskaldun bat, eta era berean, eguneroko praktikan LOMCEren hainbat alderdiri aurre egiten. Azken batean, galdetegi hau irakasle eta eskola bakoitzari bere jardunaren gaineko gogoeta egin, eta norbere eskolaren indarguneez nahiz ahulguneez ohartzeko balioko dion erreminta izatea nahi genuke.