Negarra, haurraren lehen erreminta
Haur txikiak bizirauteko baliabidea du negarra, Alexander Barandiaran Huheziko irakaslearen arabera, bere kabuz ase ezin dituen beharrak, izan fisiologikoak edo psiko-afektiboak, aseko dizkion heldua erakartzeko tresna.
Mailu baten antza du haurraren negarrak. Ez da melodikoa, ez da gozoa; sarkorra da, are mingarria. Ez da kasualitatea. Helduarengan jokabide bat aktibatzeko erreminta da negarra haur jaio berriarentzat. “Haurraren negarraren morfologia estridente horrek, zaintza jokabidea aktibatzeko funtzioa du”, azaldu du Alexander Barandiaran Huheziko irakasle eta Psikologian doktoreak. “Haurrak, berez, jaiotzetik dakarren erreminta bat da negarra, irribarrea edota zizkadura diren bezala, heldua bere ondora erakartzeko eta bertan mantentzeko erabiltzen duen baliabidea da”.
Bizirauteko erreminta du, bada, haur txikiak negarra. Bere kabuz ase ezin dituen beharrak aseko dizkion heldua erakartzeko tresna baitu. Haurrak, gara dadin (“hazia haritz sendo bilaka dadin”) beharrezko du heldu esanguratsu batek behar fisiologikoak eta ondoren segurtasun beharrak asetzea. “Atxikimenduaren teoriak horrela esaten du —azaldu du Barandiaranek—: gizakiak, haziak, jaiotzerakoan, informazio genetiko guztia eta gaitasun erabatekoa dakartza haritz eder bat bihurtzeko; baina dena ez dago bere esku, testuinguruak berebiziko garrantzia du”.
Testuinguru hau, umearen kasuan, familia litzateke lehendabizi, gero eskola, eskola-komunitatea, herria… “Hazi hori gara dadin, egin behar duen lehen gauza heldu batekin lotura afektibo esanguratsu bat eraikitzea izango da, gizakia ‘egin gabe’ jaiotzen baita”. Garapen horretan, biziraun ahal izateko lotura afektibo esanguratsua eraikitzea gure espeziearen “estrategia” bat da, eta estrategia horretan negarrak duen funtzioa kontuan izanik, oso aintzakotzat hartzeko erreminta izan behar luke negarrak guraso eta hezitzaileentzat, Barandiaranen aburuz.
Moralitatetik biluztuz
Lantua, izatez, dei bat da, “ebolutiboki berengana joan daitezen garaturiko estrategia bat da”, mina, gosea, zikina, nekea... adierazten dio haurrak helduari negarraren bidez, baina baita segurtasuna, gertutasuna eta maitasuna eskatzen ere, behar fisiologikoak asetzea bezain garrantzitsu baitu behar afektiboak asetzea. Alta bada, moralitateak, gizarteak eta kulturak haurraren beharrekin ez eta nahikari eta intentzionalitateekin lotu izan dute negarra, eta horrek modu batera edo bestera jokatzera daramatza guraso eta hezitzaileak. “Gure moralitatetik eta kulturak eraikitakotik biluzten bagara, negarrez ari den haurraren ondora joatera eta hartzera eramango gaitu negarrak, autoerregulatzen den sistema bat baita: haurrak negar egiten du heldua erakartzeko”. Negarrez ari den haurra besoetan hartzean biziatu egiten dela esatea gizartearen moralitatearen araberako aurreiritzi bat da, irakaslearen aburuz, “umeari buruzko irudi fidakaitz bati erantzuten diona”. Barandiaranek ikusten du negarraren inguruan deskonfiantza handia dagoela eraikia sozialki, “baina haur txikiak ez dauka intentzionalitaterik, haurrak beharrak ditu”. Beraz, haurraren negarra ulertzeko, lehenik eta behin moralitatetik eta aurreiritzietatik biluztea gomendatzen du Psikologiako doktoreak.
Kulturalki negarrari buruz transmititu izan diren ideiek pisu handia dute zaintzan eta hazieran oraindik ere, eta guraso asko negarraren aurrean nola jokatu asmatu ezinik ibiltzera edo erantzuna saihestera daramatzate aurreiritziek. Alta bada, helduak haurraren negarrari ez eran-tzuteak ez du esan nahi beharra desagertzen denik, ez behar fisikoa eta ezta behar afektiboa ere, gertutasun eta segurtasun beharra ere. Haatik, helduak haurraren negarrari erantzuten ez dionean haurra helduarekiko irudi intsegurua ari da eraikitzen. “Haurrak negar egiten duenean, eta beretzako esanguratsua den heldu hori etortzen zaionean, bere beharren aurrean erantzun bat jasotzen duela barneratzen du, eta horrek segurtasuna eta konfiantza ematen dizkio; bai helduarekiko eta baita bere buruarekiko ere; aldiz, erantzunik jaso-tzen ez duenean, edo negar egiten uzten diotenean, intseguritatearen gainean hazten eta hezten ari da, intseguritatean eraikitzen ari da helduarekiko harremana eta ondorioz norbere buruarekikoa ere”. Segurtasuna garapenean beharrezkoa den heldulekua du umeak: “Biziraupen psikologikorako segurtasuna behar du haurrak”.
Batzuetan, ordea, negarra instrumentalizatu egiten da, beste edozein jokabide bezala. Berezko negarrak haurrak behar bat duela esaten du, izan hotza, zikin dagoela, beldurra, intseguritatea... Barandiaranen esanetan, bizirauteko beharrei erantzuteko negarrak erantzunik jasotzen ez duenean, instrumentalizatu egiten da: “Helduak kasurik ez egiteak ez du esan nahi haurraren beharra desagertzen denik; negarra desagertu daiteke bai, baina horrek ez du esan nahi beharra desagertu denik. Orduan, haurrak beste estrategiaren bat erabiliko du helduaren arreta bereganatzeko. Horrela biziatu egiten da jokabidea eta negarra instrumentalizatu”. Goxoki bat eskatzen duen haurraren adibidea jarri du irakasleak: “Haurra negarraren instrumentalizazio bat ari da egiten; orduan zer, ez diot kasurik egingo? Ez, kasu egingo diot; baina horrek ez du esan nahi karamelua emango diodanik. Helduak bereizi behar du negarraren atzean noiz dagoen instrumentalizazioa eta noiz dagoen behar emozional bat, segurtasun behar bat, edo fisiologikoa…”. Helduak mugak jarri behar dituela dio Barandiaranek, bestela bere jarrerarekin negarraren instrumentalizazioa bultzatzen baitu: “Karamelua ez ematea muga bat jartzea da, bestela, haurrak ikasten du negarraren bidez nahi adina karamelu eskuratu ahal izango dituela eta negarra instrumentalizatzeak balio diola”.
Helduak, batzuetan, ezintasuna sentitzen du haurraren negarraren aurrean. Baina nola dago heldu esanguratsu hori, gurasoa edo hezitzailea, haurraren negarrari erantzun ezin badio? “Gurasoa ondo baldin badago, ez zaio irteten bere seme-alabaren negarrari ez erantzutea; gaizki baldin badago bai, norbere beharrak ase gabe baldin baditugu bai, eta gaizki tratatzerai-no iritsi gaitezke. Gurasoa ondo ez baldin badago, kontuz ibili behar da, negarrak zaintza aktibatu beharrean erasoa aktiba baitezake”. Eta gurasoentzat bezala, hezkuntzarako ere balio du negarrari buruz esanak; Barandiaranentzat, hezitzaileen kasuan ere arreta eskaini behar zaio negarrez ari den haurrari; “kontaktua eman behar zaio, beti segurtasun handiagoa sentitzen dugu kontaktua dagoenean, horrek ematen du segurtasuna. Helduen artean ere intimitatean, azala-azalarekin egiten ditugu harreman estuak. Batzuetan ezin da distantzian kontsolatu.”
Barandiaranentzat haurraren garapenean giltzarria da hasierako harremanak ondo eta segurtasunean eraikitzea, eta ondorioz negarraren erramintari arreta eskaintzea. “Gizartearen exijentziek zaildu egiten dute haurraren benetako beharrei erantzutea, baina nik uste dut merezi duela, aurrez lantzen badugu, ondoren gutxiago egin beharko baitugu. Gakoa da hasierako harremana ondo eraikitzea, haurraren beharrak asetzea eta segurtasuna eskaintzea. Gero, umea ondo baldin badago, hazten doan neurrian nahiago izango du esploratu, mundua deskubritu gurasoaren magalean egon baino. Heldu esanguratsuak portu segurua eskainiko dio umeari, baina nahiago izango du beste ume batzuekin jolastu. Bizioa dator benetako beharrak asetzen ez zaizkionean eta helduarekiko mesfidantza garatzen duenean”.