Benjamin Barandalla: "Gorputzari aukera emanez gero zer behar duen deskubritzeko, orduan denbora bat har dezakegu behar horiek asetzeko"

2015-09-15

Norbere gorputza ezagutzeko eta bere beharrak deskubritzeko,
mugimendua baliabide esanguratsua da Barandallarentzat; teoriatik eta
praktikatik abiatuta, ikastaroa eskaini du Hik Hasiren Udako Topaketetan, hezitzaile, gusaso eta irakasleei zuzenduta.

 
 
Benjamin Barandalla: "Gorputzari aukera emanez gero zer behar duen deskubritzeko, orduan denbora bat har dezakegu behar horiek asetzeko"

“Mugimendua bizi. Gorputzaren autonomia epairik gabeko jolas-guneetan” izenburu adierazgarria jarri dio Benjamin Barandallak Udako Topaketetan emango duen espresio-tailerrari; izenak jasotzen du ikastaroaren izanetik asko.

Hasteko eta behin, mugimendua bizitzea da tailerraren helburu nagusia. Mugimendua, gorputzari bere beharrak zein diren deskubritzen laguntzeko tresna gisa. Hori da tailerretan emango duten lehen urratsa: mugimenduaren bidez ikertzea gorputza, zer behar dituen ohartzeko. Eta, “gorputzari aukera ematen badiogu zer behar duen deskubritzeko, orduan denbora bat hartu dezakegu behar horiek asetzeko”, Barandallaren ustez. Era berean, mugimenduaren bidez “norberak bere gorputza den bezala ezagutzen du, eta hori da lehen urratsa den bezala onartzeko eta maitatzeko”.
Helburu horiek lortzeko, tailerra hartuko duen espazioak baldintza batzuk behar ditu: izenburuan aipatu bezala, lehen baldintza da epaia eta balorazioa espazio horietatik kanpo uztea. Izan ere, “epairik gabeko gune batean jendeak parte hartzen du beldurrik gabe, eta orduan aurki dezake bere burua”. Horrela, ez dago jarraitu beharreko eredurik eta inork ez die esaten zer egin behar duten, ezta norekin edo nola egin behar duten ere: askatasun osoa dute nahieran mugitzeko. Aukera du “jolasteko, bere beharrak zein diren ikertu eta azaleratzeko. Nire tailerretan, inork ezin dio besteari esan zure mugimendua gustatzen zait, edo ondo egin duzu, edo ez zait gustatu; parte-hartzaileek ez dute horrelako  epairik entzun nahi”.

Izan ere, Barandallaren helburua da parte-hartzaileei beraien beharrekin konektatzeko espazio bat eskaintzea, eta horretarako bakoitzak interes propioetatik egin behar du bidea, bere ustez. Eta, interesa, jolasarekin lotzen du Barandallak: mugimendu batek erakarriz gero, ondo sentituz eta gozatuz gero, interes horretatik norbere mugimenduen
ikerketa pertsonala jolas bilakatuko da. Eta, “lortzen badugu epairik gabeko espazio bat sortzea, zeinetan bakoitzak bere interesak ikertzen dituen, espazio hezitzaile bat ari gara eraikitzen, non harremanak oso onak diren eta ikasketa-prozesua bermatua dagoen. Izan ere, guztiak ari dira parte hartzen eta buru-belarri interesatzen zaien jarduera hori
egiten”.

Zentzu horretan, irakaskuntza arautuan ere mugimendu tailerren filosofia erabilgarria izan daitekeela uste du Barandallak, eta esperientzia eredugarri batzuk ezagutu ditu. Adibidez, historia ikasgaian, ikasle bakoitzari bere interesen arabera
ikertzen uztea: norbaitek musika biziki maite badu, musikaren historia has daiteke ikertzen. “Norbait hasten bada film bat ikusi duela eta Bigarren Mundu Gerra ikertzen, horren aurrekarien bila, segur aski, Lehen Mundu Gerra ikertuko du. Interesei azaleratzen uzten badiegu, ezin diogu ikasteari utzi, jakinmina mugagabea da”. Are gehiago, Barandallaren ustez, ikasteko modu bakarra interesatzen zaigun hori
ikertzeko aukera ematea da: “Ikastea da bizi izandako esperientzia bat barneratzea; eta barneratzeko bizi egin behar da”.

Baina, epairik, jarraibiderik, eredurik... gabeko gune batean, zein da hezitzailearen funtzioa? Prozesu hori egiten ari den pertsonaren bidelagun izatea, bere interesak sustatzea. “Baina beti pertsona horren atzetik, inoiz ez aurrea hartuta. Berak aurkitu behar ditu bere adierazteko beharrak eta horiek asetzeko bideak. Inportantea da hezitzaileak boterea ez hartzea; protagonistak partaidek dira”. Ildo horretatik, autonomia lantzeko bide bakarra “autonomiaz mugitzen eta bizitzen uztea da”.
Protagonismoa parte-hartzaileen esku utzita, beraz, “eskaintzen dudan espazioa baliogarria bada jendeak bere gorputza hobeto ezagutzeko, onartzeko eta maitatzeko, nire helburua beteta dago”.

Stern-en baldintzak

Arno Stern-ek bere pintura-tailerrean ezarritako baldintza edukatiboak hartu ditu abiapuntutzat Barandallak bere tailerretan, mugimenduaren diziplinara ekarrita. Honakoak dira baldintza horiek:

•Talde heterogeneoa sortu behar da. Ezaugarri desberdinetako pertsonekin, beraien arteko lehiak eta alderaketak desagertzeko. “Tailerrean sartzen den unetik bertatik konturatzen da bakoitza desberdina dela”. Beraz, jada ez da zerbait desberdina egiteko eta sortzeko beldur izango, desberdintasuna abiapuntuan bertan baitago.

•Epairik gabeko espazioa sortu behar da, jolasteko eta ikertzeko. “Konturatzen direnean egiten dituzten mugimenduak ez direla epaitzen, orduan ez daukate beldurrik mugitzeko eta ikertzeko. Inork ez die esaten zer egin behar duten, noiz edo norekin; libertate osoa daukate nahi duten moduan adierazteko.” Horretarako, espazio komunaren barruan bakarkako espazioa sortzea inportantea da, “modu horretan konektatzen baitu bakoitzak bere benetako beharrekin”. Mugimendu tailerrera etorrita, “bakoitzaren espazioa litzateke norberak bere mugimenduaren bidez sortzen duen eremu hori. Inor ezin da sartu espazio horretan. Demagun eskutik hartu eta niregana erakartzen zaitudala: mozten ari naiz zure gorputza hartzen ari zen bidea, zure espresio-bidea; nirekin jolasteko zure beharrei uko egin behar izan diezu”.

•Espazioa iraunkorra izango da. “Tailerrak hartzen duen espazioa ez da kontsumitzeko lekua: espazio finko eta iraunkor bat da, non gauzak ez diren aldatzen, baina zeinetan gauza desberdinak egiten ditugun”. Izan ere, introspekzio lana errazteko, kanpotik etor daitezkeen objektuen estimulazioa ahalik eta txikiena izatea nahi dute. “Beste mundu batean sartzen zara. Espazioa itxi egiten da, nolabait zu aske izateko”. Horregatik, mugimendu tailerretan ez da ispilurik egoten, norbera egiten ari den mugimendua kanpotik ikusi eta estetikoki baloratzeko arriskua sortuko bailukete ispiluek. Mugimendua bakoitzak sentitzen duenaren arabera baloratu behar da tailerrean: ondo sentiarazten bazaitu, segi mugimendu horrekin ikertzen eta adierazten.