Karolina Sainz de Bikuña: "Aniztasunaren aberastasuna"

2015-10-06

Egun ezagutzen ditugun azken datu ofizialen arabera, Euskal Autonomi Erkidegoko populazioaren erdia baino gehiago ez da “familia tradizionala” deituriko ereduan bizi. Sinestezina gure aitona-amona, baita gurasoen belaunaldientzako, baina gustatu ala ez, hauxe da bizi dugun errealitatea. Gure gizarteko familia gehienak ez dituzte ama, aita eta seme-alabek osatzen, eta eredu berrien kopurua abiadura bizian areagotzen ari da urtez-urte. Mundu osoan zabaltzen ari den egoera berri honentzat, soziologo eta adituek “trantsizio demografikoa” esamolde ponpoxoa asmatu dute.

 
 
Karolina Sainz de Bikuña: "Aniztasunaren aberastasuna"

Baina, zer da orduan, familia? Eta zer ari gara gure haurrei transmititzen? Eskola gehienetan, errealitateari ez dagokion erantzuna ematen ari dira. Eta hau kezkagarria da, hainbat arlotan gertatzen den moduan, errealitate soziala hezkuntza sistemaren aurretik doala frogatzen duelako. Ezagutzen diren datuen arabera eta inguruko hezitzaileei entzundakoaren ildotik, eskola gehienetan ikasleei oraindik erakusten zaien familia eredu bakarra, edo nagusia, tradizionala da.

Oraindik ere, zoritxarrez, aurreiritziz funzionatzen ai dira irakasle asko. Eta hemen dago arriskua, familia eredu bakarra erakustearekin batera, eredu horretara egokitzen ez diren ikasleak arriskuan jartzen baititugu: arraroak dira, estigmatizatu egiten ditugu betiko eskemen barruan sartzen ez direlako. Eta hau guztia haur horiek erasotzeko aitzakia paregabea izan daiteke.

Urtetan ikasi izan duguna barneratu, eta erabiltzen hasteko garaia da. Hau da, ezberdintasuna ez dela inolaz ere txarra. Alderantziz, aniztasunak aberastu egiten gaituela. Denak gara ezberdinak, eta horrek aberastu egiten gaitu. Are gehiago, ikasleei ezberdintasunaren aberastasunaz hitz egin behar diegu. Aniztasuna onar-tzeak errespetua dakar.

Gaur egun, familia mota ezberdinak ditugu gela guztietan: ama bakarra duten ikasleak, aita bakarra dutenak, ama eta aita bananduak dituztenak, bi ama edo bi aita dituztenak, atzerritik adopzioan etorritakoak, etnia ezberdinetakoak, eta abar.

Hori kontuan izanik, gezurra dirudi oraindik ere hainbat eta hainbat eskolatan gertatzen ari denak. Hortxe dugu erronka: eskola familiarekin batera gizarteratze prozesu garrantzitsuenetakoa izanik, nahitaezkoa da ikasle guztien familia eredua erakustea. Mota guztiak dira beharrezkoak eta errespetagarriak. Zoritxarrez, horri ez zaio gaur egun duen garrantzia ematen, haurrarengan izan ditzakeen ondorioak kontuan hartu gabe.

Bestalde, garrantzitsua da terminologia alda-tzea baita ere, gure bizikidetza aberasteko eta errealagoa izan dadin. Abesti tradizionalak, ipuinak, irudiak, posterrak, jolasak… moldatu egin behar dira, zenbait termino gehituz eta beste zenbait berriz, aldatuz. Ez da bidezkoa gelan, familia lantzerakoan, behin eta berriz, aita eta amaz bakarrik hitz egitea, eredu hau ez duten ikasleen familiak ukatuz.

Aniztasuna normalizatzen dugun neurrian, gizarteak ere hau horrela egingo du, eta baita haurrek ere. Ezin gaitezke atzean geratu.