ANTZUOLAKO HERRI-ESKOLA, autoelikatzen den eredu bizi bat

2015-10-22

30 urte baino gehiagoko ibilbidea du Antzuolako Herri Eskolak. Konstruktibismoaren teoriarekin harremanetan jarri ziren hasiera hartan, eta orduz geroztik garaian garaiko pedagogietatik edanaz joan dira. Baina, batez ere, euren eguneroko praktikaren gainean hausnartuz eta teorizatuz etengabe hobekuntzak txertatu dituzte. Esperientzia hori deskribatzeaz gain, haren inguruko marko teorikoa jaso du Xabier Arregi MUko HUHEZI fakultateko maisuak “Antzuolako Herri Eskolaren eredu pedagogikoa” izeneko doktorego-tesian

 
 
ANTZUOLAKO HERRI-ESKOLA, autoelikatzen den eredu bizi bat

Kultura, auzolana, esperientzia, praktika pedagogikoa, bizipenen multzoa… horietako edozein hitzen bidez deskribatu ahalko litzateke Antzuolako Herri Eskola, baina “eredu” hitza aukeratu du Arregik hango eskolako esperientzia erakusteko eta azaltzeko. Ez da, ordea, eredu itxiaz ari, etengabe bere burua elikatzen duen eredu bizi, ireki eta dinamiko batez baizik. Hala dio: “Filosofia oso bat dago Antzuolako Herri Eskolan egiten dutenaren atzean, eta hori jaso nahi izan dut nik. Gaur egun, hezkuntzaren arloko ikerketak begirada globalak egitea eskatzen du eta horretan saiatu naiz. Irakaslearen jarduna, metodologia eta gelako harremanak aztertzea baino konplexuagoa da hori; finean, komunitate batean sortzen den kulturaz ari baikara”.

Antzuolako Herri Eskolan proiektuak nola lantzen zituzten aztertzeko asmoz hasi zuen Arregik ikerketa. Berehala konturatu zen, ordea, horren atzean irakaslearen antolatzeko eta jarduteko modua dagoela, eta, aldi berean, galdera sakon bati erantzuteko nahia: “Zergatik egiten dut egiten dudan hau?”. Horrek ikuspegi globalagoa hartzera eta Antzuolako Herri Eskolako esperientzia ahalik eta modu osoenean azaltzera eraman zuen. Hala, DBHko 5. mailako gela ikerketarako oinarri hartuta, hiru galdera nagusiri erantzuten saiatu da tesian: 1. Zer pentsatzen dute Antzuolako Herri Eskolan hezkuntzaren inguruan? 2. Nola antolatzen dira? 3. Nola funtzionatzen dute euren egunerokotasunean? Hainbat arrazoi tarteko erabaki du Arregik tesia Antzuolako eskolaren inguruan egitea. Hasteko eta behin, Antzuola aspaldian dutelako erreferentzia-tzat HUHEZIn, eta ikasleekin hainbat eskola-eredu aztertzeko orduan ere ondo datorkielako sakontasun handiagoz ezagu-tzea horrelako esperientziak. Bestetik, gaur egun bogan dagoen “eredu eraikitzailearen” baitan koka daitekeelako An-tzuolako kasua. Eta bukatzeko, hango eskolan egin duten lana errekonozitzeko.

Antzuolako esperientzia kontatzea ez zaio samurra egin Arregiri, akaso, ez delako “egitura teknologikoa” duen eredu bat, hau da, sorburutik ez dagoelako hain egituratua eta programatua, eta egin ahala eraikitzen delako, behetik gora: “Antzuolakoa batez ere bizipena da, eta bizipen horren araberakoa da egiten den ibilbidea”. Ereduaz mintzo bada ere, Arregik argi dio Antzuolakoa ez dela beste edozein tokitara estrapola daitekeen zerbait, bertako hezkuntza komunitateak eraiki duen ikuspegi bat baizik: “Hutsetik eraiki dute, ez soilik praktika modu bat dutelako, baizik eta antolatzeko modu bat dutelako, euren artean eztabaidatu eta hausnartu egiten dutelako, egindakoa erakutsi eta publikatu egiten dutelako, eta jarduteko modu hori etengabe elikatzen doalako”.

Azken boladan ezagun egiten den korronte berri baten barnean koka daiteke Antzuolako eredua Arregiren aburuz: soziokonstruktibismoan, hain zuzen. Denen artean taldeko bizitza eta pentsamendua, poliki-poliki, eraikitzen joateari deitzen zaio horrela, bakoitzak bizitzako esperientzia horien inguruan egiten dituen narrazioen bitartez. “Norberak bere bizipenak partekatuz eta guztiok guztionetik elikatuz, denon artean eraikitzen dugu bai ezagutza, bai gure bizitza, bai komunitatea…”. Horrexegatik, Antzuolako Herri Eskolan eurek irudikatzen duten gizarte eredugarria nolakoa, halako jarduna egiten saiatzen dira, hau da, amesten duten mundu horren simulazioa egiten dute egunero. Eta testuinguru horretan, haur bakoitzaren garapenari ez ezik, taldearenari ere berebiziko garrantzia ematen diote.

Hezkuntzak eredu tradizionaletik eredu teknologikora jauzi egin duela argudiatzen du Arregik, eredu horretan konpetentziei, helburuei, prozedurei… sekulako garrantzia ematen zaiela eta horrek gerora gelan egingo dena baldin-tzatzen duela. Hots, aurrez guztia “programatuegi” dagoela: “Ikasleak ezagutu gabe eta nondik abiatzen garen jakin gabe, nola eduki nezake aldez aurretik zehaztuta nora heldu nahi dudan?”. Errealitate horren aurrean, Arregik uste du Antzuolako ereduak badituela zantzuak eskola batek zer-nolako eboluzioa izan beharko lukeen erakuts dezaketenak. “Antzuolako ereduak orain dela 30 urte eta orain ez dauka zerikusirik. Asko aldatu da, hain juxtu, ikerketak egiten joan direlako eta maila teorikoan ateratako ondorioak pixkanaka euren esperientzian txertatu dituztelako. Garaiak aldatzen dira eta eskolak ere aldatu behar du”.

Hezkuntza, haurraren eskubidea

Antzuolako Herri Eskolan kontuan izaten duten lehen printzipioa haurraren ongizatea bermatzea da. Izan ere, uste dute hezkuntza haurraren eskubide bat dela eta eskubide horri erantzunez jardun behar dutela. Premisa horri loturik, Arregik tesian jaso bezala, badute ikuspegi kultural oso bat ere: “Haurraren ongizatea bermatuko badute, kontziente dira bizi garen mundu hau ulertzeko tresnak eskaini behar dizkietela”.

Arregik gaineratzen duenez, eskolan ikuspegi kultural hori lantzeko, gizarteak kultura eraikitzeko jarraitu duen antzerako bide bat egiten dute: “Eta, nola egin dugu guk gizartean bide hori? Bada, munduaren inguruan eta gure bizitzaren inguruan galderak egin eta galdera horiei erantzuten saiatuz, galdera guztiak baliagarriak izanik”. Izan ere, ikuspegi guztiak onartzea, partekatzea eta horien gainean hausnartzea eta ezagutza eraikitzea da Antzuolako esperientziaren ezaugarri nagusietariko bat.

Zenbait eredutan berehala okertzat jotzen dira erantzun batzuk; Antzuolan, ordea, ez. Ekarpen guztiak onartzen dira, irakasleek ez dute sekula esaten “hau ondo dago eta hori gaizki”, baizik eta ikasleak eurak, bakoitzaren interesen arabera, erabakitzen dute erantzun horietatik zein duten gogokoen. Funtsean, Antzuolan uste dute pertsonok baditugula ideiak eta horiek elkarrekin kontrastatuz eraikitzen dugula gure errealitatea, baita taldearena ere. Era berean, ezagutzaren eta kulturaren eraikuntza horretan adituen ahotsak tartekatzen dituzte, historikoki kokatuta. Gaia bere testuinguruan aztertzen saiatzen dira hala. Aristotelesen adibidea jartzen du Arregik: “Galdetzen dute garai eta gizarte hartan Aristotelesek zer-nolako kezkak izango zituen galdera edo hausnarketa mota haiek egiteko. Horren atzean bada etengabe planteatzen duten ikuspegi historiko-kultural bat, Aristotelesen buruan jartzeko, ezinbestean, orduko errealitatea nolakoa zen ulertu behar baita”.

Testuinguru horretan, gela barneko komunikazioa da An-tzuolako Herri Eskolan hezkuntza hautemateko duten moduaren elementu indartsuenetariko bat. Ikasleen eta irakasleen arteko elkarrizketan “benetan” komunikatiboak diren egoerak sortzen dituzte, ikasketa-prozesuan aurrera egitea ahalbidetzen dietenak. “Esate baterako, nik ikerketa egin nuen aldian gizakiaren eboluzioa aztertu zuten ikasleek: zer esaten zuten Darwinek eta Lamarquek? Zergatik hasi ziren auzi horien inguruan pentsatzen? Nola sailkatu behar ditugu animaliak? Zertarako balio digu horrek guztiak?”. Elkarrizketa kultural sakonak egiten dituzte Antzuolan, Arregiren esanetan. Eta, noski, horiek sor daitezen aurrebaldintza aproposak jartzen dituzte.

Antzuolako Herri Eskolan hezkuntzari buruz duten ikuspegiaren barnean bada bereziki zaintzen duten beste arlo bat ere: curriculumarena, hain zuzen. Arregik adierazitako eran, curriculuma zerbait bizia balitz bezala ulertzen dute. Prozesukako curriculuma hitza erabiltzen dute definitzeko, hau da, egin ahala zehazten den curriculuma. Hasieran, asmo eta helburu batzuk finkatu arren, ikasleen interesen eta gelako errealitatearen arabera, ikasturteak aurrera egin ahala curriculuma berreraikiko dute guztien artean. “Aurrez aipatu dugun eredu teknologikoan badira helburu jakin batzuk, eta haurrak, nahitaez, helburu horiek erdiestera bideratu behar dira. Antzuolako ereduan, aldiz, nahiz eta aurrez curriculum bat izan, baldin eta jomuga haurraren ongizatea bada, hasierako curriculum hori haurraren premia, nahi, desio, galdera, etab.-ekin alderatu eta uztartu beharko da. Horregatik diogu curriculuma, erabat, ikasturte amaieran zehazten edo ixten dela”.

Antolaketa, ikasleen premietara egokitua

Hezkuntza ulertzeko dituzten printzipioen araberakoa da antolaketa Antzuolako Herri Eskolan, eta ez alderantziz. Alegia, haurrekin esperimentatzen, ikertzen eta hausnar-tzen joan dira, eta prozesu horretan antzemandako beharrak asetzeko antolatzen dira antolatzen diren moduan.

Antzuolako Herri Eskolak, oro har, beste edozein eskolak izan ditzakeen antzeko egiturak ditu. Horretan ez dago aldaketarik. Baina desberdina da, esate baterako, irakasleek nola antolatzen duten euren dedikazioa. Irakasle guztien orduak zaku berean sartzen dituzte eta ikasturte horretarako aurreikusten duten errealitatearen arabera, finkatzen dute irakasle bakoitzaren jarduna. Hasteko eta behin ikasle-talde bakoitzeko irakaslerik aproposena zein izan ote daitekeen ikusten dute, eta bestetik, zenbateko denbora eskaini beharko litzaiokeen talde horri. Gainera, zaku horretatik bi pertsonaren “liberazioa” ateratzen dute: bata HHrako eta bestea LHrako. Irakasle laguntzailearen figura osatzen dute bi horiek, koordinazio eta aholkularitza lanak egiten dituzte nagusiki. “Ez daukate tutoretzarik, baizik eta ziklo osoaren ardura”.

Era berean, bi irakasle horiek laguntzarako irakasleak ere badira eta gelaren batean beste irakasle baten beharra dagoela ikusten badute bi horietakoren bat sartzen da. “Bi irakasle horien figura oso inportantea da Antzuolan. Ulertu behar da testulibururik ez dutenez materialak sortu egin behar direla, haurrek planteatutako galderen arabera jarduerak diseinatu behar direla, gelan gertatutakoaren inguruan hausnartu behar dela… Eta, prozesu horretan, poliki-poliki joan dira ikusten bi irakasle laguntzailerekin hobeto funtzionatzen dutela. Horrexegatik diot dituzten premien arabera erabakitzen dutela antolaketa”.

Egunerokoan, zer eta nola?

Gai globalen bidez egiten dute lan Antzuolako Herri Eskolan, eta gai horren barruan hainbat ikerketa-ildo lantzen dituzte. Arregik esplikatu bezala, bertako irakasleek uste baitute modu horretan nahi adina jakintza-arlo edo hezkuntza-dimentsio jorra di-tzaketela haurrekin. “Esate baterako, aurrez aipatu dudan gizakiaren eboluzioaren gaia, ‘izaki bizidunak’ gai orokorragoaren barnean jorratu zuten”.

Ikasturte atarian, ordea, ez zekiten gai orokor hori zein izango zen. Kontua da Zuatzara egin zutela irteera ikasturte hasieran eta ikasleek bertan izaki bizidunen gaineko jakin-mina azaldu zutela, eta hari tiraka hasi zirela gaia lantzen. “Ikasleengandik, euren interesetik abiatutako zerbait izan zen. Eta hala izaten da kasu guztietan”. Hain zuzen ere, horixe da Antzuolako ereduaren beste ezaugarri garrantzitsu bat: haurrek dituzten nahietatik eta egiten dituzten proposamenetatik abiatzen dutela ikerketa eta ikaskuntza-prozesu oro.

Behin gai nagusia edukita, poliki-poliki egiten dute bidea: “Jakingo genuke nola zaindu animaliak gelan bertan? Eta alboko aretoan animaliategia bat sortzen badugu?”. Hala, animaliak ekartzen dituzte gelara, ikusten dute animaliek zer behar duten bizitzeko, animaliategia garbi mantentzeko antolatzen dira, janaria ekarri eta kontrolatzen dute… Eta, gainera, bizitakoaz hitz egiten hasten dira: “Eta nola aztertu ditzakegu animalien ezaugarriak? Zein ezaugarri dituzte? Zeren arabera sailkatzen dira?”. Hala esplikatzen du Arregik: “Horrek garamatza sailkapenetara eta ikustera liburuetan animaliak era batera edo bestera daudela sailkatuta, eta horrek garamatza eboluzioaren gaira. Gainera, gai orokorraren barruan izaki berezi batzuk, perretxikoak hain juxtu, lantzen ditugu, ikasle batzuek horiek ikertzeko nahia azaldu dutelako. Eta orduan haur batek albiste bat ekartzen du: ‘Munduko izaki bizidunik handiena Kanadako onddo bat dela, 9 milioi metro koadroko hedapena duena’, eta horrek garamatza beste proiektu batera; ikustera onddo horrek zenbat lur hartzen duen, hau da, zenbat diren 9 milioi metro koadro horiek”.

Haurren interesetatik abiatzeaz gain, gai globalen arabera eta proiektuka lan egiteak eta curriculuma modu irekian ulertuz jarduteak, ikasle bakoitzaren nahietara, erritmora eta mailara egokitzeko aukera ematen diela argudiatzen du Arregik. Eta, gainera, sarri, curriculumak zehazten dituen xede, eduki, prozedura, eta abarretatik harago joateko parada izaten dutela: “Antzuolak garbi erakusten du, beharra dutenean eta modua sortzen denean, curriculumak zehazten dituen baino eduki eta pentsamendu konplexuagoetan ere sar daitezkeela. Noski, ziur asko ikasle guztiak ez dira maila edo sakontasun berberera helduko, baina Antzuolan gehien inporta duena bakoitzak egiten duen garapena da: haurretariko bakoitza nondik abiatzen den, nola joaten den eraikitzen bere pentsamendua eta nora iristen den”. Izan ere, haur bakoitzaren eboluzioa uneoro aztertzen dute Antzuolan, etengabe jasotzen dituztelako haurren pentsamendu horiek. Irakasleek, etengabe eta ahalik eta modu naturalenean haurren ahotsak jasotzen dituzte, bakoi-tza non dagoen jakiteko eta horren arabera antolatzeko hurrena datozen jarduerak, bai zailtasunari dagokionez, bai antolaketari begira. Haurren premien arabera neurtzen dute zein jarduera litzatekeen egokiena ikasketa prozesuari jarraipena emateko. Edota zeregin desberdinak eskaintzen dizkiete, haur bakoitzari aukerak emateko nahi duen horretan jarduteko, bere erritmoan. Edota era bateko laguntza eskaintzen diete ikasle batzuei eta beste era batekoa beste batzuei. Horretantxe oinarritzen dute ebaluazioa ere.

Gai globalen eta proiektuen arabera lan egiteko etengabe erronka berriei erantzun behar izaten diete Antzuolako irakasleek: “Nola jakin dezakegu 9 milioi koadroko izaki bizidun horrek zenbat toki hartzen duen?”. Aurrez ezer egituratua ez dagoenez, arazoak sortu ahala konpontzen joaten dira. Alde horretatik, gai global baten barnean lan-ildo ezberdinak jorratzen aritzeak lagundu egiten diete, egun batean proiektu bat eta hurrengoan bestea lantzen ari daitezkeelako. Azken batean, prozesua haur bakoitzaren eta talde osoaren beharren, nahien eta jakin-minen arabera antolatzen dute. Kontuan izan behar da jarduera batzuk hitz egitekoak izan daitezkeela, beste batzuk manipulaziokoak, beste batzuk kanpora irtetea eskatzen dutenak, etab. Ondorioz, irakasleek uneoro erabakiak hartu behar izaten dituzte: “Irakaslearentzat ere sekulako sormen-lana eskatzen du horrelako eredu batean aritzeak, etenik gabe euren jardun horren inguruan gogoeta egiten eta erabakiak hartzen ari direlako. Taldean, irakasleek eta ikasleek elkarrekin egiten duten ikerketa lan bat dago atzean”. Arregik eransten duenez, elkarreragin horretatik sortu diren galderei erantzuten joaten dira poliki-poliki, beharrezko materialak, jarduerak, gogoetak… eginaz. Baina, beste alde batetik, irakasleak berak ere ikasleen inguruko ikerketa egiten du: taldea nola dagoen, ikasle bakoitzaren eboluzioa nolakoa den, zein interes dituzten, zein premia dituzten, zein desberdintasun dauden batzuen eta besteen artean, desberdintasun horiei nola erantzuten zaien…

Gai baten lanketa edota gai horren barruan jorratutako proiektuak amaitzen dituztenean sozializazioa egiten dute, hau da, egin duten lan horren guztiaren berri ematen diete beste ikaskideei, eskolako irakasleei, gurasoei eta familiakideei nahiz herritarrei. Egin duten lan horren guztiaren erakustaldia izan ohi da eta horrek ere esfortzu handia eskatzen die: zer eta nola aurkeztu, nork zer egin, publiko bakoitzera erakustaldia egokitu… “Sozializazio prozesua beste une garrantzitsu bat izaten da. Zeren haurrek erakusten baitute nondik abiatu ziren; adibidez, izaki bizidunen gaia non eta nola sortu zen eta handik abiatuta zein arlo jorratu dituzten eta zein ikerketa joan diren egiten ibilbide horretan. Sozializazioa, beraz, ikasketa-prozesuaren gaineko beste hausnarketa indartsu bat da. Hortaz, esan dezakegu, ikasleek eurek, proiektuaren amaieran bizi izan dutenaren gaineko autoebaluazioa egiten dutela.

Aurrera begira, zer?

Komunitatera irekiriko eskola da Antzuolakoa eta gurasoen ahalik eta parte-hartze handiena bilatzen saiatzen dira. Gertukoa beti dago presente gela barruan. “Esate baterako, izaki bizidunen gaia lantzean, haurretako baten aita albaitaria izaki, haurrekin elkarrizketatu zen. Edota, izaki bizidunak naturaren gaiarekin lotu zituzten eta Antzuola 2010. urte hartan ezartzera zihoazen Atez Ateko hondakinen bilketa aztertu zuten. Baina horiek adibide soil batzuk baino ez dira. Etengabekoa da hurbilekoaren presentzia ikaskuntza prozesuan”. Hala ere, Arregik azpimarratzen duenez, gizartea aldatu den heinean, gurasoek eskolan duten parte-hartzea ere apur bat ahuldu egin da, ziur asko, aukerak ere gutxiago dituztelako orain. Aurrera begira lantzen jarraitzeko arlo bat hor dute, beraz, irakaslearen iritziz.

Beste erronka handi bat ere badute Antzuolan: ereduaren jarraikortasuna bermatzea. Horixe da uneotan bertako irakasleen kezka nagusienetariko bat. Kolektibo osoa ari bada ere parte hartzen herri-eskolaren orain arteko esperientziarekin aurrera egiteko, “batzuen parte-hartzea eta inplikazioa handiagoa da beste batzuena baino”. Arregiren hitzetan, Antzuolako eredua martxan jarri zuten irakasleen belaunaldiko gehienak erretiroa hartzen ari dira eta konturatu dira, ziur asko, beste zenbait irakasle ez dituztela behar beste ahaldundu. “Uneotan erronka polit baten aurrean daudela esango nuke. Nola erantzun egoera berri honi?”.

Behin eredua bermatuta, egunerokoari erantzuten ere nahiko erronka badutela irizten du Arregik. Hezkuntzaren arloan teoria eta ildo berriak ari direla agertzen ikusten badute, ziur asko Antzuolan segituan hasiko dira horiek ikertzen eta horrekin batera ernaltzen diren premia berriei erantzuten. Antolaketari dagokionez ere, garrantzitsua iruditzen zaio Arregiri etenik gabe begiratzea eta hausnartzea noraino den egokia sortu duten egitura hori. “Euren filosofia ez dadila izan: ‘Beno, egin dugu, honaino iritsi gara eta hauxe da Antzuola’. Ez, ez. Antzuola bizirik dagoen eredu bat da, zerbait irekia eta dinamikoa, etengabe aldatzen, egokitzen eta hobetzen ari dena, eta horrela izan behar du”.