Emankorra izan da Amara Berri sistema ezagutzeko jardunaldia

2016-02-29

Otsailaren 26an eta 27an, Amara Berri hezkuntza-proiektua ezagutzeko jardunaldia egin genuen eskolaren beraren Donostiako Morlans-eko zentroan. Mamitsuak izan ziren saioak. Hainbat argazki zintzilikatu ditugu.

 
 
Emankorra izan da Amara Berri sistema ezagutzeko jardunaldia

35 urte baino gehiagoko ibilbidea badu ere, hezkuntza eragile askorentzat erreferente izaten jarraitzen du Amara Berrik. 1979an Loli Anaut buru zuen irakasle-taldeak sortutako hezkuntza egitasmoa, uneotan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 19 ikastetxetan dago martxan. Adin-nahasketa, bizitza erreala oinarri duten testuinguruak, haurren interesen arabera ekintzak eta maila ezberdinetan lan egiteko aukera ematen duten jarduerak dira, besteak beste, Amara Berri hezkuntza sistemaren arrakastaren gakoa.

Lan egiteko moduagatik nahiz hezkuntzaren gainean duten ikuspegiagatik berritzaile eta eredugarri izan daitezkeen hainbat ikastetxeren esperientzia ezagutarazteko jardunaldiak antolatzen dihardu Hik Hasik 2015-2016 ikasturtean, bereziki Lehen Hezkuntzan lanean ari diren profesionalei zuzenduta.

Joan den azaroan, Kataluniako El Martinet ikastetxearen proiektuaren berri emanaz hasi ziren jardunaldiok. Otsail amaieran berriz, Amara Berri sistema ezagutzeko aukera izan zen. Eta, amaitzeko, apirilaren 16an, Reggio Emiliako Lehen Hezkuntzako esperientzia nolakoa ari den izaten kontatuko dute bertako profesionalek. Eskolaren ezaugarriak azaltzeaz gain, Haur Hezkuntzako filosofia Lehen Hezkuntzara nola eraman duten esplikatuko dute.