Zertarako balio diezaieke biodantzak irakasleei?
* Elen Kortaxarena biodantzako irakaslearen eskutik
Bizi dugun jendartean pentsamenduaren garrantzia gailendu da, gorputzaren eta emozioen kontzientzia eta adierazpenaren gainetik. Baina hezkuntza-prozesuak –eta bizi-prozesuak, orokorrean– esanguratsuak izan daitezen, ezinbestekoa da pertsona osatzen duten hiru oinarriak kontuan izan eta bateratzea: emozioak, pentsamendua eta gorputza. Sentitu, pentsatu eta egin!
Gure egunerokoan, beraz, alde kognitiboa, pentsamenduak eta arrazoimena, martxan izan ohi ditugu eta, biodantza praktikatuz, gure gorputz-emozioetan arreta jarri, eta gorputz-mugimendua tresna pedagogiko moduan bizitzea da jasotzen dugun onura nagusietako bat. Bestalde, jardun profesional eta pertsonalean garatu ahal izateko baliabide sorta ere eskaintzen digu praktika honek.
Zer da biodantza?
Biodantza esaten dugunean, ikus dezakegu bi kontzeptu adierazten direla hitz bakarrean. Bio aurrizkiak bizitza ekartzen digu gogora, eta dantza esaterakoan, norberaren zentzuzko mugimenduaz ari garela aipatu beharra dago. Horregatik, biodantza-sistemari “bizitzaren dantza” ere deitu ohi zaio. Biodantza, beraz, zientzian oinarritutako jakintza da, eta bere baitan jasotzen ditu hainbat diziplinatako ekarpenak, hala nola psikologia, biologia, soziologia, antropologia, artea eta mitologia; horrez gain, musikaren ezagutzetatik elikatzen den sistema da. Bestalde, berrogeita hamar urtez mediku, zientzialari, filosofo eta artista ugarik eginiko ikerketei esker, berezko eredu teorikoa dauka.
Nola definitu, beraz, biodantza hitz gutxitan? Gorputz-adierazpenerako sistema bat izateaz gain, garapen pertsonalerako proposamen bat ere bada, non gure gaitasunak garatzen diren talde-testuinguru batean, musika, mugimendua eta ariketa antolatuen bitartez. Biodantzaren oinarrizko metodologia bizipena izango litzateke.
Sorrera
Txilen sortu zen diziplina hau, 60ko hamarkadan. Sortzailea, berriz, Rolando Toro Araneda psikologo eta antropologo txiletarra izan zen, zeinak hezkuntza-munduan ere urteak eman zituen lanean. Gerora, “hezkuntza biozentrikoa” sortu zuen; hain zuzen, hezkuntza biozentrikoaren oinarria eta helburua da bizitza bera erdigunean jartzea edo, beste modu batera esanda, bizitzaren alde osasuntsuan eragitea. Rolandok oso argi baitzuen bizi dugun jendartean gaixotasuna, sufrimendua, erruduntasuna, etab. historikoki bizi izandako hainbat une eta prozesuren ondorio zuzenak direla. Horregatik, biodantza-sistemaren bitartez, pertsona bakoitza bere alde osasuntsua sendotzen joatea eta jaiotzetik dakarzkigun ahalmenak zaindu eta indartzea bilatzen da. Ahalmen hauek izan daitezke, besteak beste: barne-indarra, sormena, enpatia, autoestimua, afektibitatea, komunikazio naturala, entzute aktiboa, identitatea, adierazpen librea, intuizioa, harmonia…
Zergatik da garrantzitsua hezkuntzan ere praktikan jartzea?
Kuriositate modura, gaur egun, Brasilgo zenbait unibertsitatetan psikologiako ikasketetan hautazko ikasgaia da, eta mundu osoan zehar hedatu da diziplina hau.
Gure ingurura etorrita, badira hainbat esperientzia konkretu non hezkuntzaren esparruko hezitzaile/irakasle eta haur eta nerabeentzat gorputz-adierazpen eta biodantza-saioak eman diren eta, azken urteetan, behar hori areagotzen ari dela dirudi.
Behar horren oinarrian zera dago: urteetan zehar, ikaste-irakaste prozesua maila kognitiboan soilik zentratu izan da, eta, horren ondorioz, alde batera utzi izan dira gorputz eta emozioen kudeaketa eta adierazpena. Baina pertsona ez da soilik arrazoimenaz eraikitzen, eta baditugu ezagutu beharra daukagun gorputz bat eta identifikatzen eta kudeatzen jakin behar ditugun emozioak.
Zorionez, gero eta esperientzia gehiago ezagutzen dira non, pertsona bakoitza osatzen duten 3 oinarriak kontuan izanda, ikaste-prozesu esanguratsuak gertatzen ari diren eta pertsonaren osotasuna kontuan har-tzen den: emozioak-pentsamenduak-gorputza.
Bestalde, hezkuntzaren esparruko langileok gero eta egoera gatazkatsuagoekin topatzen ari gara, eta laguntza beharra sumatzen da bide horretan. Hor kokatzen da balioen hezkun-tza. Baina balioen hezkuntza modu teorikoan emateak ez du ia zentzurik (“ezin da minik eman”, “errespetuz jokatuko dugu”...). Balioak barneratzeko modu eraginkorrena bizipenetan oinarritutako irakaskuntza-prozesu esanguratsua litzateke. Nik bestea errespetatu ahal izateko, ezinbestekoa da neure burua errespetatua izan dela –gorputzez– sentitzea.
Eta, besteak beste, egoera horri erantzutera dator biodantza.
- Bizipenetan oinarritutako teknika da; ikasgelan maila teorikoan hitz egin eta lantzen diren gaiak gorputzarekin bizi eta landu ahal izateko, eta, horrela, pertsona bakoitzak gaiari buruzko bere zentzu eta tresna propioak aurkitu ahal izateko.
- Pentsamendua garatzeaz gain, emozioen eta gorputzaren kontzientzia hartzea eta adierazpen librea lantzen dira.
- Egunero sor daitezkeen gatazken kudeaketa lantzen da; afektua eta komunikazio naturala bidelagun ditugula.
Zergatik da baliagarria hezitzaile eta irakasleentzat?
Interesgarria iruditu zait galdera horri erantzuteko 2 atal bereiztea. Izan ere, biodantzaren praktikak eremu profesionalean zein pertsonalean eragiten du.
EREMU PERTSONALEAN:
- Gure ezagutza propioan sakonduz, ditugun ahalmen naturalak berreskuratzeko eta horiei adierazpena emateko. Aurretik aipatu bezala, biodantzak pertsonaren alde osasuntsuan eragiten du. Mugimendu kontzientearen bitartez, gure barne-munduan sakondu ahal izango dugu, eta berezkoak ditugun ahalmen batzuekin egingo dugu topo. Ahalmen horien kontzientzia hartzeko eta gure eguneroko lanean txertatzeko aukera eskaintzen digu biodantzak. Bidaia honetan, edo prozesu honetan, besteen zaintza praktikan jarri aurretik, norberaren buru, gorputz eta emozioen zaintzan zentratuko gara.
EREMU PROFESIONALEAN:
- Gorputza eta emozioak hezteko baliabide eraginkor moduan uler-tzeko eta erabiltzeko. Pentsamenduarekin ez ezik, gorputzarekin eta emozioekin ere eragiten ari gara etengabe, eta oso garrantzitsua da egoera horren inguruko kontzientzia hartzea. Izan ere, hezkuntza-prozesuan zera gerta daiteke: maila teorikoan mezu batzuk bidaltzen aritzea, eta gorputzetik guztiz kontrakoa adieraztea. Esate baterako, demagun konfiantza lantzen ari garela gelan; nigan, besteengan eta inguruarengan. Beraz, lehenengo eta behin, konfiantzaren emozioak nire gorputzean dituen eraginak ezagutuko genituzke. Eta nolakoa litzateke gogo-aldarte hori transmititzen duen gorputz-jarrera? Eta, harago joanda, nola barneratu dezaket konfiantzaren zirrara nire bizitzako hainbat arlotan? Horrela, ikasleekin konfiantzaren gaia lantzen dugunerako, nire buruak ez ezik, gorputzak ere ezagutu eta barneratua izango du emozio hori. Horren ondorioz, irakasle naizen aldetik eskain ditzakedan baliabideak esanguratsuagoak izango dira, eta ikasleei iristen zaien mezua sinesgarriagoa. Badago esaera bat, ideia hau hobeto ulertzeko balio dezakeena: Entzun eta gogoratuko dut, ikusi eta errepika-tzeko gai izango naiz, eta zerbait egin (nire gorputzean esperimentatu, gai horri buruzko bizipenak izan...) eta ikasi egingo dut.
- Eguneroko lanean, tresna eta baliabide praktikoak txertatu ahal izateko. Jakina da haurrek, egunerokoan, mugimendu askea praktikan jartzea beharrezkoa dutela. Garrantzitsua da aukera hori ematea haien buru, gorputz eta emozioen osasuna, eta finean, beraien ongizatea, ziurtatu ahal izateko. Horregatik, biodantza praktikan jartzen duten irakasleek, beraien bizitza pertsonalerako ez ezik, egunerokotasunean –ikasgelan– ere praktikan jar ditzaketen baliabide ugari aurkituko dituzte saioetan. Aurretik aipatu den bezala, maila teorikoan eskaintzen ditugun gai asko ariketa praktikoen bitartez osatzeko aukera irabazten dugu. Eta, horren ondorioz, ikaste-irakaste prozesua aberastu dezakegu.
- Kalitazteko harremanak eraiki-tzen eredu bihurtzeko. Orokorrean, biodantzaren helburu nagusia da afek-tuan oinarritutako harreman osasun-tsuak berreskuratzea. Eta, hezkuntzaren esparruan, etengabe harremanetan ari gara beste irakasleekin, gurasoekin, haur eta gazteekin... Harreman horien kalitateak zuzen-zuzenean eragiten du errendimendu pertsonalean. Hemen sartzen dira, besteak beste, berdinen arteko harremanak eraiki-tzeko baliabideak eskuratzea, haur eta gazteek beraien artean sortzen dituzten harreman motez hausnartzeko eta harreman horiek hobetzeko keinu praktiko batzuk barneratzea, etab. Biodantza praktikan jarriz, norberak berekiko duen harreman motaren kontzientzia hartzen hasten gara. Gero, binakako ariketetan, bestearekin sortzen ditugun harreman motaz hausnartzen jarraitzen dugu. Eta azkenik, talde txikian edo talde handian ematen diren harremanak ikusten ditugu.
- Hezkuntza osoago baten alde egin eta eragiteko. Eztabaida ugari dago aspalditik hezkuntza-munduan egon diren mugen inguruan; irakasle eta ikasleen arteko botere-erlazioa, espazio itxi eta mugatuak, baliabide urriak, jakintza transmititzeko helburua, irakaskuntza mota berdina oso pertsona desberdinentzat, arlo kognitiboaren gehiegizko presentzia, etab. Egun, jakin badakigu oso hezkuntza-proiektu eta esperientzia interesgarriak daudela, aipatutako hezkuntza osoago baten alde egiten dutenak. Biodantzak eta bere baitan sortutako hezkuntza biozentrikoak ere ildo horretatik jarraitu nahi dute; sortzen, hausnartzen eta esperientzia esanguratsuak eskaintzen. Besteak beste, gai hauen inguruan hausnartzera eta bizipenak izatera gonbidatzen gaitu:
- Identitate osasuntsu bat eraikitzea.
- Pertsona bakoitza bakarra eta errepikaezina den bizipena jorratzea eta, horren ondorioz, norberak berezko dituen ahalmenak zaintzeko konpromisoa hartzea.
- Gorputzaren egiazko adierazpena berreskuratzea, eta gorputzari, mugimenduari eta emozioei merezi duten lekua eskaintzea ikaste-prozesuan.
- Afektuan eta parekidetasunean oinarritutako harremanetan sakontzeko ardura izatea.
- Instintuen gaia berreskuratzea.
- Esperientzia esanguratsuak bizitzea.
- ...
Beraz, hezkuntzaren esparruko profesionalak gonbidatzen zaituztet bereziki biodantza eta hezkuntza biozentrikoa ezagutzera. Norberaren bizitzan dantzaren kontzientzia har-tzeko eta geure ikasle eta seme-alabak mugimenduan jartzeko!