Nola erantzun larrialdi egoerei?
Larrialdi egoeretan, horien lekuko denak berebiziko garrantzia har dezake, eta, beraz, inportantea da horiei erantzuteko gutxieneko formazioa izatea, baita larrialdi egoeretan jarraitu beharreko urratsak argi izatea ere, Asier Zamakola erizainaren ustez.
Bihotza eta birikak gelditzen direnean, pasatzen den minutu bakoitzeko % 10 jaisten dira bizirik irauteko aukerak; igo, berriz, bizirik iraunda ere lesio neurologikoren bat jasateko aukerak. Tamaina horretako larrialdi egoera batean, beraz, berebiziko garrantzia har dezake horren lekuko denak. Gauzak horrela, larrialdi egoera bati erantzuteko biderik onena formazioa jaso-tzea da: besteak beste bihotz-birikak nola suspertu ikastea; edo horiek gelditzeko arrazoia arnasbideen buxadura bada, alegia, arnasbidean oztoporen bat bada, nola askatu ikastea. Hala dio Asier Zamakola erizainak; larrialdi-zerbitzuetan lan egin du urte luzez, eta gaur egun pediatriako erizain gisa egiten du lan Osakidetzaren osasun-zentro batean; horretaz gain, irakaslea da EHUren Donostiako Erizaintza eskolan.
Horregatik, haurren larrialdi egoerei eman beharreko lehen erantzuna zaintzaile eta gurasoen formazioa eta informazioa lirateke, Zamakolaren esanetan. Berak bere bizitokian, Aizarnazabalen, bereziki haurrek jasandako larrialdi egoeretan eran-tzuteko trebatu ditu herrikideak ; izan ere, anbulantzia batek 15-20 minutu inguru behar ditu Aizarnazabalera iristeko, eta, beraz, zenbait kasutan lekukoen esku hartzea ezinbestekoa izan daiteke. Dena dela, larrialdiei aurre egiteko formazio-saioetan nagusiki helduekin nola jokatu irakasten da, Zamakolak beste 4 erizainekin batera osaturiko BBB (Bihotz Birika Bizkortzea) taldeak ematen dituenetan bezala. Baina umeen kasuan badaude kontuan hartu beharreko berezitasunak, eta horregatik azpimarratzen du saio espezializatuen beharra.
Zein dira egoera ohikoenak?
“Umeetan arnasbidea da arda-tza. Demostratuta dago haurretan bihotza gelditzeko arrazoi nagusia birikak gelditzea dela; eta, birikak gelditzeko, zerbaitek oztopatu duela arnasbidea”, Zamakolak dioenez. Askotarikoak izan daitezke arnasbidea oztopatzen duten faktoreak. Zenbaitetan gaixotasun batean izango du jatorria, arnasbidea haztea eragiten duen laringitis batean, esaterako. Beste hainbatetan, berriz, istripu batean izango da jatorria: umeak jan edo ahora eraman duen zerbaitek oztopatzen duelako arnasbidea; edo baineran erori delako haurra eta ur asko irentsi duelako... “ Horiek ez badira garaiz artatzen, birikak geldi daitezke, eta, ondorioz, baita bihotza ere.”
Horretaz gain, haurretan ohikoak dira traumatismoak, erredurak nahiz intoxikazioak, baita sukarrak eragindako konbultsioak ere. Horiek, ordea, ez dira haurretan bezain ohikoak helduetan, eta, beraz, ez dira hainbeste lantzen larrialdi egoeren inguruko ikastaro orokorretan. Bereziki haurren inguruko larrialdi ikastaroak antolatzeko, guraso eta hezitzaileek eskaera sortu behar dutela uste du Zamakolak.
Nola jokatu larrialdi egoera batean?
Zamakolak nabarmentzen duenez, “oso gauza gutxi daude berehala heriotza eragiten dutenak. Umeen kasuan, arnasbidearekin eta odolarekin zerikusia duten arrazoiak izaten dira, hau da, birikak edo bihotza gelditzea. Ume batek izan ditzake bi besoak lau lekutatik hautsita, eta sufritzen ikusiko dugu, baina horrek ez dio epe laburrean heriotza eragingo. Beraz, noiz deitu behar dugu larrialdietara lehenbailehen? Haurra korderik gabe dagoenean eta ez duenean eran-tzuten, hau da, bihotza gelditzen denean, edo birikak gelditzean, edo odol jario bortitza dagoenean”.
Tamaina horretako larrialdi egoera batean, lehenbailehen deitu behar da 112 zenbakira, “zenbat eta lehenago, hobe”. Horrekin batera, bihotz-birika geldialdi bat gerta-tzean, formazioa jaso duten lekukoei konpresioekin eta arnasketekin lehenbailehen hastea gomendatzen die Zamakolak; edo, arnasbideak oztopatuta badaude, horiek askatzen saiatzea, formazioa jaso badu.
Norberak kudeatu ezin duen bestelako egoera larri batean, hau da, nahiz eta kordea mantendu eta arnasa hartu, erredura larri bat edo kolpe handi bat izanez gero, osasun-zerbitzuen larrialdietarako telefono zenbakietara deitzea gomendatzen du Zamakolak; zenbaki hori normalean osasun txartelaren atzealdean agertzen da; “Osakidetzarenak, adibidez, Gipuzkoarako 943 46111, 944 100000 Bizkairako eta 945 244444 Arabarako dira”, argitzen du Zamakolak.
Zenbaki horietara deituz gero, mediku batek erantzungo dio deiari eta oinarrizko jarraibide batzuk emango dizkio larrialdi egoeraren lekukoari. Gainera, mediku horrek baloratuko du, lekukoak emandako azalpenaren arabera, anbulantzia bidaltzea beharrezkoa den edo ez. Ez badu halako larritasunik, esplikatuko dio hurrengo orduetan zein sintomatan jarri behar duen arreta: ea agertzen diren edo nola garatzen diren behatu behar duela azalduko dio, baita ager-tzen badira zer egin behar duen ere. Hala ere, larritasunik ez bada “normalena haurraren pediatrari deitzea da, berak ezagutzen duelako ondoen. Beraz, 112ra deitu behar da umeak ez badu arnasik hartzen edo konortea galdu badu; bestelako larritasun egoeretan, kolpe edo erredura handi bat badago tarteko, nahikoa da Osakidetzaren larrialdietarako zenbakira deitzea. Eta, larritasunik ez badu, deitu pediatrari”.
Prebentzioa, erantzunik onena
Dena dela, larrialdi egoera bati eman dakiokeen erantzunik onena aurrea hartzea da. “Helduetan gutxiago lantzen da prebentzioa, eta gehiago zer egin larrialdi egoera gertatzen denean; umeetan, garrantzia handiagoa ematen diogu prebentzioari”. Izan ere, umeetan ohikoagoak diren erredura, intoxikazio edo buxaduretan, kasu asko ekidin daitezke prebentzio lanari esker.
Buxaduren kasuan, 3 urte bete arte bere ukabila baino txikiagoa den jostailurik umearen eskura ez uzteko gomendatzen dute; berdin janarien tamainarekin ere, horregatik fruitu lehorrak ez dira gomendagarriak 6-7 urte bete arte. Arnasbideekin jarraituz, 3-4 urte arte baineran bakarrik ez uztea gomendatzen dute, adin hori arte ez baitute oreka behar bezala garatuta.
Erorketei dagokienez, “haurraren beraren altuera baino garaiera handiagotik erortzen denean hartzen da arriskutsutzat”. Horrekin lotuta, “Osakidetzak banatzen dituen liburuxketan aholku orokor batzuk ematen dira, adibidez, ez uzteko aulkirik leihoen ondoan”.
Behin umea bere kasa mugitzen hasten denetik, 6 hilabetetik aurrera edo, 3-4 urte arte intoxikazioekin kontuz ibiltzea gomendatzen da, eta, esaterako, lixiba eta antzerako produkduak beti etxeko armairurik garaienean uztea. “3-4 urterekin jada arriskuaren kontzientzia hartzen hasten dira, hartu dituzte kolpe batzuk ordurako. Baina ibiltzen hasten direnetik 3-4 urte arte, orduantxe izaten da istripu gehien”.
Dena bihurtzen denean larri
“Geroz eta joera handiagoa dago ospitalera joateko, eta ez zait batere egokia iruditzen. Ospitaleko zerbitzuak betetzen ari gara osasun-zentroetako kasuekin. Ospitaleko larrialdietan lanean nengoela, gogoan dut goizaldeko 04:00etan ume bat ekarri zidatela 38ko sukarrarekin. Negu betean zure umea goizeko 4etan atera duzu ohetik eta kalera atera, 38ko sukarra duelako? Ez da bidezkoa”, dio Asier Zamakolak.
Bere ustez, inportantea da larria zer den eta zer ez kontzientzia hartzea; gaixotasunak ez direnean bat-batekoak, edo ez dagoenean bat-bateko okertzerik gaixotasunean, horiek osasun-zentrora bideratu behar dira, ez ospitalera. “Patologia txikietarako dago osasun-zentroa”.
Horretaz gain, inportantea deritzo etxean kudeatu daitekeena etxean kudeatzen ikasteari. Izan ere, “osasun-zentroen benetako funtzioa osasuna kudeatzea da, besteak beste zaintza eta prebentzio lana egitea, eta ez dute horretarako astirik, patologiekin kargatuta daudelako”.
Sukarrarekin lotura, 38 eta erdi eduki arte etxean kudeatzeko modukoa iruditzen zaio, “baldin eta beste sintoma larririk ez badago tarteko. Hirugarrren egunean horrela jarraitzen badu, orduan eraman pediatrarengana”.