Lehen isurketa eta masturbazioa, tabu?
Helduek pentsatu ohi dute mutilek ondo daramatzatela pubertaroko aldaketak eta modu positiboan bizi dituztela, baina Olatz Berastegi sexologoaren esanetan, ez da beti horrela: “Mutilek ere lotsa, beldurra, ezjakintasuna... izaten dute; euren bizipenei zein emozioei lekua egin eta sexualitateaz lasai hitz egin behar genuke”.
Zenbat eta nola aterako da? Eta zer nabarituko dugu? Zakila zenbat handitzen da? Zenbat masturbatu behar gara?... Isurketaren, masturbazioaren eta gorpu-tzeko aldaketen inguruan horrelako eta antzeko galderak izaten dituzte mutilek pubertaroan. 11-15 urte artean hasten da gehienetan aro hori gizonezkoen kasuan. Barrabilak eta zakila handitzea izaten da lehen seinaleetarikoa. Gorputza luzatu ahala, barrabiletan eta besapeetan ilea ateratzen zaie, baita aurpegian ere, ondoren bizarra izango denaren aurrekari. Sorbaldak, berriz, zabaldu egiten zaizkie, eta gerria estutu. Gainera, ahotsa loditzen zaie. Baina aldaketa horiez, nerabeak bizitzen eta sentitzen ari diren horretaz, hitz egiten al da etxeetan? Haien kezkei eta jakin-minei erantzuten ote zaie? Nola jokatu horrelako kasuetan?
Olatz Berastegi sexologoa da eta Harremanak zentroko kidea. Sexualitatearekin loturiko tailerrak egiten dituzte eskoletan ikasleekin eta hor argi ikusten dute nesken kasuan ohikoa izan arren gurasoekin “hilekoaz behintzat” hitz egitea —nahiz eta askotan zentzu negatiboan izan— , mutilen kasuan dena isilean eramaten dela. Oro har, helduek pentsatzen dute mutilek ondo daramatzatela pubertaroko aldaketak, eta modu positiboan bizi dituztela, baina ez da beti horrela izaten. “Hilerokoa dela eta, emakumezkoekin nolabaiteko hurbilketa bat egiten da sexualitatera, baina gizonezkoekin ez da gaiaz batere hitz egiten: gorputzean zer-nolako aldaketak ari diren bizitzen, isurketa zer den eta nola gertatzen den, zer dakiten, nola ari diren sentitzen… Pentsatzen dugu euren artean hitz egiten dutela eta jakingo dutela jakin beharrekoa. Baina mutilek ere gai hauen inguruan sekulako lotsak, beldurrak, tabuak, ezjakintasunak… izaten dituzte. Eta beste ezeren gainetik, izugarrizko jakin-mina. Baina ez diegu euren bizipenei, euren sentipenei, euren emozioei… inolako lekurik egiten”. Horren arrazoia izan daiteke semeek gutxiago aktibatzen dutela gurasoen beldurra. Baina sexologoaren iritziz, mutilekin ere hitz egin behar litzateke sexualitateaz etxean eta egin behar litzateke lanketa emozionala. Izan ere, Harremanak-eko kideak nerabeekin egindako saioetan ikusten du mutilek ezjakintasun handia dutela, galdera asko dutela, eta asko eskertzen dutela horietaz hitz egiteko aukera.
Isurketak eta masturbazioa bizitzako aro jakin bateko gertakari dira, pubertarokoak, hain zuzen. Eta aldi hori haurtzaroari agur esan eta helduarora begira jartzeko garaia izan ohi da. Berastegiren hitzetan, nerabezaroa gorputzarekin topo egiteko aldia da: “Aro horretan gorputza hitz egiten ari zaigu eta gorputzak esaten digunari arreta jarri behar diogu. Espermatozoideak sortzeak esan nahi du —baldin eta ez badira lehenagotik masturba-tzen—, uneren batean barrabilak bete egingo direla eta nahi gabeko isurketa bat edo gaueko isurketa bat izango dutela. Hortaz, batzuek inoiz gorputzarekin kontakturik izan ez dutenez, eta inork horretaz hitz egin ez dienez, sekulako ezustea hartzen dute: ‘Hara, eta zer da hau? Hemen zerbait ari da gertatzen’. Izan liteke batzuek txikitatik harremana izatea gorputzarekin eta umetatik jolastea genitalekin. Horiek euren kasa joan daitezke aurkikuntzak egiten eta ondorioak ateratzen, baina beste batzuk erabateko ezjakintasunean harrapatzen ditu. Askotan pentsatzen dugu mutil guztiak masturbatzen direla. Izan ere, mutiletan tabua da ez zarela masturbatzen esatea, baina errealitatea beste era batekoa da, eta guk heldu edo guraso bezala errealitate guztiak izan behar ditugu kontuan”.
Sexu hezkuntza jaiotzatik hasten da
Pubertaroan, Berastegiren aburuz, garrantzitsua da gurasoek ulertzea euren semea handitzen ari dela, aldatzen ari dela, eta horrek, familian erlazionatzeko eta etxean antola-tzeko modu berri bat eskatuko duela. Momentu berri bat hasten da guraso eta seme-alaben arteko harremanean. “Une horretan garrantzitsua da seme-alabengana gerturatzea, prozesua nola ari diren bizitzen jakitea, haien sentipenen berri jasotzea. Eta lasaitasunez sexualitateaz hitz egitea, bai alabekin, baina baita semeekin ere”. Aro horretan, seme-alabei ardura berriak ematea ere gomendagarria izan daitekeela dio, hala barneratuko baitute hazten ari direla eta gurasoek ere onartzen eta errespetatzen dutela seme-alabak handitzen aritzea. Eta, edozein kasutan, pubertaroan haurra bizitzen ari den aldaketa aldia bistaratzea eta zerbait positibo gisa ikusaraztea aholkatzen du. Baina, hasi hezkuntza sexuala jaiotzatik hasten da, eta beraz, txiki-txikitatik seme-alabekin sexualitateaz lasaitasunez hitz egiteko gomendatzen du sexologoak, jakinik haurrek sexualitatea hautemateko duten modua eta helduona desberdina izango dela.
Masturbazioaren eta isurketaren kasuan, mutilekin hurbilketa hori aitek egitea interesgarria iruditzen zaio Berastegiri. Besteak beste, familiako kide guztiek senti dezaten, gizonezkoak ere emozionalki inplikatzeko gauza direla. Normalki amek pentsatzen dute hobe dela semeari lehen isurketa eta kontu horiez aitak hitz egitea, eta aitek maiz pentsa-tzen dute “gu ere moldatu ginen eta bera ere moldatuko da”. Sexologoak gaineratzen duenez, ordea, aita hurbiltzen bada semearengana eta lehen isurketaz edo masturbazioaz berak bizi izandakotik hitz egiten badio ez dio soilik esaten “niri ere an-tzera gertatu zitzaidan…”, baizik eta adierazten dio gizonak izan arren, sexualitateaz eta emozioez hitz egin dezaketela: “Nire ustez inportantea da sentitzea guztiok garela gauza gai hauez hitz egiteko; ez direla soilik emakumeen kontuak. Baizik eta emozioak guztiok ditugula, izan emakume edo gizon, eta guzion ardura dela horiek kudeatzea”.
Sexualitateaz solasteko, hainbat gako
Lehen isurketaz, masturbazioaz eta oro har, sexualitateaz seme-alabekin hitz egiterakoan kontuan izan beharreko hainbat gako zerrendatzen dituzte adituek:
- Naturaltasuna: askotan badirudi seme-alabekin sexualitateaz hitz egiterakoan, mahaiaren bueltan solemnitatez eseri beharra dagoela; ematen du mundua gelditu egiten dela. Adituen esanetan, ordea, gauza bati horrenbesterainoko garrantzia ematen zaionean, gerta liteke beldurrak azaleratzea. Beraz, zergatik ez hitz egin modu naturalean? Mahaian seriotasunez eseri beharrik gabe hainbat momentu izan litezke egokiak gaiari heltzeko: mendi-buelta egiteko unea, bazkalordua, pelikula bat ikusteko momentua, liburu bat irakurtzekoa…. Berastegiren arabera, baliagarria izan liteke gurasoak bera nerabe zeneko oroitzapenez hitz egitea, lehen pertsonan eta bizipenetatik. Eta, sexologoak gogorarazten duenez, sexualitatearen gaia ez da behin hitz egin eta albo batera uzteko kontua, baizik eta beste gauza batzuekin egiten den bezala, behin eta berriz mintzatuz ezagutzak, jakin-minak, nahiak, informazioa… partekatzekoa.
- Galderak egin: gerta liteke sexualitateaz seme-alabekin hizketan hastean heldua blokeatuta gelditzea eta gauzak nola azaldu ez jakitea. Hori saihesteko, gomendagarria izan liteke elkarrizketa haurrak zer dakien galdetuz hastea, hala solasaldia haren ezagutzara eta beharretara egokitzeko, eta bide batez, komunikazioa bi aldetakoa izan dadin, eta ez aldebakarrekoa.
- Lotsa eta beldurra onartu: batzuetan ematen du helduaren roletik seme-alabekin hitz egiterakoan, gauza guztiak jakin behar direla eta zehatz eta mehatz esplikatzeko gai izan. Guraso batzuei, ordea, erreparoa ematen die haurrekin sexualitateaz hitz egiteak. Kasu horietan, komenigarria izan liteke lotsa edo beldur horri azaleratzea eta umeari garbi esatea, baina ez lotsa edo beldur hori sexualitateaz hitz egin gabe geratzeko aitzakia izan dadin, baizik eta gaiari indar handiagoz heltzeko eta seme-alabekin batera heldua bera ere hazteko.
-Izena jarri: haurraren garapen osoari begira, garrantzitsua da txikitatik haurrek euren genitalen izenak ikastea, atal desberdinak ezagutzea eta nola dauden osatuta jakitea: pitilina, barrabilak, klitoria, barruko nahiz kanpoko ezpainak, bagina, perineoa, uzkia… Hala, euren gorputza hobeto ezagutuko dute eta horrek plazererako aukera handiagoa emango die.
- Plazera: harreman osasuntsuak eraikitzeko, hobe da sexualitatearekin zerikusia duen guztia plazerarekin lotzea, arriskuekin erlazionatzea baino, hala errazagoa izango baita sexualitatea modu zabalean ulertzea: afektua adierazteko dugun modutik hasi eta norbere buruaren zaintzara iritsi arte. Norbere burua errekonozitzen eta baloratzen ikasteari garrantzia ematen diote, bide horretatik bakoitzak bere buruarekin ondo sentitzen eta bere gorputzarekin disfrutatzen ikasiko duelako.
- Ardura hartzea: sexualitate kontuetan bakoitzak bere buruaren eta jardunaren gaineko ardura hartzeari ere garrantzitsu irizten diote adituek, bulkadak edonork izan ditzakeelako, baina horien aurrean zer egin erabakitzea eta erantzukizunez jokatzea bakoitzaren egitekoa delako. Zentzu horretan, mutilekin ere lanketa emozionala egitearen inportantzia azpimarratzen dute. “Hori delako harreman osasuntsuak eta tratu onak eraikitzeko bidea. Gainontzean, nekez eska diezaiekegu arduratsuak, irekiak izateko, tratu onak emateko… ez badugu inolako lanketarik egiten beraiekin, ez baditugu haien emozioak aintzat hartzen”, argitzen du Berastegik.