Munduaren ertzaren bila

2017-09-07

* Amagoia Mujika kazetariaren ekarpena familian gozatzeko kultur proposamenen gainean

B orobila sinpatikoa da. Atsegina. Leuna, puntarik gabea, jostagarria. Bueltak eman ditzake eta jolaserako balio du. Berdin kanika batek edo baloi batek. Aurpegi borobila duen jendea atsegina da, pertsona onak dirudite.

 
 
Munduaren ertzaren bila

Borobilak fidatzekoa dirudi. Badauka, baina, arrisku bat, beti bueltaka-bueltaka ibili eta inora ez iristekoa. Borobillen gustura eta lasai bizi dira Satur, Marti, Arti, Pluton, Jupi, Merkuri, Urani, Neptuni, Obalele... Baina ez dute mundurik ezagutzen hortik kanpo eta Borobillen ez da sekula ezer gertatzen. Bueltaka-bueltaka bezala dabiltza.

Karratuk sinetsarazi die hor kanpoan arriskua baino ez dagoela eta hobe dutela lasai gelditu beren munduan. Karratuk mundu zatitxoak ekartzen dizkie eta trukean —trukoan— poltsikoak betetzen ditu Borobilleko puxtarri preziatuekin.

Baina, lagunen arteko liskar bat medio, unibertsolariak Borobilletik mundu zabalera ateratzen dira. Izan ere, hangoa egiatako laguntasuna da; ez sekula haserretzen ez direlako, haserretzen direnean adiskide-tzen asmatzen dutelako baizik. Eta hala abiatzen dira munduaren ertzaren bila, lagun batek merezi duelako hainbeste.

Munduaren ertza, baina, beti dago pauso bat harago. Pauso bat eta beste bat, abentura zoragarria biziko dute munduan barna. Eta baita ikusleek ere, haiei eskua emanda.

Niretzat filma borobila da, primerakoa, hain juxtu, ertz asko marrazten dituelako, tontor asko.

Gaur-gaurkoa

Unibertsolariak filma 2004. urtekoa da. Baditu, beraz, urte batzuk. Baina gaur-gaurkoa da. Gure jendartearen gaitz asko jartzen dituelako mahai gainean, umorez eta zorrotz.

Borobille izan daiteke batzuetan gurasoek seme-alabei eraikitzen diegun arriskurik gabeko burbuila; ertzik gabekoa eta lur leun-leuna duena, erorita ere mina har ez dezaten, urrutira joan ez daitezen. Seguru egon daitezke hor barruan, baina arazoa da kanpora ateratzen direnean, etxetik urrutixeago dagoen baso horretan, dena izango dela arriskutsua mami artean hazitako horientzat. Ez dira moldatuko ez dutelako tresnarik Borobilletik kanpo mugitzeko.

Zergatik ez eman tresna horiek? Egon seguru berandu baino lehen Borobilletik atera nahiko dutela, mundua deskubritu, arriskuak hartu, erori eta negar egin, malkoak lehortu eta altxatu, urratutako belaunekin ibiltzen ikasi, bakarrik. Egon seguru lehenengo sudurra aterako dutela burbuilatik, kanpoko horri usaina hartzeko, eta segidan belaunekin hautsiko dutela hesia. Egon seguru jakinmina izango dutela, hor kanpoan gertatzen dena deskubritzeko grina. Eta eskerrak horri, jakinminik ez bagenu ez genukeelako jakingo mundua borobila denik ere.

Mundu karratua

Karratu ez da fidatzekoa. Segur aski, borobila ez delako. Karratuk ez du nahi, inondik inora ere, unibertsolariak Borobilletik ateratzea. Ez du nahi haiek mundua beren begiz deskubritzea. Karratuk kontatzen die nolakoa den mundua, bere marko karratu, mugatu eta interesatu horretatik. Ikuskera murrizten die, arriskua arriskuaren gainean iradoki. Ez die uzten burua mundura aske azal dezaten, mundua ikuskera zabalagoz ikus dezaten. Ez zaio interesatzen. Karratuk nahi duena da Borobilleko biztanleek mundua bere begietatik ikustea eta haien puxtarriak bere poltsikoetara joatea. Karratuk ez ditu lagunak ikusten, lagunen puxtarriak baino ez ditu ikusten.

Gure munduaren argazki tristea da Karraturen ikuskerak agertzen duena. Karratua izan daiteke telebista, eskuko telefonoa edo ordenagailuaren pantaila. Ikus dezakegu mundua horietatik eta mundua horrelakoxea dela itsu-itsuan sinetsi. Edota horiek denak itzali, leihoa zabaldu eta bertatik begiratu dezakegu, luze-zabal.

Euskararen soinekoak

Hasi eta buka, euskarak soineko zoragarriak agertzen ditu Unibertsolariak filmean. Euskarak balio du haserretzeko, negar egiteko, ikaratzeko, esajeratzeko, maitemintzeko. Euskara abenturaren parte da eta naturaltasun izugarriz egiten du bere bidea.

Borobilleko biztanleek kasketaldiak harrapatzen dituzte eta tokitan, pikutan, lekutan dauden lagunen bila joaten dira. Errua hitz zatarra iruditzen zaie eta bazterrak ezagutzera abiatzen dira. Badira aldrebes hitz egiten duten txori aldrebestuak eta euskalki kantarian hitz egiten duten inuitak. Euskara oso modu jostarian eta, batez ere, naturalean darabilte unibertsolariek. Euskara bizi-bizia darabilte. Juanjo Elordi da zuzendaria eta gidoia Unai Iturriagarena da. Lan bikaina.

Beti gustatzen zaigu

Gure etxean askotan ikusi dugu, adin desberdinetan —gurasoen eta haurren adin desberdinetan— eta beti topatzen dizkiogu punta berriak.

Denok ari gara etengabe hazten. Batzuei hanka handitzen zaie eta zapatilla berriak behar dituzte maiztasunez. Beste batzuei aspaldi ez zaigu hazi hanka, baina handitzen eta aldatzen ari gara gu ere. Munduari gero eta leiho gehiagotatik begiratu, ideia batzuk erantzi eta beste batzuk janzten ditugu, etengabe. Unibertsolariek halako batean deskubrituko dute munduak ez duela ertzik, borobila delako. Eta borobila denez, barrutik hodiz beteta dago, munduko bazter batzuk besteekin lotzen dituzten bideak. Hartara, bitartekaririk gabeko trukean aritzen dira elkarren artean, eman dezaketena emanez eta behar dutena bueltan jasoz.

Ez da ideia txarra. Munduaren lurrazalean toki batetik bestera mugitzea oso nekeza bihurtu da jende askorentzat. Beren etxeak utzi eta munduaren ertzaren bila abiatuta dago hainbeste Europako jende! Akaso lurraren azpian eraiki beharko dira zirrikitu askeak, Palestinan egiten duten bezala.

Bitartean karratutik kanpo dagoen mundua deskubritzen segi beharko, bere arantzekin eta tontorrekin. Arantzak zorrotzak eta mingarriak izan daitezke, baina zaurietatik beti ikasten da zeozer. Eta tontorrak beharrezkoak dira, noizean behin horietara igo eta mundua toki desberdin batetik ikusteko.