Arantxa Urretabizkaia: "Emakumezko idazleen amak ez dira ama hutsak, baina gizonezkoenak bai"

2017-09-12

Ia 40 urte ditu ‘zergatik panpox’ liburuak. Baina gaur-gaurkoa da, aski bizirik dagoen klasiko bat, aldarrikatu beharrekoa. gero beste ama transgreditzaile bat sortu zuen ‘koaderno gorria’-n, eta haurtzaroaz eta zahartzaroaz ere modu berritzailean idatzi du urretabizkaiak.

 
 
Arantxa Urretabizkaia: "Emakumezko idazleen amak ez dira ama hutsak, baina gizonezkoenak bai"

Gizonak abandonatu duen emakume ama baten egun bat kontatu zuen Arantxa Urretabizkaiak 1979an Zergatik Panpox liburuan. Artean bera ez zen ama, baina bikainki kontatzen ditu kontatu amatasunaren gazi-gozoak, bizipenak nola emozioak. Mugarri bat kontsideratzen du kritikak euskal literaturan, formagatik eta edukiagatik, lehen aldiz emakume bat —ama dena— subjektu modernotzat hartzen baitu. Orduz geroztik, Panpoxi lotua dago Urretabizkaiaren izena, baina bide gehiago ere urratu ditu. Zahartzaroaz, haurtzaroaz eta bestelako amatasunez idatzi du modu berritzailean.

Ez dakit zer gorputzaldi jarri dizun ia 40 urte geroago Zergatik Panpox abiapuntu duen elkarrizketa bat egiteak?

Ikasi dut apreziatzen. Aktoreei gertatzen zaienaren antzekoa da, lan nabarmen bat egin eta beti hori gogoratzen diete. Jendeak jakin dezake halako idazlea dela, eta ez gauza izan haren lan bat bera ere aipatzeko. Noski, beti pentsatzen duzu hurrena egiten duzuna izango dela egiten duzun onena, baina apreziatzen dut jendeak jakitea lotzen izena lan batekin. Nabarmenena da liburu hori argitaratu eta handik 11 urtetara izan nuela semea.

Haatik, irakurtzen duenarentzat, amen kasuan bederen, ispilu bat da. Nola idatzi zenuen hain egiazko, zeu ama izan gabe?

Normalean, kontakizun bat lehen pertsonan egiten duzunean, irakurleak sentitzen du zutaz ari zarela, edo begiratzen duela garai bateko zerrailako zirrikitutik zure bizitzara sartuz. Alderantziz ere izan daiteke, ni, hori idazten nuen bitartean, ama nintzen, hortik aparte ez. Irakurri ere berdin egiten da: batek irakur dezake ispilu bila, baina pertsona horrek berak beste momentu batean irakur dezake beste norbaiten barruan sartzeko, berea ez den bizitza bat bizitzeko. Idazleak berdintsu.

Emakume baten ohikotasun, egun baten kronika egin zenuen Zergatik Panpoxen, gizonak abandonatu duen emakume ama baten egun bat, eta bereziki hark dituen sentimenduak kontatzen dituzu. Klasiko bat bihurtu da, mugarri bat, obra handi bat… zer testuingurutan, nola idatzi zenuen lan hura?

Franco hil bezain laster, nire inguruan nabaritu nuen lehenengo aldaketa ez zen politikoa izan. Igerri nuen nire inguruko bikoteak desegiten hasi zirela, eta normalean gizonak alde egiten zuelako izaten zen. Nik momentu horretan ez neukan bikoterik, ez neukan seme-alabarik, baina sorbalda honetan negar egindako emakume dezente dago. Enegarren emakumea etorri zitzaidanean esatera “gizonak alde egin du eta zer puteatua nagoen!”, pentsatu nuen, “nik hau kontatu egingo dut” eta hortik sortu zen Panpox.

Gero, Koaderno Gorrian emakumeak egiten du alde, baina momentu horretan, nire inguruan behintzat, gizonek egiten zuten alde eta andreak gelditzen ziren haurrekin. Eta hortik dator, haiek kontatutakoa dago hor.

Harrera ona izan zuen liburuak, kritika, aipamenak, pelikula, irakurraldiak… Momentu hartan nolakoa izan zen irakurleen harrera?

Zaila da hori esatea. Egin behar da kontu, adibidez, nik lehenengo argitalpenetako egile eskubiderik ez nuela jaso, ez zegoen hori finkatua artean. Ez zegoen ezer; ez zegoen sistema akademikorik hortaz arduratuko zenik, orain unibertsitateak-eta arduratzen diren bezala... ez zegoen apenas kritikarik, aldizkari espezializaturik, ez zegoen irrati-telebistarik... Nik gerora ikusi dut oihartzun hori. Ez momentuan. Are gehiago, ni urte horietan ez nengoen mundutxo honetan sartua, nahiko aparte nengoen, eta halako aldizkari batean edo bestean argitaratutako kritika bat agian irakurri dut handik 20 urtera.

Nik jaso nuen lehenengo feed back-a lagun feministena izan zen, eta gazi-gozoa zen. Ez omen nion jarri bukaera zoriontsurik kontakizunari. Bestela bai, aldarrikapenarekin bat egiten zuten, baina bukaera zoriontsurik ez emate horrek bati baino gehiagori deserosotasun pittin bat eragin zion.

Mugimendu feminista aipatu duzu... Liburua Frantziako diferentziaren feminismoak bultzatuta idatzi zenuela esan izan du Mari Jose Olaziregi literatur kritikariak… Hala da?

Nik pentsatzen dut idazle baten generoa ez dela asko nabaritzen nahi eta nahiez idazten duzun horretan, baina pertsona baten ideologia bai, nabari- tzen da. Nire ideologian bazegoen hori, nik hori idatzi nuenerako bazegoen Frantziako feminismoaren gauza pila, batez ere teoria, ez hainbeste fikzioa. Hau bukatu eta gero, urte eta pikoan bakarrik irakurri nituen emakumeek idatzitako gauzak, nahi nuelako argitu hor neukan korapilo bat: idazten hasi nintzenean, noski, emakumea nintzen, eta, noski, hitz hori erabiltzen ez banuen ere feminista nintzen... baina ez nuen hori lotu idazketarekin. Gero, Frantziatik hasi nintzen ikusten bazegoela eztabaida bat emakumeok modu desberdinean idazten ote dugun ala ez. Bolada batean egon nin-tzen jakin gabe nola demontre idatzi behar nuen, behin banekiela emakume feminista bat nintzela. Hain zuzen ere, Parisen bizi den lagun bati esan nion, eta berak, honela esan zidan: “Ez hautsi burua, egin ateratzen zaizuna, eta emakumea zarenez hori aterako zaizu”. Eta horrela egin nuen. Baina ideologia egon bazegoen.

Behin Bilbon, hitzaldi baten ostean neska gazte bat etorri zitzaidan eta nire literaturari buruz Doktoretzarako egindako lan bat ekarri zidan, igo nin-tzen autobusera eta begiratu nuen ea zer zioen... bi orri irakurri nituen eta itxi nuen eta gaur arte. Literatur kritikariek testuan ikusten dutena egon hor egongo da, baina begirada hori gainean edukiko banu, ez nuke lerro bat bera ere idatziko. Hasiko nintzateke pensatzen zer demontre esango duten kritikariek...

Emakumeok beti deskubritzen ari garela esan izan duzu. Zure liburua sentimenduen ispilu bat dela kontuan izanik, bazuen zure lanak transmisio-helburu hori?

Gure historia ez digute kontatu, orduan ari gara asmatzen aspaldi asmatutako gauzak. Neronek asmatu ditut gauza pila asmatuak zeudenak, eta nik uste nuen asmatzen ari nintzela: eta berdin nire lagunek. Eta idaztean berdin.

Bizitzan oro har, eta letretan bereziki, bi eratako pertsonak daude, txoriak eta ornitologoak, eta ni txoria naiz. Nik ez dakit ezer ornitologiaz, kontatzen dut iruditzen zaidana. Noski, idazten duzu zaren guztiarekin, zarenarekin, irakurri duzunarekin, amesten duzunarekin... zaren guztiarekin idazten duzu, ez eskuarekin bakarrik. Nire aldetik ez dago kontzientzia gehiagorik. Gero transmisio lana egiten badu ondo, baina ez zegoen halako kontzientziarik.

Zure literaturako beste ama bat, Koaderno Gorriko ama, transgredi-tzailea da, konpromiso politikoa eta amatasuna uztartzea eragotzi dioten emakume baten aitormena. Hori Zergatik Panpoxen erreakzio bat izan zen?

Ez zegoen halako borondaterik. Badakit Koaderno Gorriako ama euskal literaturaren barnean ama atipiko bat dela, baina nik, idaztean, ez dut horretan pentsatzen. Gero egiten dut irakurketa. Gero deskubritu dut 1969an Ramon Saizarbitoriak argitaratzen duenean Egunero hasten delako eta pixka bat lehentxeago Txillardegik Elsa Scheelen bi lehenengo emakume protagonistak direla gizonek idatziak, eta biak ama ez direnak, horiek dira lehenengoak, ez naiz ni. Gero, egia da, hortik aurrera ere jarraitzen dutela gure idazleen amak ia bakarrik ama izaten. Eta aitak, ez. Ajola du aita hori gerra garaian non ibili zen, edo zer lan duen, edo ez dakit zer. Amaren kasuan ez du ajola. Emakumezko idazleen amak ez dira ama hutsak, baina gizonezkoenak bai.

Baina arrazonamendu hori Koaderno Gorriako ama baino gerokoagoa da. Hortaz jabetu nintzenean, hamar-hamabi urteko semeari mitin bat bota nion —tartean behin mitina botatzen diot semeari, abixatu egiten diot, “eseri, mitina tokatzen da-eta”—. “Ni hil- tzen naizenean, mesedez eta faborez, ez gogoratu zenbat lan egin nuen... gogoratu ze bidaia egin ditugun, ze barreak egin ditugun....” eta gelditu zen, eta esan zidan, “Amsterdam!”. Amsterdamen izan berriak ginen biok bakarrik, eta hotel kaxkar batean geundela barregure kontrolaezin bat sartu zitzaigun, pixalarria eragiten dizun horietakoa. “Amsterdam!”, esan zidan, eta hortxe bukatu zen mitina. Gure literaturako amak abnegatu hutsak dira. Eta niretzat abnegazioa kode penalak debekatu beharko luke. Oraindik ere hori sartu nahi digute, eta abnegazioa santuentzako bakarrik da baliagarria. Eta belaunaldi bakoitzeko santu bat ez da gertatzen, beraz, egiten duzuna gero kobratu nahi duzu. Abnegaziorik ez, ama abnegaturik ere ez, “ni ez naiz ezer, nire haurra da dena” hori ez! Ni banaiz nor, eta nire haurra ere bai. Hazkuntzak badauka sakrifizioa, ez dut esango denbora guztian ondo pasatu behar dugunik, baina nork bere burua ukatzea debekaturik egon beharko litzateke, eta hori eskaintzen digute, oraindik, amatasun-eredu gisa.

Idazteari begira ez zara ornitologoa, baina beste arlo batzuetan bai bazara ornitologoa. Nola ikusten dituzu amatasunak?

Amatasunak, plural horretan gako handi bat dago. Ez dago amatasun bakarra, orduan, aukeratzeko betebeharra daukagu. Aukera dezakegu zer ama klase izan nahi dugun. Nik ez dut ama abnegatu bat izan nahi izan sekula, eta badago gauza berri samar bat niri deigarria egiten zaidana, agian minoritarioa izango da, baina nik abnegazioarekin lotzen dut: gauza fisiko hori, egunean 24 ordu haurra gainean eduki behar hori, haurrarekiko atxikimenduaren izenean. Tarteka, norbere espazioa behar da.

Haurra jaio zenean arazo bat izan nuen eta ia hilabete egon nintzen ingresatua. Atera nintzen haurrarekin eta etxean bakarrik nengoen, gizona kanpoan zegoen. Lehen gauean haurra hartu nuen eta bere gelan jarri nuen sehaskan, pentsatu nuen, “negar egiten badu, altxako naiz”. Eta gizonak esaten zidan, “ez dakit hori oso naturala den”, “ez dakit naturala den, baina nik ezin dut lorik egin; nik nire arnasa behar dut”. Lehenengo urtean ez genuen inora eraman, gurekin egon zen beti, ez du sekula zaindaririk eduki, beti bion artean zaindu dugu, gure aukera ez zen izan haurra edukitzea beste batek zaintzeko.

Gauza fisiko horrek, titia ematea 3-4 urte arte, gauza animal horrek niri beldurra ematen dit. Iruditzen zait badagoela aukeratzerik, zilegi iruditzen zait, nik ez dut kritikatuko, baina niretzat fisikoegia iruditzen zait, hori ez da nire aukera izan.

Animaliak gara, bai, baina oso animalia bereziak gara.

Emakumeek idatzitako euskal literaturan hamar liburutik 9 amatasunaren bueltan omen dabiltza, eta horietatik % 80k amatasunaren ikuspuntu negatiboa ematen dute, Gema Lasartek egindako ikerketa baten arabera. Horri zergatia bilatzen hasita, Eider Rodriguezek dio kanonean sartzeko erreakzio moduan izan dela. Zure lana, lehena izanik, ez zen negatiboa izan. Ez edulkoratzailea baina ezta negatiboa ere, zuk amatasunaren gazi-gozoak azaldu izan dituzu.

Nik ez daukat ikuspegi negatibo hori. Nik haurra izan nuenean 43 urte nituen. Ibilbide bat neukan, baneukan inguruko presioei eusteko ahalmen dezenteko bat, ez nintzen neska gazte galdu bat, ez ninduen inork behartu ama izatera... Gainera, nik beti defenditu izan dut bat izan daitekeela emakume osoa eta nahi duzun guztia haurrik gabe, eta orain defendatzen dudan gauza bera defendatzen nuen orduan.

Bestetik, gure kanona arra da, eta kito. Ez dute kanonean sartuko emakume idazlerik belaunaldi luzetan. Orduan, ahalegindu nahi duena ahalegindu dadila, baina gure kanona arra da.

Bolada batean ibili ginen biltzen emakume idazleak, eta hor ikusten zen gazteak emakume normalak zirela, tokatzen den adinean dituzte haurrak, lanbide bat dute, bikote bat... Nire belaunaldikoak ez gara emakume normalak izan. Nik banekien haurra izatea urtetan ez idaztea zela, nik hori banekien, ez nuen nire burua engainatu. Eta ama askori gertatzen zaie, nola orain oso nukleo txikitan bizi garen, haur jaio berri batekin duten lehen harremana beren haurra jaiotzen denean dela, lehen beste harreman bat zegoen. Baina emakume asko iristen da amatasunera bere haurra izanik besoetan hartzen duen lehena, eta mundu izugarri bat du, inongo esperientziarik gabe. Nik makina bat emakumeri entzun izan diet “jakin izan banu...”

Zahartzaroaz ere egiten duzu gogoeta 3 Mariak liburuan, zahartzaroaren tabuez, elkarren arteko odol loturarik gabeko familiaz… Transgresio berri bat, hori Zergatik Panpoxen edo Koaderno Gorrian baino kontzienteagoa izan zen?

Hori etorri zen gure ama zenaren heriotzarekin. 96 urterekin hil zen, ordu erdi bat lehenago arte primeran zegoen. Berarekin egotea, azken urteetan, zahar-kontuekin bueltaka ibiltzea zen, bere lagunak zaharrak ziren, bera zaharra zen, eta ni ere zahartzen hasia nintzen. Eta hasi nintzen irakurtzen zahartzaroari buruzko gauzak. Ideologia berriz ere. Eta pentsatu nuen fikzioa izan zitekeela zahartzaro desberdinak irudikatzeko modu bat.

Haurtzaroaz ere idatzi izan duzu, Zuri beltzeko argazkiak lanean. Liburu horren harira esan izan duzu ez zenuela paradisurik bizi izan. Haurtzaroa idealizatu egiten delako diozu hori edo zure haurtzaroa bereziki gogorra izan zelako?

Gure haurtzaroa ez zen bereziki gogorra izan. Nik uste dut haurtzaro zoriontsu batek bi gauza behar dituela, bi gauza funtsezko bakarrik: bata da maitasuna eta bestea da zaintza. Ez du balio “maite zaitut, baina ez dizut konturik egiten”; eta ez du balio, “kontu egiten dizut, baina ez zaitut maite”. Eta gu izan gara zainduak eta maitatuak. Giro pobre samar batean nahi baduzu, baina bi gauza horiek bagenituen eta zalantzarik gabe bagenekien zainduak geundela eta maitatuak ginela.

Lehen zahartzaro tradizionala aipatu dugu, eta zer da zahartzaro tradizionala? Edadeko pertsona bat, ahal dela sutondoan, belarri bila pelmada emateko eta gazte kontuak kontatzeko. Nik liburu horrekin erreparo ideologikoak nituen, nik ez dut atzera begira egon nahi. Nik ez dut paradisurik aurkitu haurtzaroan. Esaten da baloreak galtzen ari garela, baina zer balore? Ni haurra nintzenean zer balore ziren nagusi? Desberdina baztertzea; zibilak militarren menpe; elizaren beldur; gorputzarekiko beldurra; hezkuntzaren ikuspegi autoritarioa “la letra con sangre entra...” zer paradisu dago hor? Gure haurtzaroan ez zegoen paradisurik, baina ez bereziki zaila zelako.

Eta ornitologoak zer dio gaurko haurtzaroez?

Oso gauza zaila dela. Norbait heztea osagai oso desberdinak dituen koktela prestatzea da, eta koktel horren proportzioak desberdinak dira kasu bakoitzean: maitasunetik hau, diziplinatik hau, autonomiatik hau... eta familia bakoitzak kontsideratzen du bere nahasketa dagoela puntuan; zuk kontsideratzen duzu zurea dagoela puntuan, eta nik kontsideratzen dut nirea dagoela puntuan. Eta ni bezala egiten ez duenak, edo gehiegi edo gutxiegi egiten duela. Problema da, nire ustez, bakoitzak uste duela bere nahasketa dela perfektua.