Langa non jarri
* Familian gozatzeko kultur proposamenak, Nere Lujanbio arte adituaren eskutik
Batzuetan pentsatzen dut zorrotzegiak ez ote garen eskura dugun kultur-eskaintza haurrentzat egokia den ala ez erabakitzeko orduan (eduki eta balioen aldetik, ideologikoki, hizkuntzari dagokionez, iraupenean, estetikoki…). Gurasook jarritako langa guztiak gainditzen dituzten liburu, antzerki-obra, film eta abarrak egon badaude, noski, baina ahalegina egin behar da aurkitzeko. Eta tira, agian langa guzti-guztiak estropezurik gabe pasatzea ere ez da hil ala bizikoa izango haurrekin kulturaz gozatzeko, baina merezi du bilaketa horri denbora pixka bat ematea. Izan ere, hainbestekoa da inolako langarik ikusi ere egin gabe iristen zaigun «kultur(edo)-produktuen» eguneroko bonbardaketa!
Tira, hasteko, onar dezadan gurean nahiko malguak garela langa horiekin, eta noiznahi (nahi baino gehiagotan) etxeko egongelan sartzen uzten diogula, adibidez, Doraemoni, nahiz eta, goiko eskakizunak kontuan izanda, gomendatzeko moduko kultur edukien antonimoa bera izan (momentuz, haur txikiak ditugu etxean, bi urte egiteko ditu txikiak eta bost urte eta erdi nagusiak, eta beraz, oraingoz, Doraemon dugu «etsai»; etorriko dira beste «kontrario» batzuk…). Beraz, esan nezake, jarraian aipatuko ditudan proposamenak elkarrekin lotzen dituen haria katu-errobotaren marrazki bizidunek irudikatzen dituzten ereduetatik ahalik eta gehien urruntzea dela.
Etxeko egongelan bertan sarritan gozatu izan dugun film eder batekin hasi nahi dut haurrekin gozatzeko moduko kultur-eskaintzen «Top 10» hau. Animazioaren munduan klasiko bat izan arren, gaurkotasunik eta edertasunik galtzen ez duen harribitxia da Hayao Miyazaki japoniarraren «Totoro auzokidea» (1988) filma; harribitxia, haur zein helduentzat. Lan gutxi daude Totoro bezain ongi islatzen dutenak haurtzaroaren magia, irudimena eta askatasuna. Istorio hunkigarria eta zirraragarria kontatzen du, bizi-tzako alderdi gordinak ezkutatu gabe; eta pertsonaia eta irudi ahaztezinak aurkezten ditu. Munduarekin bakeak egitera bultzatzen zaituzten istorio horietako bat da, dudarik gabe. Filmen artean beste bat nabarmentzekotan, estetikoki eta kulturalki egiten duen ekarpenagatik, Michel Ocelot zuzendariaren «Kirikou eta sorgina» (1998) aipatu nahiko nuke. Kasu honetan ere, haurrek beraien tamaina eta ezaugarriak (gutxi gorabehera) dituen pertsonaia aurkituko dute protagonista eta heroi gisa: haur txiki, bizi, berritsu eta azkarra, bere herrikideak zorigaiztotik libratzeko direnak eta bi egiteko ausardia faltarik ez duena. Estetikoki oasi bat da Kirikou, bi dimentsiotako irudi lauekin egina, kolore eta paisaia eder-ederrekin osatua dago, eta filmetan, eta zer esanik ez haurrei zuzendutako edukietan, ia existitzen ez diren janzkeraz eta gorputz biluziz, dantzakeraz eta musikaz gozatzeko aukera aparta eskaintzen du.
Pantailak alde batera utzita, zailagoa egin zait liburuen artean hautaketa egitea, zorionez, gomendatzeko moduko liburu ederren aukera zabalagoa baita. Etxeko esperientziara bueltatuz, gurean, bi haurrekin arrakastatsu izan diren hiru liburu hautatu ditut, klasikoak hauek ere. Etxeko kutunenen artean dugu bereziki «Buruko hura nork egin zion jakin nahi zuen satortxoa» (Kalandraka). Haurrentzat hain natural eta helduontzat hain ezkutatu beharrekoa den gaia da istorioaren haria: kaka, alegia. Satorraren laguntzaile eta bere haserrearen lekuko bihurtuko gara buruko «hori» nork egin dion argitzeko ikerketan, eta bidean egingo dituen aurkikuntzatan. Haur-literaturan hain ohiko diren animalien munduan jarraituz, beste altxor txiki bat da «Beldar txiki jatuna» (Kokinos) liburutxoa, collage bidez egindako irudi koloretsu eta ederrez osatua. Eta hirugarren klasikoa, beste liburu bat: «Liburu bat» (Ttarttalo). 3Dz, bideojokoz, pantailaz eta efek-tu bereziz inguratuta bizi garen garaiotan, ze ederra den, soilik hiru puntu eta hiru kolorerekin, jolaserako eta gozamenerako hainbeste aukera ematen dituen liburua esku artean hartzea. Eta ildo berean, aurrekoaren oinordeko den «Koloreak» (Ttarttalo) ere. Azken honek, gainera, liburuko jolasak liburutik kanpo eraman eta eskuak margoekin «zikinduz» esperimentatzeko ideia ugari eskaintzen ditu.
Honaino etxe barruko kontuak; kulturaz etxetik kanpo ere gozatu behar dugu eta. Zorionez azken urteetan asko handitu da haurrentzako kultur-eskaintza, bai kopuruan eta baita kalitatean ere. Kultur zentro, museo, interpretazio-gune eta gisako guztietan ia derrigorra da haurrei zuzendutako programak edukitzea. Ez beti nahi bezala asebetetzen gaituztenak, baina, tira, eskertzen da ahalegina. Donostialdean bizi garenontzat, hor dugu, esate baterako, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoria, helduek zein haurrek goza-tzeko moduko historiak eta istorioak gordetzen dituen gunea, edo Tolosako Topic, txotxongiloen mundu liluragarriari eskainitako museoa. Baina oraingo honetan, lotsa apur batez (lantoki ere bai baitut) Donostiako Tabakaleran jarri nahiko nuke arreta.
Oso zabala da Egiako tabako fabrika zaharrak proposatzen duen kultur-eskaintza, eta irekita daramatzan bi urte luzetxotan heldu, gazte eta haur askoren aisialdi orduak igarotzeko gune garrantzitsua bilakatu da. Gainera, aterpeko hainbeste metro jendearentzat zabalik eskaintzen dituen eraikinak agerian utzi du, bereziki familiek, Euskal Herria bezalako lurralde euritsu batean aisialdiaz gozatzeko duten leku gabezia. Dena den, aterpea baino askoz gehiago ere eskaintzen die Tabakalerak haurrekin kulturaz gozatu nahi duten helduei. Bereziki da azpimarratzeko modukoa «0-6 Bizi!» ekimena. 2016an abiatu zen proiektua, adin tarte horretako haurrak zituzten familiekin elkarlanean, aisialdirako gune bat diseinatu eta elkarrekin eraikiz. Prozesu horretan aritutako kideak (heldu eta haur) orain «0-6 komunitatea» deritzon bilgunean elkartzen dira astero (interesa duenarentzat zabalik dagoen taldea da), material pedagogikoa pentsatu, proposatu, diseinatu eta eraikitzeko. Eta komunitate horretatik 0-6 programa proposatzen da: hilean behin ko-ikaskuntza praktikak, sorkuntza, elikadura, gorputz heziketa, eta abarrekin loturiko saio irekia, 0-6 urteko haurrei eta haien ingurukoei zuzendua.
Haur handitxoagoak dituzten familientzat, elkarrekin kulturaz (zentzu zabal batean) gozatu eta ikasteko «Do it in family» ekimena aukeran dago Hirikilabs, kultura digitala eta teknologia laborategian, astean behin, larunbat goizez. Ikasketa kooperatiboa ardatz hartuta, eta eginez ikasten dela lelo gisa jarraituz, familian eta famili artean teknologiarekin lotutako proiektuak pentsatu eta guztion artean garatzea da ekimenaren xedea, guztion iritziak kontuan hartuz, ezagutza ezberdinak baliatuz eta bakoitzaren erritmoak errespetatuz.
Eta gainera, hilean behin, larunbat arratsaldez, «Kamaleoiak Gara! Programa», haurrek eta helduok elkarrekin gozatzeko moduko musika, performance edo antzerki eskaintza doakoa; eta hilean behin, igande eguerdian, «Zinema familiartean»: animaziozko film laburren hautaketa paregabea, ohiko zinema aretoetan nekez ikusi ahal izango ditugun istorio txiki ederrez betea, heldu zein haur ahoa eta begiak zabal-zabalik uzten dituena. Eta gehiago; baina amaitzen ari zait tartea eta «autobonbo» itxura gehiegitxo ez ote den hartzen ari hau...
Pentsa dezagun langak jartzeak zerbaitetarako balioko duela. Behar bada, askotan, gure kontzientzia lasai mantentzeko modu bat da, baina, seguru asko, ondorio onak ere izango ditu haurrengan elkarrekin egiten ditugunetako batzuk behintzat mimoz, arretaz eta kontzienteki hautatuak izateak. Baina ez dago estuegia izan beharrik ere. Azken lerro hauek idazten ari naizela, etxean sartu dira aita-semeak, etxepeko parke batean jarritako Parisko Zirku Mundialaren emanalditik bueltan, poz-pozik. Zirkuak langa askorik ez zuen pasako, ia seguru, baina elkarrekin arratsaldea eta gustura asko pasa dute, eta horrek bai, langa guztiak gainditzen ditu.