Ez zait ume bat kabitzen buruan

2018-02-16

*Samara Velte kazetariaren eskutik

26 urte dauzkazunean, badakizu gehienez ere lau geratzen zaizkizula jendea zure umetokiko jarduerari buruz galdezka hasi aurretik. *Gaia* airean dabil jada zure inguruan. Eta *gaia* diot, oraindik halako ukiezintasunezko aura bat daukalako amatasunaren auziak. Niri, behintzat, deserosoa zait; eta are deserosoago sentitzen naiz ohartzen naizenean inguruko gazteek zenbateko normaltasunez onartzen dituzten emandako rol batzuk. 

 
 
Ez zait ume bat kabitzen buruan

 

Suposatzen dut kontraesan hori gure belaunaldiko emakume dezentek izango dugula. Alde batetik, neska koxkorrak ginenetik ikasitako rola daukagu, giza espeziea ez desagertzearen ardura osoa gure sorbaldetan eramango bagenu bezala edo. Nik baditut nerabezarotik euren seme-alaben izenak erabakitzen ari diren adiskideak, edota “ama gazte” izan behar zutela ziotenak. Atzeratu bai, baina saihestu ezin litekeen erabaki bat dirudi, kasik, gurasotasunak —nahiz eta, oraingoz, egunero ari diren erabakitzen haurrik ez izatea—. Bestetik, gaztaroan ikasitako teoria feministek alarma pizten digute rol horien aurrean, norbere autonomia familia tradizional baten mesedetan sakrifikatzeko beldurragatik. Gehitu horri katalogoetako bizimodua daramagula: alegia, sekula nahikoa bizi ez dugun irudipen hori, ez baditugu etengabe gauza berriak probatzen. “Orain, umea? Nola, bada, oraindik ez banaiz Sri Lankara joan?”. 

Horra gura kontraesan nagusia: erabaki ustez saihestezina da hartu nahi ez duguna. 

Baina nago erabakia hartzeko zailtasun handienetako batek ez daukala zerikusirik umeekin, inguruan ikusten ditugun amatasun ereduekin baizik. Ezinezkoa zait ama itxuraz bokazionalekin identifikatzea, eszedentzia luzeak har ditzaketen guraso irakasleekin eta Twitter kontuetan euren burua “Unaxen ama” edo “Juneren aita” bezala aurkezten dutenekin. Izutu egiten naute emakume gazteengan ikusten ditudan etxerako joerek, naturalismo berri baten izenean edo. Ama idealak izango dira akaso, baina niri ez didate balio eredu gisa. Haien alboan, saihestezina da norbere buruari begiratzea: 27 urte betetzear, 1.100 euro eskaseko soldatarekin —zorte pixka batekin lanpostu finkoarekin, edo ez—, zeinaren heren bat alokairuan joaten den; etxea beranduenez bi urte barru aldatu beharko dela jakinda; eta mila proiektu asmotan. Umea, akaso, kabi liteke bizitza horretan, baina ez nire buruan eraikita daukadan amatasun ereduan. 

Bi oztopo horiek eragozten didate gurasotasunaz modu zintzoan pentsatzea: ama izateko idatzi gabeko obligazioak eta, horren ondoren, ama ideala izateko beharrak. Faltan botatzen ditut eredu anitzagoak, beste modu batzuetan ere guraso izan litekeela erakusten dutenak, prekarioegia, berekoiegia edo zalantzatiegia izateko beldurrik gabe. Beharbada horrela ere has gintezke libreago hitz egiten guraso ez izatea erabakitzeari buruz.