Txikitik handira, pardeletik komunera
Behin baino gehiagotan entzun dugu haurrari pardela kentzeko presarik ez edukitzeko, berak utziko duela. Naturaltasunez jokatzea garrantzitsua dela. Baina, ba al dakigu zergatik den hain garrantzitsua itxarotea, haur bakoitzari bere momentua errespetatzea?
Umearen garapenean hainbat eta hainbat eraldaketa gertatzen dira eta horietako bat da esfinterren kontrola. Aldaketa garrantzitsua eta sakona, ertz guztietatik begiratuta. Myrtha Chokler psikomotrizista argentinarrak ikuspegi zabal batetik begiratzen dio esfinterren kontrolaren prozesuari: “Haurraren garapenean hainbat transformazio gertatzen dira, batzuk kanpokoak, baina batez ere barnekoak. Eta barruko eraldaketa horiei esker lortzen ditu konpetentziak umeak, bizitzeko eta gero eta autonomia handiagoa izateko beharrezkoak dituen konpetentziak. Horrela, poliki-poliki bere ni-a eta nortasuna eraikitzen joaten da”.
Prozesu hori 0-3 adin tartean gertatzen da. Aro horretan eratzen eta finkatzen da pertsonaren nortasunaren funtsa. Baina zer aldaketa izaten ditu haurrak? Zer eraldatzen zaio jaioberritan ibiltzen ez den, 3 urterekin koskak igotzen dituen eta 6 urterekin irakurtzen duen haurrari? “Hasieran haurrak bereizi gabeko atalak ditu, zatituak, emozioak ez ditu kontrolatzen” dio Choklerrek. “Oso ezegonkorra eta hasiberria den psikismoa eratzen eta konfiguratzen hasten da. Eta pixkanaka batasuna lortzen du, sendotasuna, jarraipena. Eta bere ni-a eraikitzen du. Bada, eraikuntza prozesu horretan hainbat eraldaketa gertatzen dira eta horiek adierazten dituzten seinale garbi batzuk daude: horietako bat da gorputzaren irudia eta norberaren gaineko irudia osatzea, eta horren barruan esfinterren kontrola”.
Esfinterren kontrolak dakartzan aldaketak
Denbora asko behar duen eraldaketa eta eraikuntza da; prozesu bat da, sortzen, eraikitzen, zuzentzen, egokitzen... joaten dena, eta gutxienez urtebete edo urte eta erdi behar dituena. Choklerrek adierazten duenez, “hasieran ume batek lehenengo aldiz komunera joan eta kasualitatez pixa edo kaka egiten duenetik, bere esfinterrak erabat kontrolatzera iritsi arte urtebete edo urte eta erdi pasa daiteke. Denbora tarte horretan eraldatze fisiko-biologikoak, psikikoak, emozionalak eta kulturalak izango ditu”.
Aldaketa nabarmenena edo ikusgarriena fisiko-biologikoa da. Bere gorputzeko zenbait atal ezagutzen, erregistratzen, diskriminatzen eta identifikatzen ikasiko du. Ikusten ez diren gorputzeko ataletako giharrak uzkurtzen ikasiko du, une jakin batean, indar egokiarekin eta behar den denboran muskulu horiek uzkurtuta edukiko ditu bere gorputzeko zatiak -pixa eta kaka- ez galtzeko. Geroxeago, sozialki onartutako beste leku batean, gihar horiek lasaitu eta zati horiek ateratzen utziko du. Zer tenkatu eta zer erlaxatu, non eta noiz erabaki behar du. Eta ez du automatikoki eta erreflexuz egiten, baizik eta nahita, bere gogoz. Gai da ‘orain eta hemen muskulu hauek estutu egingo ditut eta geroxeago lasaitu’ esateko eta egiteko.
Hori dena egiteko, agian zutik jarri beharko du, edo eserita, muskulu batzuk tenkatuz eta beste batzuk lasaituz, eta bien bitartean barruko organoetako muskuluak tenkatuta eduki beharko ditu oraindik pixa edo kaka ez ateratzeko. Gainera, hainbat mugimendu menderatzea ere eskatzen du: nola mugituko den erabakitzea, norantz, zein abiadura eta erritmotan, bidean zein oztopo dituen aurreikustea (eskailerak, ateak, objektuak...), zein distantzia mugitu behar duen... Hori dena egiten badu, gorputza ondo ezagutzen duen eta menderatzen duen seinale.
Aldaketa horiek behin eta berriz errepikatuko ditu, pausoz pauso gauza berriak deskubritzen joango delarik. Behin eta berriro ensaiatuko du nola kontrolatu bere gorputza, nola eutsi hemen eta orain. Pixa eta kaka egiteko leku batzuk diskriminatzen joango da, azkenean leku egokian utzi arte.
Mandatu kulturala
Prozesu hori guztia barneratzearekin batera, beste bat ere barneratzen du, Choklerrek argitzen duenez: ordena sinbolikoa. Beste modu batera esanda, mandatu kulturala edo bera bizi den kulturak markatzen duen ohitura. Gure kasuan, ezin da pixarik edo kakarik egin jaten dugun lekuan, edo jolasten ari garen lekuan, edota lo egiten dugun lekuan. Hori da umeak jasotzen duen mandatu soziala. Horrela, jolasten edo zerbait interesgarria egiten ari bada ere, hori utzi eta pixa edo kaka egitera komunera joateko gai izango da. Nahiago izango du jolasten jarraitu, baina pixaguraren edo kakaguraren sentsazioak eta batez ere mandatu sozialak (‘hemen ezin duzu pixa edo kakarik egin’) ez diote jolasten jarraitzen utziko, komunera joateko erabakia hartuko du eta joan egingo da.
Beste transformazio bat alderdi psikologiko eta emozionalarena da. Esfinterrak kontrolatzeak heldutasun handia edukitzea eskatzen du. Izan ere, esperientzia berriak bizitzen ditu haurrak. Zer sentitzen du geldirik egon eta hanka tartetik bat-batean pixa ateratzen zaion ume batek? Zer esperimentatzen du hanka tartetik kaka ateratzen baldin bazaio? Choklerrek dio haurra konturatzen dela bere gorputzeko zatiak direla eta askatu egiten zaizkiola, eta ez dakiela ez zergatik askatzen zaizkion eta ezta nola ere. Eta gainera, ‘zikina, dena zikindu duzu’, edo ‘Ajjj, kaka! A ze kira-tsa!’ entzun eta helduen umiliazioa jasan behar du. Konturatu gabe bere gorputzeko zati bat anputatu baliote bezala sentitzen da. “Horregatik askok ez dute komunera joan nahi, zeren kaka komunetik behera joaten dela ikusten dutenean, bere gorputzaren zati bat desagertzen dela sentitzen dute eta ikaragarrizko larritasuna bizitzen dute” gehitzen du. “Horregatik eskatzen dute ume askok kaka egiteko berriro ere pardela jartzeko; kaka hortxe gelditzen denean soilik sentitzen direlako seguru”. Hori dela eta, gorputza galtzeak sorrarazten dizkion larritasun eta antsietate horiek jasateko, errekonozitzeko eta onar-tzeko gaitasun psikiko handia behar dela azpimarratzen du. Eta ez da ahaztu behar haur baten eta heldu baten pentsamenduaren logika eta emozioak desberdinak direla.
Ez da entrenamendurik behar
Orain arte esandako guztia ezagutzen da eta Choklerrek dioenez gero eta gehiago dakigu ume bakoitzaren heltze erritmoez -erabat indibiduala dena- eta garapenaren prozesuen konplexutasunaz. Horregatik, gero eta gehiago baloratzen da norberak bere konpetentzietan eta gaitasunetan eduki behar duen konfiantza “sozialki” ezarritako jarrerak hartu ditzan -bakoitzak bere garaian eta mailan-.
Era berean, jakina da haurraren iniziatiba, autonomia eta kalitate afektiboa errespetatzea funtsezkoa dela. Horregatik azpimarratzen du Choklerrek argi dagoela esfinterren kontrolak ez duela entrenamendurik behar, eta are gutxiago muga edo baldintzarik, ez eta zigorrez eta sariez jositako irakaskuntza berezirik ere. Umearentzat “helduen” munduan sartzea esan nahi du, sozializatzea eta kultura partikular batean barneratzea. Giro abegitsu eta interesgarri batean umea besteei begira adi egoten da eta gozatu egiten du helduak imitatuz. Esfinterren kontrolak ez du entrenamendurik behar, baizik eta laguntza, aldamenean egotea. Pardelaren erosotasunari eta bere beharrak une horretantxe asetzeari uko egitea erabakitzen duenean, eta horren ordez askoz ere zailagoa den portaera bat onartzeko eta egiteko interesa eta desioa agertzen duenean, helduaren enpatia behar du haurrak. Urtebete-edo iraungo duen denbora horretan bere ahaleginak ulertuko dituen heldua behar du.