Zer garrantzi du gorpuntzak ikaskuntza-prozesuan?

2018-05-21

* Amaia Navascues eta Maider Urrutia ‘Gorputzaldiak’ egitasmoko kideen eskutik

Gorputza beti presente dagoela eta ikaskuntza-iturri dela oinarritzat hartuta, hezkuntzan ustez gorputzari arretarik eskaintzen ez zaion agertoki honetan, oso garrantzitsua iruditzen zaigu gure buruari galdetzea zer ikaskuntza ari garen kontzienteki edo inkontzienteki sustatzen eta beste zer ikaskuntza sustatu nahiko genukeen.

 
 
Zer garrantzi du gorpuntzak ikaskuntza-prozesuan?

 

Proiektu pedagogiko bat da Gorputzaldiak, eta gorputza, mugimendua eta dantza bultzatzen ditu hezkuntza formalean irakasteko eta ikasteko prozesuetarako tresna pedagogikotzat; horrela, hurbilagotik ezagutu ahal izan dugu hezkuntzan gorputzak zer egoera duen, eta hainbat hezkuntza-eragilerekin batera aritu gara, ekin-tzan oinarritutako beste metodologia batzuk txertatzeko.

Eskolaren gorputzaldia 

Hezkuntzan nahiz gizarteko gainerako esparruetan, gorputzaren eta buruaren bereizketan oinarritutako gorputz-ikuspegiaren herentziak eragin handia izan du gure burua eta besteak hautemateko moduan. Herentzian jasotako ikuspegi hori gorputzaren instrumentalizazioaren eta objektualizazioaren bidez gauzatu da denbora luzean hezkuntzaren esparruan, eta ezagutza kognitiboak barneratzeko euskarri hutsa izan da; gorputza geldiaraztea, kontrolatzea eta heztea izan da helburu nagusia, ikaskuntzarako oztopo izan ez dadin. Hala ere, egoera horretan ere, gorputzek ikasten jarraitzen dute: emozioak blokeatzen eta zapaltzen ikasten dute, mugimenduaren eta bat-batekotasunaren bulkadak desaktibatzen, beren zentzumen-bideak ixten, etab. Horrez gain, azpimarratu behar da Gorputz Hezkuntza ikasgaia izan dela tradizionalki gorputzarekin ikasteko eremu bakarra, eta duela oso gutxi arte kirolarekin lotuta egon da nagusiki.

Gorputzaren gaineko begirada hori aldatzen ari den arren, eta, poliki-poliki, ikaslea begirada osatuago batetik eta metodologia berrien bidez ulertzen saiatzen garen arren, gaur egun oraindik, mahaien atzeko aulkietan eserita igarotzen dute ikasleek egunaren zatirik handiena, eta estatikotasuna da nagusi ikasgeletan ikusten diren paisaietan. Dena den, gero eta hezkuntza-eragile gehiago ari dira hainbat planteamendu aintzat hartzen: askotariko adimenak, adimen emozionala edo pedagogia aktiboagoak eta parte-hartzaileagoak, adibidez; horrez gain, eskolako altzariak edo eremuak berriro diseinatzen ari dira eragileak, bai eta mugimenduan oinarritutako proiektuetan parte hartzen ere, eta horrek adierazten du egiteko beste modu batzuetarako pausoak ematen ari direla.

 Puntu honetan, hezkuntza formaleko hezkuntza-eragileekin egindako lanean ikusi dugunez, hezkuntza-etapek askotariko errealitateak jasotzen dituzte, eta, ikasleak goiko etapetara igarotzen diren heinean, gero eta gehiago urrutiratzen dira mugimendu-ohituretatik eta beren gorputzarekiko harremanetik. Esate baterako, Haur Hezkuntzan, mundua gorputzaren bitartez aztertzeko eta aurkitzeko espazioa dute gaur egun; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, aldiz, eskakizun akademikoek eta irakasteko eta ikasteko prozesuak garatzeko moduek asko mugatzen dituzte gorputza, emozioak eta norberarengandik abiatutako esperientzien eraikuntza.

Hori dela eta, beharrezkotzat jotzen dugu fokua gorputzetara zuzentzea eta ikasgeletan gorputz horiek nola erabiltzen diren eta zer ohitura eta trebetasun garatzen dituzten galdetzea; baita gorputzetik abiatuta, zer-nolako ikaskuntzak sustatu nahi ditugun gogoeta egitea eta horretaz jardutea ere.

Gorputz esanguratsuak ikasuntza-prozesuan 

Hainbat egilek landu dute gorputzera arreta zuzentzeak duen garrantzia, haurrek beren inguruko mundua ekintzaren bitartez ezagutzen dutela esaten baitute; hau da, mugimendua ikasteko baliabide naturala da. Izan ere, txanpon beraren bi aldeak dira mugimendua eta gorputza; alde batetik, gorputzak mugimendua behar du eraikitzeko, fisiologikoki eratzeko nahiz askotariko funtzioak garatzeko. Bestetik, mugimendua eta ekintza gorputzaren funtsezko funtzioak dira. Hortaz, mugimenduaren ondorio da gorputza, eta mugitzeko sortua da, eta, beraz, ez dago garapenik mugimendurik gabe. Horrela, bizitzak berezkoa du mugimendua, ikaskuntza-iturri delako eta esperientziak eraikitzen dituelako.

Ikuspegi horretatik, D. Fischman-en (2008) lanean oinarrituta, “esperientzia konstruktibo gisa ulertzen da ezagutza: ekintza bakar batean hautematen, sortzen eta aldatzen da. Ikuspegi horrek ekintza, pertzepzioa, emozioa eta ezagutza hartzen ditu barnean”. Modu horretan, ikaskuntza-, pentsamendu- eta sormen-prozesuak gorputz osoari dagozkio, eta ez garunari soilik; eta sentipenak, emozioak, mugimenduak eta ezagutzak hezurmamituta daude. Azken batean, pertsonak bere konpetentziak ezagutzeko eta garatzeko, beharrezkoa da haren gorputzetik iristen diren ongizate eta plazerezko sentipenak aurkitzea.

Alde horretatik, ikaskuntzarekin lotutako mugimenduaren ahalmen batzuk adierazpenarekin eta komunikazioarekin, sozializazioarekin eta identitate-zentzuarekin zerikusia dutela uste dugu.

Hitzezkoa ez den adierazpenaren bitartez, sentipenak, pertzepzioak, premiak, nahiak, interesak eta abar adierazten dira. Gorputza da gure lehen mailako hizkuntza, eta, askotan, argi esaten du komunikatzeko beste bide batzuek adierazi ezin dutena. Y. Levyren (2008) lanean azaltzen denez, “prozesu dinamikoa da mugimendua, eta, mugimenduaren bidez, emozioek, pertzepzioek, motibazioek eta pertsonen arteko elkarrekintzek adieraztea lortzen dute.” Bereziki interesgarria da adierazpide hori haurtzaroan, hitzen bidez ezin dutenez, hitzezkoa ez den adierazpenak errealitatea ulertzen, lantzen eta aldatzen laguntzen baitie.

Sozializazioa da gizakiaren ezaugarri nagusietako bat; hau da, izaki sozialak gara beste ezeren gainetik, eta, beraz, funtsezkoa da talde-sentipena sendotuko duten eta elkarbizitzaren oinarrizko hainbat balio (errespetua, integrazioa edo lankidetza) garatuko dituzten jarduerak bultzatzea. Existitzeko, ezagutzeko eta asetzeko beste gorputz batzuk behar dituzten gorputzez ari gara; gorputz horietan, barnekotasunak eta kanpokotasunak bat egiten dute, eta badira herentzian jasotakoaren eta ikasitakoaren arteko gorputz-dinamikak ere: markak, keinuak, jarrerak, mugimenduak eta aldatzeko beharrak.

Gorputzak historia, herentzia, aginduak, bizipenak, irudiak, etab. dira, baita ere, eta horrek guztiak eraiki-tzen du gizabanakoaren nortasuna eta nortasun kolektiboa. Horregatik da interesgarria gutaz dugun irudi horretara begirada zuzentzea, proiekta-tzen dugun irudira, eta gure gorputz sentikorrari entzutea. Ikasleek beren gorputzari buruz duten ezagutza ez da beren gorputz-errealitatearen ezagutza puntuala edo kontzeptuala; bizipenetan oinarritutako ezagutza globala eta funtzionala da, beren buruaz irudi bat egiteko aukera ematen diena. Nerabezaroko etapa bereziki sentikorra da nortasunaren garapenarekin, aldaketa fisiologiko, morfologiko, psikologiko eta emozional handiko prozesu batean murgilduta baitaude ikasleak; gorputza aldatzen ari zaie etengabe, eta gorputzetik abiatutako lanketa oso lagungarria izan daiteke garai horretan.

Gorputza, ezagutzak eraikitzeko bitartekari 

Orain arte azaldutako planteamenduak jaso ahal izateko eta hezkuntza-jardunbideetan mugimenduaren eta ekintzaren bidez ikaskuntza sustatuko duten aldaketak bultzatu ahal izateko, beharrezkotzat jotzen dugu gorputz sentikorra sustatzea, hala, gorputza eduki edo xede huts gisa lantzeaz gain, askotariko ikaskuntzetan sakon-tzeko bitartekari gisa erabil dadin.

Honako hauek egin ahal izango ditugu gorputzaren bitartez: norberaren ezagutzan sakondu, adierazi, aukerak zabaldu, sormena eta irudimena erabili, mugak ezagutu, gure emozioetan sakondu, besteekin topo egin, erabakiak hartu, esperimentatu eta errealitatea aldatu.

Beraz, gorputza bitartekari gisa hartuta, ikaslearen garapen integrala sustatzeko aukera izango dugu, eta alderdi psikologikoa, kognitiboa, soziala, afektiboa eta fisikoa hartuko ditugu aintzat. Hezkuntza formalaren testuinguruan, oinarrizko zehar-konpetentzien eta oinarrizko konpetentzia espezifikoen bidez jasotzen dira curriculumean pertsona osatzen duten alderdi horiek guztiak. Beraz, alderdi horiek landu ahal izateko, konpetentziak nola garatuko ditugun aztertu behar dugu, mugimendua txertatuz eta edukiak gorpuztuz, hortik ezagutzak eraikitzeko.

Gure esperientziaren arabera, hezkuntza-errealitate askotan errepikatzen diren kezkak eta oztopoak daude oinarrian gorputza eta mugimendua dituzten proiektuak aurrera eramateko orduan, besteak beste: eskoletako espazioen egituraketa zurruna, irakasleek zeregin eta erantzukizun gehiegi hartzea beren gain, irakasteko eta ikasteko prozesuen xede akademikoen eta edukien saturazioa edota mugimenduarekin lotutako hezkuntza-proposamenak garatzeko tresna zehatzak behar izatea.

Hala ere, agertoki konplexu horretan, gorputza gero eta pisu handiagoa hartzen ari da irakasteko eta ikasteko prozesuan. Fokua gorputzetan jartzeko kezka hori eskoletako arrakaletatik lerratzen ari da, eta elkarrizketetan, artikuluetan, dinamika esperimental txikietan edo ikasteko tresna gisa mugimendua proposatzen duten berariazko proiektuetan gorpuzten ari da. Gaia pil-pilean dago, eta, beraz, une egokia izan daiteke guztion artean kozinatzen jarraitzeko eta gorputzak eta mugimenduak hezkuntza-prozesuetan eskaintzen dizkiguten aukerak aktibatzen laguntzeko harremanak eta lankidetzak ezartzeko.