Ostiralean irekiko ditu ateak BIRSORTUren guneak

2020-01-22

Arrasaten egokitu da egoitza eta hasiera batean Debagoienako ikastetxe guztiei eta iaz Birsorturen esperientzia pilotuan parte hartu zuten 13 ikastetxeei bideratutako espazioa izango da.

 
 

Haurrek esperimentatzeko eta ikerketzeko duten grinaren pizgarri izateko eta sormena lantzeko proiektu berri bat ekin diote elkarrekin Hik Hasik eta Emaus Gizarte Fundazioak. Italiako Reggio Emiliako haur eskolen Remida proiektuan du oinarria egitasmoak eta honako helburua du: haurrekin prozesu hezitzaile, kultural eta sozial bat bultzatzea lortu nahi da, industriak baztertutako materialari balorea emanaz. 

Ostiralean irekiko den guneak 40 m2ko azalera izango du eta eskolentzako prestatuko den materialaren bilgune izateko funtzioa beteko du. Debagoienako ikastetxe guztiei eta iaz Birsorturen esperientzia pilotuan parte hartu zuten 13 kastetxeei bideratutako espazioa izango da hasiera batean, nahiz eta helbura Euskal Herri osora zabaltzea den. Egun jakinetan, arratsalde partean egongo da zabalik, irakasleak bertaratu eta interesatzen zaien materiala doan hartzeko. 

18:00etan izango da irekiera ekitaldia eta bertan izango dira Hik Hasiko, Emauseko, ikastetxeetako eta herriko, eskualdeko zein lurralde mailako hainbat ordezkari. 

Proiektuari buruzko informazio gehiago hemen.