Joxe Mari Auzmendi hil da, Hik Hasiren arima

2020-02-13

Otsailaren 13an hil zen Joxe Mari Auzmendi. Hik Hasi egitasmo pedagogikoaren sortzaile eta bultzatzaileetako bat, taldeko arima.

1995ean hainbat irakaslerekin hik hasi egitasmo pedagogikoa sortu zuen Joxe Marik, irakasleen formazioa euskaraz bermatzeaz gain, irakasleen arteko kohesioa eta harremana bultzatzea zuen helburu. Hori izan da urte hauetan guztietan Joxe Mariren iparra: auzoan, komunitatean eta Euskal Herri mailan ere hezkuntzaren bidez herri kohesioa jostea.

Balioetan sinetsi duen pertsona izan da, eta balioetan oinarrituriko hezkuntza ereduan, euskal hezkuntza eredu propioaren alde egin du lan. Azken ordura arte.

Plazer bat izan da bizitza zurekin partekatu izana, Joxe Mari.

 
 
Joxe Mari Auzmendi hil da, Hik Hasiren arima

Azkaraten (Nafarroa) jaioa 1954an, haur zelarik Legazpira joan zen bizitzera familiarekin. Aitaren atzetik, Legazpiko Patricio Etxeberrian aritu zen lanean, kimikari, irakasle izan aurretik. Legazpiko Haztegi ikastolan hasi zen irakasle lanetan. Ondoren, Irakasle Elkartean aritu zen eta  LAB irakaskuntzako Gipuzkoako lehen liberatua izan zen.

1995ean HIK HASI sortzeko lanetan hasi zen hainbat irakaslerekin batera. Abiapuntuan bi oinarri zituen Joxe Marik bultzatutako egitasmoak: batetik, herriarekiko atxikimendua, hau da, guztientzako euskal eskola egikaritzeko nahia; eta bestetik, eskola berriaren ildoa. Argiaren egoitzako bulego txikian egin zituzten lehen urteak.

Josi Oiarbide irakaslea sorrera hartan zegoen: “egitasmoagatik baino gehiago Joxe Marigatik batu nintzen ni Hik Hasira eta ni bezala beste asko. Hasiera hartan inork gutxik sinesten zuen euskaraz egin zitekeenik hezkuntza aldizkari bat baina Joxe Marik benetan sinesten zuen baietz eta hasiera-hasieratik transmititzen zuen grinak, pasioak, baikortasunak eta ilusioak erakarri gintuen proiektura. Eta lan ikaragarriaren ondorio da Hik Hasik urte hauetan guztietan egin duen ibilbidea. Hik Hasiren gorputza eta arima izan da”.

1995eko maiatzean argitaratu zuten HIK HASI aldizkariaren 0 alea eta irailean lehen zenbakia. 1996ko  maiatzean bertan formazioko adarra abiatu zuen HIK HASIk, irakurketa eta idazketa konstruktibistaren inguruko jardunaldiekin. Hasieratik euskara eta pedagogia berritzaileak izan ditu Hik Hasik, ortzimuga horietan zeukan jarria begirada Joxe Marik.

Kohesioa, elkarlana, balio hezitzaileak, euskara, izan dira Joxe Mariren lanaren zutabeak. Kemena, indarra, umorea, zituen herrigintzarako lan tresna. Eta argitasun eta bisio handiarekin ikusten zuen hezkuntza-panorama eta nazio eraikuntza.

Edozein ideia entzuteko prest zegoen eta hezkuntzan, herrigintzan, giza balioetan eta euskalgintzan ekarpen bat egingo bazuen ideia hark, heldu eta gauzatzen ahalegintzen zen. Horren adibide dira Haur-jolasen abestiak; Zatoz jolastera, Jolasen altxorra eta Ilargiaren sekretua pelikulak, hainbat liburu (Elbira Zipitriari buruz, Joseba Sarrionandiaren Idazlea zeu zara, Euskal Herrian erreferente diren pedagogoak…), Gida pedagogikoa, Udako Topaketak, HAZI HEZI haziera aldizkaria…

Hik Hasiren proiektu propioez gain, hezkuntzan eta euskalgintzan ekarpen handiak eta interesgarriak egin ditu. Beti ere ikuspegi nazional eta bateratzailetik eztabaidatu du eta egin ditu ekarpenak: Gunea, Hezkuntza Akordioa, Euskararen kontseilua… eta lan horiei jarraipena emanez, azken urteetan eta azken unera arte, Hik Hasiren Hezkuntza Proposamena, Bizipoza eta Oinherri ontzen eta bultzatzen aritu da bete-betean. 

Joxe Mari ez du bere lanak soilik deskribatzen. Bere goxotasuna, baikortasuna eta gizatasuna izan dira bere izaeraren zigilu, lankideengana eta baita inguruko guztiengana transmititu dituenak. Jendea zaintzen jakin du. Berezia izan da Joxe Mari. Kementsua, indartsua, baikorra eta, batez ere, banatzen gaituenari ez eta batzen gaituenari begiratzen ziona.