Natura ezagutu, natura maitatu eta zaintzeko

2020-09-24

Landarlan ingurumen-elkarteak naturanhezten.eus web-orria sortu du, Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergo edo Lanbide Heziketa arteko haur eta gazteei eta haien irakasleei naturaren hezkuntzan sakontzeko aukera emateko.

 
 
Natura ezagutu,  natura maitatu eta zaintzeko

erbait zaintzeko lehendabizi ezagutu egin behar da”; printzipio horretatik abiatu da Landarlan ingurumen-elkartea www.naturanhezten.eus web-orria sortzeko. “Gure gizartean eta etorkizunean izango dugun erronka handietako bat gure natura-ondarea babestu eta hobetzea izango da, baina, gaur egun dauzkagun ezagutza eta pertzepzioekin, ezin gara helburu horretara iritsi”. Horren ondorioz, Landarlan elkarteko kide Garazi Auzmendik azaldu duenez, oinarrietara jotzea erabaki dute, “natura ezagutuz maitatu eta maitatuz babesteko”: haurrei eta nerabeei, eta orobat ikasle eta herritar guztiei, natura ezagutarazteko eta sentsibilizatzeko baliabideak eskaini nahi dizkiete www.naturanhezten.eus proposamen didaktikoan.  Ezagutza eta sentsibilizazioa dira, hain zuzen ere, Naturanhezten proiektuaren lehen helburuak, eta bigarren xedea naturaz naturan bertan gozatzea da: “Liburuak eta beste baliabide batzuk oso aberasgarriak izan daitezke natura ezagutzeko, baina beharrezkoa iruditzen zaigu naturarekin zuzeneko harremana eta lotura berreskuratzea; kanpora irteten garenean eta, zer esanik ez, umeak eta gazteak irteten direnean, ukituz, esperimentatuz, usainduz, hotsak entzunez jasotzen dugu natura, eta liburuetatik eta ikastetxe barruan ia-ia lortu ezin daitekeena da hori”.

Natura berez hezitzailea dela nabarmendu du Auzmendik, eta ikuspuntu horretatik garatu dute elkartean proposamen didaktikoa. “Naturak lagundu egiten dio pertsonari ikaskuntza-prozesuan, bai maila teknikoan eta baita maila pertsonalean ere. Esate baterako, erlatibizatzen ikasteko aukera ematen du, oreka bilatzen laguntzen du... Naturak, bere prozesu eta gertaeren bitartez, gauza asko erakusten ditu, hainbat kontzeptu zentzumenen bidez hautemanez barneratzen baitira”. Auzmendiren arabera,  naturak bizitza osasuntsu, solidario eta bidezko baten oinarriak finkatzen laguntzen du. “Gizarte honek behar dituen balioak dira, eta landareei eta animaliei begiratuz, gure oreka, gure bizitza eta gizartearen ongizatea aberasten luke”.

Arazo-egoerak proposatzen ditu web-orriak baliabide metodologiko gisa, ikasleek talde-lanean ebatzi beharko dituztenak. Hezkuntzametodologia ez-gidatuaren aldeko apustua egin dute, ikaslea bere ikasketa-prozesuaren protagonista bihurtu dadin, eta irakaslea gidari gisa kokatzen dute web-orriko baliabideek, azalpenak ematen dituena izan beharrean. “Ikasleak ikas dezala bere kasa, esperimenta dezala, lagunekin ikas dezala, eta irakasleak lagundu diezaiola gidari gisa”.

 

Egoerak eta erronkak oinarri

Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergo edo Lanbide Heziketa arteko haur eta gazteei zuzenduriko egoerak proposatzen dituzte lau mailatan, eta ingurumen-hezkuntzan sakontzearekin batera, beste hainbat alor lantzen dituzte zeharka, hala nola natura-zientziak, gizarte-zientziak, gorputz-hezkuntza, euskara, biologia, geologia, arteak eta beste hainbat. Proposamen bakoitzak curriculumei loturiko irakaskuntza-alorrak zein diren zehazten du, irakasleei laguntzeko asmoz, baina alor guztiak zeharka lantzen dira. “Hainbat gai uztartuko dituzten arazoen lanketa bultzatu dugu; arazo-egoera bat lantzeko, esate baterako, biologia, gizarte-zientziak eta alor artistikoko lanketaren bat egin beharko dute ikasleek... Eguneroko bizitza errealean aurki ditzaketen arazoen antzekoak aurkituko dituzte proposamenetan, ikaskuntza-alorrak horizontalki eta zeharka lantzen baitira”. Honela hasten da, esate baterako, DBHrako proposaturiko arazo-egoera bat: “Interneten lan bat egiten ari zinen bitartean, kartel erakusketa batekin topo egin duzu. Horietako asko ezagutzen dituzula iruditu zaizu. Argazki-erakusketaren iruzkinetara jo duzunean, kartel horien aldeko eta aurkako mezu ugari irakurri dituzu. Badirudi gai gatazkatsua dela mugimendu ekologistena”.

Arazo-egoera ebazten laguntzeko euskarri gisa, proposamen bakoitzak irakaslearentzako PDF dokumentu bat du erantsirik, non arazo-egoeraren testuingurua, ataza, helburuak eta jarraibideak zehazten diren. Gida-orriez gain, haur, nerabe eta gazteek gaietan sakondu ahal izateko, ikus-entzunezko dokumentazioa daukate eskura, Landarlanek berak aurrez egin zuen Aralar, mundua leku den lurra dokumentalerako prestaturiko materiala egokitu baita web-orrirako. Baliabide gehigarri horretan, hainbat elkarrizketa ikus eta entzun daitezke, hala nola Aranzadi zientzia-elkarteko adituei eginak, Joseba Garmendiari, Maialen Arrietari, Pako Etxeberriari edota Fermin Leizaolari; EHUko geologia-taldekoei eginak, Arantza Aranbururi, Arturo Apraizi edota Iñaki Antiguedadi, adibidez, eta beste hamaika ingurumen-adituri egindakoak ere bai.

 

Osasuna babesteko, naturara

Pandemiaren erdian sareratu du Landarlan elkarteak www.naturanhezten.eus web-orria, ikastetxeak itxita zeuden eta haurrek kalera irteteko muga estuak zituzten asteetan. Aurrera begira, eta irailean ikasturte berria nola hasiko den argitzeke dagoen honetan, Auzmendik uste du web-orri hau eskola-jarduera arruntean nahiz online ingurunean baliatu daitekeen tresna dela. “Arazo–egoerak taldean ebazteko proposamena egiten du web-orriak, elkarrekin gehiago ikasten dela pentsatzen dugulako, eta, gaur egun plataforma digitalen bitartez talde-lana egin daitekeenez, pandemia-egoeran egonagatik ere, egingarriak ikusten ditugu proposamen didaktikoak”. Webak duen beste xedea ere egingarria iruditzen zaio, naturara irtetea eta haur, nerabe eta gazteek ingurune horretan esperimentatzea eta ikastea; are gehiago, pandemia-egoeran erraztasunak emango lituzkeen testuingurua dela dio Landarlaneko kideak: “Osasunari dagozkion segurtasun-neurriak eta distantziak bermatu ahal izateko erraztasunak ematen ditu naturak”.

www.naturanhezten.eus

 

 

Egilea

Landarlan ingurumen-elkartea (Goierrin sortu zen ingurumen-elkarte bat da, 2003koa, baserritar, ekonomialari, erretiratu, idazkari, ingeniari, ingurumen-hezitzaile, industria-langile, irakasle, unibertsitate ikasle eta abarrek osatua). Web-orria Orklik, Kutxa Fundazioak eta Irizarrek babesten dute.

 

Mailak

Haur Hezkuntzarako, Lehen Hezkuntzarako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako eta Lanbide Heziketarako arazo- goerak planteatzen dira.

 

Web-orriaren egitura

Ikasleentzako arazo-egoerak proposatzen dituzte; ikaskuntza-arloak zeharka lantzeko pentsatuta daude, baina erreferentzia zuzena egiten diete curriculumeko ikaskuntza-arloei. Ikasleek arazo-egoerak taldeka ebaztea proposatzen da, eta, gidatzeko, irakaslearentzako txosten  metodologiko bat osatu dute.

Arazo-egoera bakoitzak ikus-entzunezko baliabide gehigarri bat dauka, Aralar, mundua leku den lurra dokumentalerako prestaturiko bideozatiekin osatua.

 

Web-orriaren atalak

Arazo-egoerez eta bideoez gain, Ingurumen Hezkuntzarako baliabide interesgarriak biltzen ditu, bai eta mapak ere (oraingoz, Aralarkoa bakarrik; laster, gehiago).