Juan Kruz Lakasta (zutabea): Egiazko gertakarietan oinarrituriko gogoeta

2020-10-29

Konfinamenduak iraun zuen bitartean, gure 12 urteko alaba Maddik txakalaldi bakarra eduki zuen: bizpahiru eguneko motelaldia. Gainontzean, ederki eutsi zion itxialdiari, kemenez, aldarte onez. Meritua badu, jakina. Neska zoragarria da (bereziki haren aitaren begietara). Baina meritua ez ezik baditu gure langile auzoko ikastetxe publikoko hainbat ikaslek ez dituzten zenbait gauza: lasai egoteko moduko etxe duin bat, etxerako lanak prestatzeko edo lagunekin bideodeiak egiteko Interneteko konexio on bat, erosketen saskian gutizia apetatsuak sartzeko eta hilabete amaierara iristeko arazo handirik ez duten bi guraso. Laburbilduz, maila sozioekonomiko on bat. 

 
 
Juan Kruz Lakasta (zutabea): Egiazko gertakarietan oinarrituriko gogoeta

 

Edonola ere, gure alabak hiru eguneko apalaldia izan zuen. Astelehenarekin hasi zitzaion kopeta iluntzen. Asteartean negarraldi isil batek begiak gorritu zizkion. Asteazkenerako berpizten hasi zen. Eta ostegunerako betiko Maddi bizia zen. 

 

Asteartean haren tutoreak deitu zigun. Irakasleak egunero bere hogeitaka ikasleekin bideodeia egiten zuen. Eta astearterako jabetua zen Maddi ez zegoela onenean. Nola ohartu zen galdetu genion, Maddik deus esan ote zion. Haren arrapostua, Maddik ez ziola deus esan, ez onik ezta txarrik ere, eta horrek kezkatu zuela, gela digital zein analogikoetan oso parte-hartzailea izaten ei baita. Bideodeiko hogeitaka leihotxo txikiei adi, horretaz (ere) jabetu zen.

 

Irakasleak bazekien gure Maddi goizetan bakarrik geratzen zela etxean, haren ama eta biok, biok ala biok kazetariak izanda, lanean geniharduen bitartean. Bazekien, halaber, Maddiri haur txikiak gustatzen zaizkiola. Eta eskaintza egin zion: gelako bideodeia amaituta, beste bat egitea irakaslearekin eta bere hiru alaba txikiekin, elkarri txisteak kontatzeko. Ez zen beharrezkoa izan. Baina irakaslea prest zegoen. 

 

Prest egon zen bezala egunero, baita konfinamenduaren sasoirik gogorrenean ere, ordenagailurik ez zuten ikasleen etxeetara joateko, etxerako lanak paperean eramatera. Eta behin gai bat ulertzen ez zuelako etsiturik zebilen ikasle baten etxera joan eta, etxean sartu gabe, eskaileretatik, segurtasun distantzia mantenduz baina aurrez aurre, ditxosozko gaia azaltzeko.

 

Hori guztia eta gehiago egin zuen irakasleak: ikasturtea amaiturik, hiru astez elkartu zen goiz eta arratsaldez ikasleekin auzoko parkean, martxan zuten erronka solidario bat (eta, esan gabe doa, Lehen Hezkuntzako 6. maila desastrosoa zein ikastolako ziklo osoa) behar bezala ixteko. 

 

Txarrenean onena eman zuen Maddiren irakasleak: segurtasuna eta curriculuma ahanzteke, ikasleen arteko desoreka sozioekonomikoak oso gogoan, haurren ongizate emozionala lehenetsi zuen, zerbitzu publikorako sen, eta engaiamendu, eredugarri batez.

 

Nahiago nuke hezkuntza komunitateko eragile guztiek bizi gaituzten koronabirus garaiotan irizpideak Maddiren irakasle ohiak bezain argi balituzte. Tamalez, ez dirudi hala denik. Ez, behinik behin eta besteak beste, administrazioen utzikeria eta zenbaitzuk protesta egiterakoan darabiltzaten leloak ikusita.