'Hezkuntza Plazara' ekimenak mobilizazioak deitu ditu abenduaren 1erako

2020-11-10

Euskal Herriko hainbat hezkuntza komunitatek Hezkuntza Plazara egitasmoa aurkeztu dute Gasteizko Mariturri eskola atarian, azaroaren 6an, tokian toki, hezkuntza komunitatea aktibatu eta bestelako hezkuntza eredu baten aldarria plazaratzeko asmoz. Pandemiaren testuinguruan hezkuntzan bizi den egoeraz kezka eta premia larria gizarteratzeko Hezkuntza Plazara agiriaren atxikimendu bilketa egiten ari dira, eta mobilizazioak deitu dituzte abenduaren 1erako.

 
 
'Hezkuntza Plazara' ekimenak mobilizazioak deitu ditu abenduaren 1erako

"Iazko ikasturte amaiera latza izan zen, gizarte osoarentzat bezala, hezkuntza-komunitatearentzat ere. Baina, aurtengoaren hasiera ez da hobea izan, eta ikastetxeetan dauzkagun beharrei erantzuteko beharko litzatekeen plangintzarik gabe jarraitzen dugu". Horren aurrean, aldarrikapen hauek egin dituzte:

Baga. Hezkuntza komunitatearen lana aitortu.

Biga. Administrazioen utzikeria salatu.

Higa. Hezkuntza komunitatea erdigunera

Laga. Hezkuntza komunitatea eta herritarrei deialdia

Boga. Abenduak 1 mobilizazio egun koloretsua

Mobilizazioei dagokienez, hezkuntza komunitateari deitzen diote "eragile" izatera: "egin ditzagun gure herri/auzoak errealitate honen partaide, gure aldarrikapenen defentsara bilduz. Izan ere, hezkuntza ez da eskolaren ardura soila gizarte osoaren ardura baizik, egin dezagun herria ere hezitzaile. Mobilizazio egunean aipatutako aldarrikapenak gizarteratzearekin batera, bakoitzak bere egoera eta behar propioak gehitu ditzan animatzen ditugu ikastetxeak, toki bakoitzean erabakitako formatuan: mobilizazio klasikoak izan daitezke ( manifestazioak, argazki erraldoiak) edota ideia berritzaileak arakatu (lip dupak, antzerkiak, eskolak kalera ateratzea), goizeko jardunean atera gaitezke kalera edota arratsaldekoan, leku bakoitzean eraginkorren ikusten duzuen bezala".