Editoriala: Harpideei eskerrik asko eta zorionak!

2020-12-03

Ametsak errealitate bihurtzeko, ametsak eduki behar dira. Eskuak ere behar dira, taldea. Babesa eta zaintza ere bai. Hik Hasi egiteko, harpideak behar dira. Harpideei esker bete ditugu 25 urte.

Hartu hondarra esku artean eta badoa hatz artetik; har ezazu ura esku artean, baietz alde egin ertzetik. Baina guk beste esaera bat ikasi dugu Hik Hasin: hartu amets bat eskuetan eta joan zaitez bere atzetik…

Harpide egiteko: http://www.hikhasi.eus/Harpidetza

 
 
Editoriala: Harpideei eskerrik asko eta zorionak!

Ametsak errealitate bihurtzeko, lehenik eta behin, ametsak eduki behar dira. Ondoren, eskuak —taldea, laguntza— behar izaten dira; batzuetan baliabideak, izan materialak edo bestelakoak, eta babesa behar izaten da, sustengua, ekarpena, dirua, geriza, zaintza... Hik Hasi egitasmo pedagogikoaren zutabe, oinarri, euskarri, sustengu harpideak direla diogunean, harpideen lanen ekarpenez, kolaborazioez, parte-hartzeaz eta proiektuari ematen dioten laguntza ekonomikoaz ari gara. Ez litzateke Hik Hasirik izango harpideok hor ez bazeundete!

Hik Hasiren inguruan hartu eta emaneko harremana sortua dago, denak irabazten ateratzen diren horietakoa. Harpideek heziketa erdigunean jartzen duen komunitateko kide sentitzeko aukera dute; Hik Hasik komunitate horren beharrak asetzeko eta eragile izateko ahalegina egiten du. Denak ematen eta denak jasotzen. Denak elkar zaintzen.

Baina ez gara horrekin konformatzen. Hik Hasi komunitatea haztearekin amesten dugu. Oraindik betetzeko dauzkagun ametsak hezkuntza komunitate osoarekin partekatzeko eta erronkak elkarrekin erdiesteko. Eta ametsak errealitate egiteko askatasuna behar da. Harpideok ematen diozue askatasuna Hik Hasiri. Aldizkari honen atzean diru irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat baitago
—Xangorin—, eta ez diru-laguntzen menpe, ez iragarleen menpe egoteko, harpideek, hondarrik hondar, egiten duzuen ekarpen ekonomikoa funtsezkoa da hezkuntza berrikuntzaz euskaraz informatzen jarraitzeko.

Euskal Herrian euskarazko irakaskuntzan diharduten irakasleek eta hezitzaileek bere sentitzea nahiko genuke Hik Hasi. Euskal Hezkuntza komunitateko kide izateko erreferentzia garrantzitsua da erreminta hau, bai aldizkaria eta egitasmo pedagogikoa, oro bat.

Hik Hasikide izateak kontzientzia hartzea esan nahi du, Euskal Herriko hezkuntza esparruan dagoen komunitate bateko kide izatearen kontzientzia, horrek duen esanahi osoarekin, hartu eta eman, eman eta hartu horrekin. Eta irakurle zaituztegun irakasleok kontzientzia hartzea nahiko genuke. Irakurle izatetik harpide izateko urratsa egitera animatu, Hik Hasikide bihurtzera gonbidatu...

Hondartza handi batean hondar ale bakoitza txiki-txikia da, baina ale horietako bakoitza behar da hondartza osoa egiteko. Harpideak ezinbesteko dira Hik Hasi egiteko... Har ditzagun ametsak eskuetan eta joan gaitezen haien atzetik... geroa elkarrekin idatziko
dugu!