Haurreskolak Partzuergoko langileek borrokan jarraitzen dute

2021-02-12

Lau aldarrikapen nagusi dituzte EAEko Haurreskolak partzuergoko langileek: zerbitzuaren doakotasuna; Partzuergoa Hezkuntza Sailean integratzea eta horrekin batera, haur hezkuntzako etapa bere osotasunean kontuan hartuko duen eskaintza egitea; Momentu honetan indarrean dauden akordioak eta lan hitzarmena errespetatzea eta betetzea eta langileen egonkortasuna. Abenduaren 22an Bildu zen Hezkuntza Saila Partzuergoko mahai negoziatzailearekin, baina LAB, ELA eta Steilas sindikatuaren arabera, egoera ez zen inondik inora onbideratu. Orduz geroztik, hainbat mobilizazio egin dituzte, eta egingo dituzte. Otsailaren 22, 23 eta 24an greba egunak deitu dituzte.

 
 
Haurreskolak Partzuergoko langileek borrokan jarraitzen dute

EAEan Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen duen 0-3 urte bitarteko hezkuntza zerbitzu publikoa bermatzeko, hauek dira aurrera begira Haurreskolak Partzuergoko langileek proposatzen dituzten neurriak:

· "Doakotasuna: zerbitzu publikoa izanda ezinbestekoa da berdintasun printzipioa bermatuko duen neurri hau martxan jartzea. Hezkuntza zerbitzua unibertsala eta familia guztientzako eskuragarria izatea nahi dugu eta horregatik, 2018an EAEko Legebiltzarrak onartu zuen moduan, Eusko Jaurlaritzari doakotasuna helburu duten urratsak ematea eskatzen diogu".

·" Integrazioa: gaur egun, 0-3 urte bitartean egiten den eskaintza publikoa Haurreskolak Partzuergoaren bidez egiten da. Bada momentua Haur Hezkuntzako bigarren zikloarekin batera, umeen beharrak erdigunean kokatuko dituen eskaintza publiko integral bat emateko. Horregatik, ezinbestekoa ikusten dugu Haurreskolak Partzuergoa Hezkuntza Sailean integratzea eta horrekin batera, haur hezkuntzako etapa bere osotasunean kontuan hartuko duen eskaintza egitea".

· Momentu honetan indarrean dauden akordioak eta lan hitzarmena errespetatzea eta betetzea. Era berean, Hezkuntza Publikoaren gainontzeko sektoreetan egiten ari den bezala, gurean ere, lan hitzarmen berria negoziatzeko bidea zabaltzea.

· "Langileen egonkortasuna: kalitateko zerbitzua bermatzeko ezinbestekoa da egun lan egiten dugun langileon behin behineko tasarekin eta hezitzaileen desplazamenduekin bukatzea eta horregatik, administrazio osoan eskatzen dugun moduan, Haurreskolak Partzuergoan ere kontsolidazio prosezua martxan jartzea eskatzen dugu".

 

Aldarrikapenak entzunarazteko, otsailaren 22, 23 eta 24an greba egunak deitu dituzte.