Joxe Mari Auzmendi omendu du Hik Hasik Hernanin

2021-03-01

Duela urtebete zendu zen Joxe Mari Auzmendi Hik Hasikidea. Pasa den larunbatean bere omenezko ekitaldia egin genuen Hernaniko Biteri kultur-etxean, udalaren laguntzarekin. Joxe Mari Auzmendiren hainbat balio gogoratu genituen ekitaldian: ausardia, euskaltzaletasuna, zaintza, batasuna eta jostun-lana. Gal ez daitezen, ahaztu ez daitezen.

 
 
Joxe Mari Auzmendi omendu du Hik Hasik Hernanin

Hik Hasiko kideek agurra dantzatu ondoren, Maialen Lujanbio eta Joseba Sarrionandiaren hitzekin hasi zen ekitaldia, eta jarraian, Joxe Mariren bost balioak gogoratu genituen. Euskaltzaletasunari loturik, Joxe Marik egindako lan guztia euskaraz eta euskararentzako egin zuela gogoratu genuen,  Joxe Mari nor eta zer izan zen gogoratzeko euskara erdigunean jarri behar baita. Hik Hasi sortzeko unean ere euskara izan zuen erdigunean. Eta sorrera horren 25. urteurrena gogoratzen dugun urte honetan, Hik Hasi sortzeko amets hura gauzatzen lagunduz zioten irakasle eta kideak ere omendu genituen, esker onez.

 

Joxe Mariren omenaldi barruan egin genuen omenaldi txikiarekin batera, ekitaldiko beste une gogoangarri bat Elkartzailea hitzaren bueltan gertatu zen. Joxe Mariren nahi, desio eta helburu garrantzitsua izan baitzen euskal hezkuntza komunitatean kideak eta kide sentitzen ez zirenak elkartzea. Eta premisa horrekin bultzatu eta osatu zuen Joxe Marik Hik Hasiren barruan azken urteetan Hezkuntza Proposamena. Proposamen hori berau hezkuntza eragileei banatu zieten Hik  Hasiko sare eta lurralde guztietako sei kidek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzi; kristau eskolen zuzendari nagusi Mikel Ormazabali, ikastolen elkarteko lehendakari Koldo Tellituri, Sortzeneko Elisabet Zubiagari, EHIGEko Lurdes Imazi eta Heizeko Iñigo Salaberriari.

 

Bukatzeko, albiste on batekin itxi genuen ekitaldia. Ikasturtea amaitu aurretik Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Beka jarriko du martxan Hik Hasik, Hernaniko Udalaren laguntzarekin. Joxe Mariren hainbat baliotan oinarriturik (euskara, inklusioa, hezkuntza hobekuntza eta herri hezitzailea) dauden proiektuak diruz eta aholkularitzaz laguntzeko hezkuntza komunitateari zabalduko zaion beka izango da.

 

Aipaturikoez gain, Xabi Zabalak, Porrotxek, Marimototsek, Morauk eta Hik Hasiko kideek hartu zuten parte Kontxi Aizarna irakasleak gidatutako ekitaldian.