Zer ondorio izaten ari da pandemia irakasleen egoeran?

2021-03-12

COVID-19aren hedapen azkarrak osasun-, gizarte-, psikologia-, ekonomia- eta hezkuntza-ondorioak ekarri ditu mundu osoan.

Egileak: Maria Dosil eta Naiara Ozamiz, PSIDES taldeko kideak. Nahia Idoiaga, Naiara Berasategi, Maitane Picaza eta Amaia Eiguren KIDEON taldeko kideak

 
 
Zer ondorio izaten ari da pandemia irakasleen egoeran?

Pandemiaren hasieran, eskolak ixtea izan zen mundu osoan urruntasun sozialari eusteko eta infekzioak gutxitzeko baliabiderik erabilienetako bat eta Euskal Herrian ere bai; COVID-19aren pandemiak eragindako lehen neurri murriztailea ikastetxe guztiak ixtea izan zen. 2020ko martxoan eskola eta unibertsitate guztiak itxi ziren. Ondorioz, irakaskuntza-jarduera guztiak (eskolaurreko hezkuntzatik hasi eta unibertsitate-hezkuntzaraino) online modalitate bihurtu ziren.

2020ko martxotik hona, irakasleek estresa pilatu dute eskola telematiko berrien eta pandemia baten erdian ikastetxeak berriro irekitzeak eragin duen ziurgabetasunaren ondorioz.

2020ko irailean, Euskal Herriko eskola eta unibertsitate gehienek ateak ireki zituzten berriro, eta, 2020-2021 ikasturte berriari aurre egiteko, ziurgabetasun-sentimendu orokorra sortu zuen irakasleengan.

Berriki egindako azterlanetan adierazi denez, itxialdian, maisu-maistrek estres-maila handiak jasan dituzte, online eskolak ematera denbora errekorrean egokitu behar izan dutelako.

UNESCOk dagoeneko identifikatu du irakasleen egonezinaren arrazoia, eta hiru egoeren ondorio dela adierazi du: zentroak ixtean hartutako neurrien bat-batekotasuna, haien iraupenari buruzko ziurgabetasuna eta urrutiko hezkuntzarekiko familiartasun eskasa.

Etxeko lan-karga eta irakaskuntza areagotzearen ondorioz, hainbat irakaslek estresa izan dute, antsietatearen, depresioaren eta loaren nahasmenduaren sintomekin batera. Gainera, pandemiaren aurretik egindako azterlanetan egiaztatu zen etxetik informazio- eta komunikazio-teknologiak erabiliz lan egiteak tentsioa, antsietatea, nekea eta laneko gogobetetasuna murrizteko sentimenduak sor ditzakeela hainbat irakaslerengan.

Era berean, estres-egoera horrek hainbat irakasleren osasunean ondorioak izan ditzake eta, ondorioz, gaixotasunagatiko, absentismoagatiko eta lan-errendimendu eskasagatiko bajak izan ditzakete. Horregatik, garrantzitsua da irakasleen osasun emozionala zaintzea, horrek ikasleen ongizate emozionala eta konpromisoa iragartzen baititu, estres-maila ere murriztuz.

Irailean itzuli ziren eskolak, baina irakasleek eta ikastetxeek ez zuten argi zer egin behar zen egoera berriaren aurrean eta kezka handia izan zuten. Gainera, neurri sanitarioak ezartzeko ardura eskola, institutu eta unibertsitate bakoitzaren esku geratu zen.

Egoera horren aurrean, Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza Fakultateko diziplinarteko talde batek 2020-2021 ikasturtearen hasieran irakasleek bizi izan duten sintomatologia psikologikoa aztertu nahi izan zuen.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako irakasleek ikastetxeak berriro ireki zituztenean erakutsi zuten sintomatologia neurtu zuen ikerketak. Horretarako, 1.633 irakasleren lagina bildu zen. Parte-hartzaileen % 79,7 emakumeak ziren eta % 20,3 gizonak, 42,6 urteko batez besteko adina zutenak.

Irakasle horiei online egin zitzaizkien galderak. Galdetegi horrek, datu soziodemografikoak jasotzeaz gain, estresa, antsietatea eta depresioa neurtzen zituen DASS-21 eskalaren bidez. DASS-21 eskala 21 item dituen galdetegi bat da, eta estres, antsietate eta depresio sintomak neurtzen ditu.

Emaitzen arabera, irakasle askok antsietate, depresio eta estres sintomak zituzten. Gainera, generoa, adina, lan-egonkortasuna, eskolak ematen dituzten hezkuntza-maila eta gurasoen egoera bezalako aldagaiek ere eragina dute sintomatologia horretan.

Lagineko irakasleen % 50,6k estresa zutela adierazi zuen; horietatik % 4,5ak estres oso larriaren berri eman zuen, eta % 14,1ak estres larriaren berri. Irakasleen % 49,5ak adierazi zuen antsietatea zuela; horietatik % 8,1ak sintoma oso larriak eta % 7,6k sintoma larriak zituela. Azkenik, irakasleen % 32,2k adierazi zuen depresio sintomak zituela; horietatik % 3,2k sintoma oso larriak deklaratu zituen, eta % 4,3k sintoma larriak.

Generoari dagokionez, emakumeek izan zituzten puntuazio altuenak antsietatean eta estresean gizonekin alderatuz. Eta, adinari dagokionez, parte-hartzaile zaharrenek izan zituzten antsietate- eta estres-maila handienak. 

Halaber, aldeak sortu ziren parte-hartzaileek seme-alabak eskola-adinean izatearen edo ez izatearen arabera, seme-alabak eskola-adinean zituztenek estres-maila handiagoak erakutsi baitzituzten. Azkenik, lan-egonkortasunari dagokionez, hiru hilabete baino gutxiagoko lan-kontratua zutenek izan zituzten puntuaziorik altuenak depresioari, antsietateari eta estresari dagokienez. Halaber, aldeak sortu ziren irakaskuntzako etapen artean; Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleek izan zituzten puntuazio altuenak antsietateari dagokionez, unibertsitatean irakasten dutenekin alderatuta.

Hainbat irakaslek ondoez psikologikoa izan zuten 2020-2021 ikasturte berriaren hasieran. Sintomatologia hori handiagoa izan da emakumeen artean gizonen artean baino, baina, espero genuenaren kontra, adineko pertsonen artean eta Lehen Hezkuntzako irakasleen artean handiagoa izan dela ikusi da. Espero bezala, laneko ezegonkortasuna duten pertsonek jasan dute sintoma psikologiko gehien.

Emaitza horiek adierazten dute oso garrantzitsua dela irakasleen osasun mentala babestea, ikasleen ongizatea eta kalitate handiko irakaskuntza bermatzeko. Beraz, arreta psikologiko berezia eskaini behar zaie pandemia honen eraginarekiko ahulenak diren irakasleei, krisi honi hobeto aurre egin diezaioten eta, ondorioz, beren irakaskuntza-funtzioa hobeto bete dezaten. Azken batean, kontuan izan behar dugu gazteek krisi garai honetan jasotzen duten hezkuntzak etorkizuneko gizartea markatuko duela. Beraz, hezkuntza hau goi mailakoa izatea nahi baldin badugu, hezkuntza ematen duten pertsonen ongizate psikologikoa babestu behar dugu.

 

Nola egin aurre irakasleak bizitzen ari diren sintomatologia

psikologikoari

Hurrengo lerroetan, pandemiak sortu duen sufrimendu psikologikoari aurre egiteko aholku batzuk agertzen dira.

- Harremanak: garrantzitsua da familia eta lagunekin kontaktua izatea. Gaur egun agian zailagoa da kontaktuan egotea bete behar ditugun urruntze-neurriak direla eta, baina garrantzitsua da ez isolatzea eta jendearekin kontaktua mantentzen jarraitzea, telefonoz bada ere. Bestalde, etorkizunerako plan bat prestatzea ere ondo egon daiteke lagunekin edo familiarekin elkarbanatuko dugun ilusio bat gordetzeko. Bakarrik bizi bagara, isolatuta ez gaudela sentiarazteko mekanismoak ere bilatu ahal izango ditugu, hala nola: pertsona maiteei, senideei edo lagunei telefonoz deitzea eta teknologia berriak erabiltzea, edota beste pertsona batzuekin harremanetan egoteko plataformak erabiltzea (Skype, Hangouts, mugikorrarekin egindako bideodeiak eta Smoothy, beste batzuen artean).

- Kirola: kirolari dagokionez, gure eguneroko errutinaren barruan denbora bat eskaini behar diogu gure egoera fisikoa hobetzeari, horrek ere lagunduko baitu hobeto egoten eta, era berean, eragina izango baitu gure egoera animiko eta emozionalean. Errutina fisiko bat egiteko ordu erdi aurkitzen badugu, gure osasuna ez ezik, gure egoera animikoa ere hobetzea lortuko dugu. Ez da beharrezkoa trebetasun fisiko handiak izatea; pertsona bakoitzak ondo datorkion jarduera bat aurkitzea, motibatzea eta egunero ariketa fisikoa egiteko ohitura hartzea da egokiena. Garrantzitsua da bakoitza bere mailara egokitzea. Hasiberrientzako zein maila aurreratuko errutinak daude. Hobe da egunero pixka bat egitea izugarrizko esfortzua egin eta berriro errepikatu nahi ez izatea baino. Gainera, familian praktikatzeko edo une horiek ikaskideekin edo lagunekin partekatzeko aprobetxa daitezke. Hainbat aplikazio edota webgunetan (Youtube, Instagram...) errutina zehatzak edo online zuzeneko saioak bila daitezke. Muskulazio eta tonifikazio edo indar-ariketen errutinak, luzaketak bezain onuragarriak dira, betiere gure mailara egokitzen baldin badira. Bakoitzak gehien motibatzen dion kirola praktikatu behar du. Adibidez yoga, pilates, luzaketak, entrenamendu funtzionala, zumba edo aerobic.

- Zaindu pentsatzen duzuna emozio positiboak izateko: antsietatea arrisku eta tentsio sentimendu bat da, sufrimendu handia sortzen duena zerbait gertatuko delako usteagatik. Beldurra benetako arriskuarekiko proportzionala edo handiagoa izan daiteke. Pentsamendu distortsionatu edo irrazionalek eragin zuzena dute emozioetan. Horregatik, adi egon beharko dugu antsietatea dugun uneetan zer pentsamendu mota agertzen diren aztertzeko. Pentsamendu distortsionatuak errealitatea negatiboki interpretatzen dugunean agertzen dira normalean. Pentsamendu distortsionatuek sentsazio negatiboak dakartzate eta, ondorioz, antsietate-depresio egoeretara eraman gaitzakete. Horregatik, garrantzitsua da identifikatzen eta pentsamendu positiboagoengatik aldatzen ikastea.

- Kontuz pantailekin eta telebista gehiegi ikustearekin: pantailak neurriz kanpo erabiltzeak ikusmenean nekea, giharretako mina etab. ekar ditzake. Beraz, mugatu dezagun pantailen erabilera. Telesbistari dagokionez, albistegiak gehiagotan ikusten dituzten pertsonek pandemia garaian probabilitate gehiago dute depresio sintomak izateko. Bilatu informazio egokia. Bilatu informazio ofiziala. Gehiegizko informazioa saihestu eta gezurrak edo zurrumurruak ez zabaltzen lagundu, norbere buruarengan eta besteengan larritasuna eragin eta areagotu baitezakete. Izan zuhurra eta lagundu mezu eraikitzaileak helarazten.

- Banandu zure bizitza pertsonala bizitza profesionaletik: lanean denbora gehiago pasatzeak ez zaitu profesional hobea bihurtzen, eta ez zaitu zure lanarekin konprometituago jartzen. Ezin zara benetan emankorra izan bizitza pertsonal osasungarria izateko lekurik ez baldin badago. Bai, badakigu deskonektatzea zaila dela eta konpondu gabe geratu den “gauza hori” konpontzeko tentazioa sentituko duzula. Baina, egia esan, beti egongo da zerbait egiteko, eta hobe da horrekin bizitzen ikastea.

Argi izan zer axola zaizun benetan. Ziur zaude lanean pasatzen dituzun gehiegizko ordu horiek guztiak garrantzitsuak direla? Ez duzu pentsatu falta duzun denbora libre preziatu hori plangintza hobearekin lor zenezakeela? Aurkitu “off” botoia. Bai, nonbait egon behar duen hori... Argi daukagu ez dela batere erraza lanetik deskonektatzea, eta beti egon daitekeela hori gogorarazten digun zerbait, baina pentsamendu hori alboratzen saiatu behar duzu, askatasun gehiago lortzeko.

- Erlaxazioa: erlaxazioa praktikatzea esku-hartze ez-farmakologiko egokia izan daiteke antsietateari aurre egiteko. Erlaxazio-teknikek lasaitasun- eta ongizate-sentimenduak sortzen dituzte, loaren higienea hobetzen dute, loezinari aurre egiten diote, immunitate-sistema indartzen dute eta estresari aurre egiteko gaitasuna areagotzen dute. Gainera, energia maila, pentsamendu positiboak eta sormena handitzen dituzte eta norberaren irudi positiboa sortzen laguntzen dute.

Erlaxatzeko teknikarik ezagunenak Jacobsonen pixkanakako erlaxazioa, arnasketa-teknikak, bisualizazioak eta Schultzen entrenamendu autogenoa dira.

Jacobsonen erlaxazio progresiboa gorputzeko muskulu-talde ezberdinak tenkatu eta erlaxatzean datza. Horrekin, gorputz osora hedatzen den erlaxazio muskularra lortzen da, eta hau, erlaxazio psikologikoa ere bilakatzen da.

Sabeleko arnasketa edo arnasketa diafragmatikoa, sabelaldeak aurrerantz zabaltzean uzten duen espazio hutsa birikak zabaltzeko aprobetxatzean datza, diafragmak, hedapen horretan, beherantz joateko joera baitu. Metodo horren onurak askotarikoak dira: energia gehiago ematen du, azalaren digestioa eta itxura hobetzen du, emozioak kontrolatzen laguntzen du, nekea murrizten du eta antsietate-sintomak hobetzen ditu.

Bisualizazio teknikak emozio positiboekin lotutako irudi mentalak eratzean datza, eta, azkenean, gorputza eta burua erlaxazio-egoera sakonera eramaten dituzte.

Schultzen entrenamendu autogenoa kontzentrazio pasiboko sei ariketatan oinarritzen da, gorputzak berak berez sortzen dituen sentsazioetan. Metodo honek, estresarekiko erreaktibitatea murrizten du, egonkortasun emozionala hobetzen du, antsietate egoerak eta sintomak murrizten ditu eta kontrol pertsonalaren sentsazioa areagotzen du.

Oraindik ez dakigu zein izango diren pandemia honen ondorio psikologikoak. Ikerketa batzuek estres postraumatikoa izango dugula baieztatzen dute. Horregatik, inoiz baino gehiago zaindu behar dute irakasleek beren buru-osasuna, haur, nerabe eta helduen heziketa haien esku baitago, etorkizuna haien esku baitago.