Hik Hasi Bizkaia: eman eta jaso

2021-03-26

Ikasturte honetan, Hik Hasik 25 urte betetzen ditu. Bide oparo eta emankorra egin du, bejondeigula. Orain dela bost urte, baina, Hik Hasik 20 egin zituen, eta urte horretan sortu genuen lagun batzuen artean Hik Hasi Bizkaia. Beraz, aurten ospakizun bikoitza eduki beharko genuke urte bakoiti honetan. EIDER PALMOU (HIK HASI BIZKAIAKO KIDEA)

 
 
Hik Hasi Bizkaia: eman eta jaso

 

Ordura arte, hainbat hezitzaile bizkaitar batzen ginen tarteka Donostiarako bidean Hik Hasiren inguruan, eta behin baino gehiagotan aipatzen genuen Bizkaian sortu behar zela egitura minimo bat, prestakuntzak eta jardunaldiak antolatu ahal izateko eta Bizkaiko heziguneetan eragiteko. 2015eko udan, Leioako Irakasle Eskolan batu ginen hainbat pertsona, eta hor hasi ginen Hik Hasi Bizkaiari forma eta egitura ematen. 

Udagoien horretan hasi ginen batzen Leioan, eta galdera batzuei erantzunak bilatzen aritu ginen: zein prestakuntza behar zuten Bizkaiko heziguneetako kideek eskolan bertan zein handik kanpora, eta zelan eman erantzuna prestakuntza behar horiei. Batu ginenak, gainera, esparru askotarikoak ginen: eskolako hezitzaileez gain, unibertsitateko irakasleak, aisialdian lanean dihardutenak eta abar. Joxe Mari Auzmendik akuilu-lan itzela egin zuen harremanak errazteko.

Lan-ildoak eta horiek lortzeko antolaketa adostu ostean, gure burua jendaurrean aurkezteko unea heldu zen. Bilbon egin genuen, Euskararen Etxean, guk gure hezkuntza osoa euskaratik eta euskaraz ulertzen dugulako, ezinbestean. 

Udako topaketa pedagogikoen antolaketa gure gain hartu genuen, bai eta 0-6 urteko haurren hezitzaileentzako udazkeneko jardunaldiak ere. Baina, 2018an, Bizkaiko udako azkeneko topaketak egin genituen, birformulatzeko beharra ikusten genuelako: kokapena, datak… Horregatik, hitzaldi-emanaldiak egiten hasi ginen Bilboko Harrobia ikastolan. Lehenengo, Alvaro Beñaranek haurren nahasmenduari buruz hitz egin zigun, eta, gero, Amelia Barquinek hezitzaileoi eta generoari buruz. Oso berbaldi arrakastatsuak izan ziren.

Emanaldi horien harira, harremanak izaten hasi ginen Bizkaiko hainbat eragilerekin, aisialdi eta hezkuntzari lotutakoekin, aurrera begirako erronkak zehazteko eta Bizkairako planteamendu bat egiteko. 2020ko lehen hilabeteetan, bide bat zirriborratzen aritu ginen eta, orduantxe, pandemia etorri zen. Horrek aitzakia perfektua dirudi, bai, eta hala da kasu batzuetan, baina egia da gelditu egin genuela bide-orri hori. Horrek ez du esan gura beharrik ez dagoenik, seguruenik inoizko beharrik handiena dugu Bizkaiko hezitzaileok trinkotzeko, prestatzeko eta abarrerako, eta argi ikusi da hori konfinamendu-garaian Hik Hasik antolatutako laborategietan.

Hik Hasik kolektibo moduan gauza asko ematen dizkigu (eta eman ahal dizkiogu), baina niri neuri ere eman dit. Elikatu egin nau, jende eta proiektu interesgarri asko ezagutzeko ateak ireki dizkit, munduan zehar egiten diren aurrerabide pedagogikoak etxeraino ekarri dizkit, eztabaidarako beharrezkoak diren guneak zabaldu dizkit, eta abar. Eta hori beti Euskal Herriko ikuspegi batetik abiatuta. Jendarte-eraldaketarako eragile dugu Hik Hasi, beharrezkoa eta ezinbestekoa. Beste 25 urterako, topa dagigun!