Mobilizazioa eginen dute maiatzaren 29an Baionan, murgiltze ereduaren alde

2021-05-25

'Euskarak murgiltzea behar du' goiburuak batuta, Ipar Euskal Herriko hezkuntza eragileek, euskalgintzak eta hainbat hautetsik bat egin dute eta  manifestazioa egingo dute Frantziako Konstituzio Kontseiluak eskualdeko hizkuntzen murgiltze ereduaren aurka hartu berri duen erabakia salatzeko. 16:00etan izango da euskarazko irakaskuntzaren defentsarako manifestazioa, Baionan. 

 
 
Mobilizazioa eginen dute maiatzaren 29an Baionan, murgiltze ereduaren alde

Frantziako Konstituzio Kontseiluak Hizkuntza gutxituen aldeko legea atzera bota zuen maiatzaren 21ean, 4. eta 9. artikuluak Frantziako Konstituzioaren aurkakoak direla esanez. Hau da, murgiltze eredua Konstituzioaren aurkakoa zela ondorioztatu zuen eta baita frantsesak bere ez dituen zeinu diakritikoak (adibidez "ñ") dokumentu ofizialetan erabiltzea ere. Konstituzio Kontseiluaren erabakiaren ondotik, Asanblea Nazionalak legea berrikusi ahal izatea eskatu zuten hainbat diputatuk, baina bi egunera legea sinatuta aukera horri atea itxi zion Emmanuel Macron presidenteak. Gauzak horrela, bere horretan sartu da indarrean legea eta, orain, Frantziako Konstituzioa aldatzea da aukera bakarra eskualdeko hizkuntzei eta, beraz, euskarari kendutako babesa emateko. Ondorioz, murgiltze eredua ez da sartuko Frantziako Hezkuntza Kodean eta beraz, Ipar Euskal Herriko ikastetxe publikoetan euskaraz osoki ikasteko aukerari atea itxiko zaio.

Euskalgintzak eta hezkuntza eragileek gogor gaitzetsi zuten Konstituzio kontseiluaren ebazpena eta Eneritz Zabaleta zuzenbide doktoreak adierazi zuen “gerla deklarazio bat” izan dela Gobernuaren neurria. Haren aburuz, Seaska bera zalantzan jar lezake, ebazpenaren arabera itunpeko eskola izateko ezin baita murgiltze eredua proposatu. “Ondorioz, Seaska, Diwan eta Calandreta, estatuarekin kontratupean izanik, konstituzioaren kontrakoak dira. Estatuak kontratu horiek ezeztatuko ditu? Ilegalitatean kontratuak atxikiko ditu? Zer eginen du ministerioak? Sekulako ziurgabetasuna zabaltzen da Seaskarentzat”.