Batuz aldatu: heldu da hizkuntza-politiketan jauzia egiteko ordua

2021-06-21

Batuz aldatu izena hartuko du hemendik aurrera Euskalgintzaren Kontseiluak hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun sozialen ekimenak, eta jauzia izan da ekainaren 19ko ekitaldian zehar azken hilabeteotan garatutako prozesua irudikatzeko baliatu zen irudia. Izan ere, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok esan bezala, «hizkuntza-politiketan jauzia egiteko garaia zela esan genuen duela hilabete batzuk, eta jauzia egitera goaz». Bertan zen HIK HASI egitasmo pedagogikoa ere, Kontseiluko bazkide gisa.

 
 
Batuz aldatu: heldu da hizkuntza-politiketan jauzia egiteko ordua

 

Horrekin batera, Kontseiluko eledunak 2016ko abenduaren 16an Kursaaleko Ganbara Aretoan bertan Europako hogeita hamar hizkuntza-komunitatetako ehundik gora eragilerekin aurkeztutako Hizkuntz Eskubideak Bermatzeko Protokoloa izan zuen gogoan: «Orduko uzta da gaur aurkeztu duguna, ardatz berdinetan eraikia izan baita. Orduan bezala, gaur ere, gizarte-kohesioa bermatzea helburu, hizkuntza-politiketan eragiteko adostasuna aurkeztu dugu», esan zuen larunbatean Kursaalen.

Dokumentuaren helburu eta norabidetzea

Batuz aldatu izeneko adostasunaren edukiaren aurkezpena bi eragileetako ordezkariek egin zuten; hain zuzen, dokumentuarekin bat egin duten ELKAR taldeko Joanmari Larrartek, eta EUSKAL MONETAko Eva Mutiok. Gizarte eragileen izenean, Mutiok zer esana badutela adierazi zuen: «Gizarte osoa zeharkatzen duen auzia da hizkuntzarena: giza-harremanetarako edo harreman sozialetarako oinarrizko bitartekoa da hizkuntza. Eta eremu guztietan gertatzen dira modu bateko zein besteko hizkuntza-praktikak eta –hautuak».

Bi ordezkariek proposamena ardazten duten printzipioak zerrendatu zituzten: bereizkeriari aurre egiteko eta elkarbizitzan sakontzeko hizkuntza-eskubideak errespetatzeko beharra, hizkuntza-politikaren zeharkako izaera, normalizazio-prozesuaren izaera soziopolitikoa eta progresiboa… Halaber, hizkuntza-politika Euskal Herriko hizkuntza aniztasuna aintzat hartua garatu behar dela azaldu zuten.

Ondoren, etorkizuneko agertokirako helburu nagusia aurkeztu zuten: euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea. Horretarako, hizkuntza-eskubideak eremu guztietan bermatu beharko direla adierazi zuten, hala nahi duen edonork ez dezan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik esan.

Helburua edo agertokia azalduta, eta euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea jomuga izanik, Larrartek eta Mutiok horretara iristeko hizkuntza-politikek hartu beharreko norabideak azaldu zituzten. Batetik, hizkuntzaren ezagutzaren unibertsalizazioa bultzatu beharko dela adierazi zuten, herritar guztiek euskaraz aritzeko gaitasun egokia izan dezaten. Bestetik, euskara eroso erabiltzeko eremuak sortu, garatu eta elkarlotu beharko direla adierazi zuten, hala nahi duen edonork ez dezan izan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik.

Azkenik, eragileok epe laburrean hartutako konpromisoak azaldu zituzten.