Oinherrik nerabeen parte-hartzeari buruzko jardunaldia egingo du urriaren 16an

2021-09-23

"Noiz eta zergatik parte hartzen dute nerabeek?" Hausnarketa horretatik abiatuko da Oinherrik antolatu dituen jardunaldi berriak. Galdera horri erantzuna ematen saiatuko dira urriaren 16an Aiaraldeako Ekintzen Faktorian. Jardunaldi honen baitan nerabezaroaren kulturan sakonduko da eta baita nerabeen parte hartzearen inguruan ere. Horretarako, gonbidatu ezberdinak izango dira hizlari, tartean Jaume Funes eta Leire San Vicente izango dira jardunaldiari hasiera eman eta gai kokatzeko. 

 
 
Oinherrik nerabeen parte-hartzeari buruzko jardunaldia egingo du urriaren 16an

Izen-ematea zabalik dago Oinherriren webgunean

Nerabeek jendarte honetako herritar talde konplexu, anitz eta ezezagunenetako bat osatzen dute. Haurtzaroa atzean utzita oraindik heldu gisa hartzen ez ditugun honetan sarri gertatzen zaigu helduoi nerabezaroa ulertzeko zailtasunak izatea. Eta jakin badakigu ezagutzen ez dena, ezin dela zaindu.

Oinherri Herri Hezitzaileen Sarean udalerri ezberdinekin egindako bilera errondetan sarri errepikatu den kezka da nerabeen partehartzea sustatzeko ezintasuna edo bide horri ekiteko modu egokien ezjakintasuna. Kezka handia da herrietan. Gaztelekuetan edo gazteekin egindako dinamika ezberdinen inguruan bizikidetza arazoak edo kexak sortzea oso ohikoa da, nerabeek gauzak puskatzen dituztela, inguruak zikintzen dituztela edo zarata ateratzen dutela argudiatuz adibidez. Dinamika hauek kudeatzen dituzten hezitzaile, elkarte eta instituzioak beraz, egoera konplikatuan aurkitzen dira kasu hauetan, bi suren artean baleude bezala. COVID-19aren pandemiak sute hauek areagotu ditu eta ekologistek sarri esan hoi duten bezala; suteak ekiditeko suhiltzaileen lana bezain garrantzitsua izan ohi da, aurrez basozainek egindako lana. Gazteen gaian ere, suhiltzaile eta basozain lanak biak konbinatu behar ditugula uste du Oinherritik.

“Noiz eta zergatik parte hartzen dute nerabeek?” jardunaldi hau behar hauei erantzuten hasteko bide baten hasiera edota jarraipena da.

EGITARAUA:

9:30-10:00 - Harrera
10:00-10:15 - Oinherriren kokapena
10:15-11:00 Jaume Funes - Nerabezaroaren kultura sakoneago ezagutzeko hitzartzea. Nerabezaroaren ezaugarriak.
11:00-11:30 Leire San Vicente - Nerabeekin parte hartzea lantzerakoan kontutan hartu beharreko gakoak. Zer da parte hartzea? Nerabeentzat gauzak egitetik nerabeekin egitera?

11:30-12:00 Atsedenaldia

12:00-13:30 Esperientzia ezberdinen mahaingurua

+ Gazte Agora
+ Pasaiako parte hartze egituraren inguruko esperientzia
+ Drakum- Donostiko gazte migratuei babesa eta laguntza emateko elkartea
+ Asteasuko Udalak Arremanitzen bidelaguntzaz sustaturik prozesua

13:30-14:00 Klownklusioak - Beatriz Egizabal

14:00-15:30 Bazkaria

15:30-17:30 Beldur Txouua antzezlana - Drakonte, Txou-aren aurkezle eta "beldurtxo"en gobernadore, gure barrenak dantzan jartzeko asmoz dator! Guztiz ez bada ere, ia osotasunean, UMOREtik landutako sortze prozesua izan da. Antzezlanak, gure beldurrak, kuttunak eta eramangarriagoak izan daitezen lagundu digu. Bizibidean nekez oztopatzen gaituzten beldurrei, eraldatzeko aukera eman diegula erakutsi digu!