Ez da sexu aldaketa, begirada aldaketa da
Bular zapala edo aurpegian ilea duten emakumeak dauden bezala, edo titi handiak edo ilerik gabeko bularra duten gizonak dauden bezala, alua duten mutilak eta zakiladun neskak daude. Transexualitate-egoeran dauden pertsonak dira. Haien inguruak haur eta nerabe horien egoera gero eta hobeto ulertu eta onartu, hobea izango da euren bizipena; onarpen faltak, berriz, sufrimendua areagotzen die pertsona transexualei. Informazioa eta erreferenteak ezagutaraztea da haur eta nerabe transexualen familien Naizen elkartearen egiteko garrantzitsuetako bat.
E
z da zer sentitzen den, zer den da kontua; benetan zer den; benetan zer garen; zer naizen. Ez da “zakila dauka, baina neska sentitzen da”; “zakila dauka, baina neska da”, edo, “zakila daukat eta neska naiz”. Genitaletatik harago garena da benetan garrantzitsuena.
Gero eta errealitate ezagunagoa da pertsona transexualena, eta bereziki haur eta nerabe transexualena, hein handi batean Naizen elkartearen lanaren ondorioz (Chrysallis Euskal Herria zen lehen haur eta nerabe transexualen familien elkartearen izena). Baina, oraindik ere, lan handia dago errealitatea ezagutarazten, ulertzen, onartzen eta akonpainatzen. “Gaiarekiko jarrera ona izan arren, oraindik aurreiritziak eta usteak ditugu eta horiek aldatu egin behar ditugu”; horretarako informazioa zabaltzea funtsezkoa da Naizeneko guraso eta bozeramaile Bea Severrentzat: “Gure paradigma aldatu egin zen lurrak eguzkiaren inguruan bira egiten duela esatean eta ez alderantziz, jendeak eguzkia mugitzen ikusten baitzuen. Bada, gauza bertsua gertatzen zaigu sexuarekin, uste genuen egia borobila zela sexua genitalekin lotua zegoela, eta ez da hala: genitalek ez dute sexu identitatea zehazten”. Oso garrantzitsua da ezagutza eta informazioa zabaltzea, nork bere buruari edo ondokoari zer gertatzen zaion ulertu ahal izateko. “Lehen transexualitatea ez zen identifikatzen; kontua ez da pertsona horiek edo ingurukoek gertatzen zitzaiena ulertu bai baina ezkutatu egiten zutela, baizik eta gertatzen zitzaiena ezin zela izendatu, ezin zen pentsatu, eta ezin zen aske bizi”. Severri berari gertatu zitzaion halakorik, etxean: “Nik uste nuen nire alaba marimutila edo maskulinoa zela, ikusten nituen hainbat zantzu edo seinale ustez zegokion genero espektatibarekin bat ez zetozenak, baina ezin nion izenik jarri; ezin nuen identifikatu, transexualitatearen errealitate hori, garai hartan, ez zelako ezta aukera bat ere, ezin genuen horretan pentsatu”.
Severrek ikusten zuen bere alabari mutilen gauzak gustatzen zitzaizkiola, ile laburra eta galtzak gogokoago zituela mototsen eta soinekoen aldean; baloia eta superheroiak, panpinen aldean. “Ez du axola neska ala mutila izan; neskek ere denetarik egin dezakete, nahi dutena; ez dio axola zer garen, guztiok gara pertsonak”, esaten zion Severrek bere ustezko alabari; “niri axola dit”, erantzun zion hark, “ez nauzue ikusten. Zertarako balio dit niri gizarteren aurrean mutilen gauzak eramatea eta egitea, zuek neska pentsatzen banauzue?”. Begirada aldaketa da, bada, gakoa, Severren arabera. “Ni nire ustezko alaba benetan dena, mutila, ikusten hasi nintzenean, mundua aldatu zitzaidan, baina berak ez zuen ezer egin, gure begirada aldatu zen. Guk egin genuen trantsitua”.
Transexualitate egoeran dagoen pertsona bat bere benetako sexu- identitatearen arabera bizitzera igarotzen den prozesuari deitzen zaio trantsitua, eta Severren arabera, trantsitua batez ere pertsona transexualen ingurukoek egiten dute, “bereziki begiradari buruzko trantsitua da, gainerakoek duten pertzepzioa, (benetan den) mutila ikustera joatea, lehen (uste genuen) neska ikusten genuen lekuan, edo alderantziz”. Bere semearen adibidea jartzen du: “Izarrek, elkarteko beste askok bezala, ez zuen ezer aldatu: ez izena, ez itxura, ez berari zuzentzeko genero gramatikala (euskaraz egiten baitugu); ez zen inongo aldaketarik egon, baina gure begirada aldatu zen: guk neska pentsatzen genuen lekuan benetan zen mutila ikusten hasi ginen”. Ez dira kasu guztiak horrelakoak: beste kasu askotan izena aldatuko dute —horrek ekar ditzakeen traba legalekin—, itxura aldaketa egongo da; hormonazioa egongo da pubertaroan badaude; agian ebakuntza… baina trantsituaren garrantzia ez dago hor, Naizenen arabera: “Garrantzitsua dena da munduak pertsona den bezala ikustea”. Adierazgarria da trantsitua nola izendatzen duen Severren semeak: “Pertsona batek trantsitua ‘halako unetan egin zuen’ esan beharrean, pertsona horri ‘noiz sinetsi zioten’ esaten du; ‘gu beti izan gara garenak, baina ez duzue jakin izan edo ez duzue ikusi”.
Kasuistika zabala
eta bizipen desberdinak
Pertsonak adina kasuistika dago transexualitatearen barruan. Izaeraren, ingurunearen, ezagutzaren edota garaiaren arabera, bizipena guztiz desberdina izan baitaiteke. Batzuek txiki-txikitatik argi daukate eta adierazten dute euren benetako sexu -identitatea, Hala izan zen Ekhiren kasua, Alaitz bere amak kontatzen duenez: “Ekhi oso azkar hasi zen berbetan, polito egiten zuen euskaraz: ‘Ama, zakila badut, mutila izango naiz beti? Eta hori ezin da aldatu? Beti mutila izango naiz?’"-—galdetzen zion amari—. "Egun hori oso ondo gogoratzen dut, gaur izango balitz bezala. Etxetik gertu geunden, zebra- bidea pasatzen eta bere esku txikia nireari lotuta zegoen. Ekhik bi urte zituen, baina bere galderak ez ziren bi urteko haur txiki batenak. Ederto gogoratzen dut bere begirada, bere begi ilunak, bere aurpegitxo polita”. 4 urterekin aitortu zion bere desira: “Aste Santuko oporrak ziren eta Katalunian geunden. Han, herri txiki batean, txanponak botatzen diren putzu batean, gutariko bakoitzak “desio” bat eskatu genuen.’ Ama, nik neska izan nahi dut’ xuxurlatu zidan Ekhik belarrira. Momentu horretan negarrez hasi nintzen. Apurtuta nengoen, hunkituta, triste, beldurtuta… banekien, sentitzen nuen, zerbait egiteko momentua iritsi zela”.
Beste batzuek ez dakite zer den gertatzen zaiena. Ingurunearen eta etaparen arabera, aldatu egiten da bizipena. Hala azaldu du Severrek, Naizeneko bozeramaile izateaz gain, sexologoa ere badenak: “Pertsonaren autopertzepzioa 2 eta 4 urteren artean ezartzen da; horregatik, haur batzuek 2-3 urterekin oso modu naturalean adieraziko dute benetan zer diren, oraindik inork ez dielako esan hori ezin dela izan. Adin horretatik aurrera helduok bidaltzen dizkiegun mezuak oso pisu handikoak izaten dira, 'nire gurasoek esaten zidaten neska naizela, eta nahiz eta nik jakin zerbait pasatzen zitzaidala, gurasoek ziotena egia izango zela sinesten nuen'. Berehala isiltzen hasiko dira, edo adierazteko modua aldatuko dute, ‘neska naiz’ esan beharrean, ‘neska izan nahi nuke’ edo ‘nagusitan neska izango naiz’ adieraziko dute; edo, nortasunaren arabera isildu egingo dute sentitzen dutena”.
Hiru urrats
Hiru fase bizitzen ditu pertsona transexualak trantsitua bizitzean, Severren arabera: identifikazioa, onarpena eta adierazpena. “Kasu askotan transexualitatearen identifikazioa ez da erraza izaten, pertsonak berak ez dakielako zer gertatzen zaion; ‘banekien ezberdina nintzela, baina ez nekien zergatik, ez nion izena jartzen, ez nekielako transexualitatea existitzen zenik’, esan ohi dute”. Horregatik, ezagutzan arreta berezia jartzen du Naizenek; ”informazioa dagoenean, kasuak agertzen dira”, dio Severrek. “2015ean lanean hasi ginenean ezezagutza ikaragarria zen. Zakila daukaten neskak daudela eta bulba daukaten mutilak daudela esaten hasi ginenetik, errealitate guztien berri ematen hasi ginenetik, hau da, neska edo mutil izateko infinitu era daudela azaldu genuenetik, kasu asko atera dira, errealitate honen gaineko informazioa daukazunean, identifikazioa errazago gertatzen delako. Lehen guztia genero portaera ez normatibotzat ulertzen zen, eta orain badakigu transexualitatea bereizten”.
Identifikazio fase horretan, bereziki haurrak txikiak direnean, gurasoek presa eta antsietatea izaten dutela ikusten du Severrek, “gure haurra zer den ez jakiteak oso urduri jartzen gaitu”. Haurrak argi eta garbi hitzez zer den adierazi ezean, ez dago formula magikorik zer den jakiteko, Severren arabera. “Guk familiei azaltzen diegu ez dela hain garrantzitsua euren haurra neska ala mutila den jakitea, baizik eta haurrak ondo egoteko zer behar duen identifikatzea eta laguntzea dela garrantzitsua. Zein da bere sakoneko beharrizana? Horri jarraituz joango gara ikusten nondik nora doan. Zer eskatzen digu? Soinekoak eskatzen badizkigu gure ustezko semeak, adibidiez, zer kalte dakar haurrak soinekoa eramateak? Joan gaitezen ikusten eta aktiboki entzuten haurrak zer behar duen ondo egoteko”. Bi gomendio ematen dizkie Naizenek familiei: aktiboki entzun eta urrats bat atzetik joan. “Lagundu bide hori jorratzen, ez baita sprint bat, hau ez da ‘uste dut mutila naizela, eta bihar testosterona hartuko dut'”.
Nesken kasuan ohikoagoa da identifikazioa lehen haurtzaroan gertatzea mutilen kasuan baino. “Txikiak direnean neskak gehiago aldarrikatzen dira, mutil femenino bezala bizitzeko aukera gutxiago dituztelako. Mutil gisa irakurriak diren neskek txikitan ez daukate eurak diren bezala bizitzeko espaziorik eta askotan estereotipoak erabiltzen dituzte euren buruak ikusgarri egiteko. Ingurura begiratu eta neskek egiten duten hori muturrera eramaten dute, estereotipoak erabiltzen dituzte ikusiak izateko”. Mutilek, aldiz, pubertaroan aldarrikatzen dute askotan euren sexu-identitatea, gorputza garatzen hasten denean, euren gorputzaren aldaketa —bereziki bularrak ateratzea eta hilekoa edukitzea— ez baitatoz bat eurek proiektatu nahi dutenarekin. Mutilek, halaber, mutil identifikatze horretan, zailtasun erantsi bat izan ohi dutela ikusten du Naizeneko sexologoak, gizarte honetako maskulinitate-ereduen ondorioz: “Mutilek askotan esaten dute badakitela ez direla neska, baina kosta egiten zaie mutil izatearekin identifikatzea; ‘banekien zer ez nintzen, baina ingurura begiratu eta mutila izatea hori baldin bada, hori ere ez naiz’, esan digute askotan, gizarte honetan maskulinateak daukan eredu bakar horrekin ez datozelako bat”. Severren arabera, aberasgarria litzateke nesketan eredu anitzak lantzeaz gain, gizon femeninoen ereduak eta lanbideak ere lantzea: “Haur eta nerabe hauei gertatzen zaie neska bezala irakurriak izan direla, nahiz eta benetan mutilak izan, eta euren alde femeninoa garatu ahal izan dutela, mutil guztiek berez badaukatena baina gizarte honetan lantzen ez dena, eta mutil hauek ez diote uko egin nahi alde horri, eta ondorioz, ez datoz bat gizarte honetako maskulinitate-ereduarekin. Beraz, askotan beste bide bat egiten dute: lehenengo lesbiana direla hasten dira pentsatzen; baina ondoren ohartzen dira ez direla emakume ez gizonezko, beraz, ez bitarra direla pentsatzen dute, eta, azkenik, ohartzen dira mutilak direla baina mutila izateko euren modua ez dela hegemonikoa”.
Identifikazioaren ondoren, onarpena behar dute pertsona transexualek. Lehenik euren buruaren onarpena, eta ez da beti erraza izaten. “Euren buruaren ukazioa gertatzen da kasu askotan, homosexualen artean ere askotan ikusi izan dugun bezala”, dauzkaten pertsona transexualen erreferenteak ez datozelako bat beraiek bizi dutenarekin, eta beraz, batzuetan kosta egiten zaie eurak diren hori onartzea. Hau saiheste aldera, gertuko erreferenteak izatearen garrantzia nabarmentzen du Severrek. “Transexualitatea ezagutzen den neurrian kasuak agertzen dira, eta horregatik da hain garrantzitsua gai hau eskoletan lantzea, horrela gertuko erreferenteak ere agertzen dira”.
Behin onartu ondoren, adieraztea izango da hirugarren fasea. Batzuetan faseak azkar datoz bata bestearen atzetik, baina, honetan ere kasuistika zabala da: “Askori kosta egiten zaie diren hori adieraztea, 8 urterekin jakin arren, 12-13 urteren bueltan askok ez dute ezer esaten, galdera asko egingo dizkieten beldurrez edo lotsa edo konfiantza falta daukatelako eta, 17 urte izan arte askotan ez dute ezer esaten, ez dietelako sinetsiko, edo gaizki hartuko diotelako beldur direlako, edo disgustua ez ematearren.
Identifikazioaren, onarpenaren eta adierazpenaren arabera, momentu desberdinetan egingo du pertsona transexualak trantsitua. Pertsona bat bere sexu-identitatearen arabera bizitzera igarotzen den prozesu horretan mugarri bat izan ohi da pubertaroa: trantsitua pubertaroaren aurretik ala ostean egin, bizipena desberdina izan ohi da. “Beti besteen irizpideak norberaren irizpideen gainetik jartzen badituzu, azkenean autoestimua ez da ondo garatzen, eta askotan autoestimu arazoak dituzte pertsona transexualek, eta hori are gehiago okertzen du gizartetik jasotzen dituzten mezuek. Haur Hezkuntzan dagoeneko bi gorputz ikusten dituzte, ‘mutilak halakoak dira eta neskak bestelakoak’, eurak ez dira irudietan ikusten dutena, ez bata eta ez bestea, eta beraiek direna ez dela existitzen ikusten dute edo txarra dela, beraz autoestimua nahiko kaltetuta hasten dira eta hortik ateratzen dira gero depresio tasa nahiko altuak, antsietatea eta suizidio-saiakera tasa oso altuak”. Datuen arabera, haurtzaroan beraien identitatea ukatu zitzaien heldu transexualen artean suizidio saiakera tasa % 41ekoa da, gizartean dagoen tasa % 1,6koa denean.Trantsitua haurtzaroan egiten duten pertsonen artean, aldiz, ongizate adierazleak askoz hobeak dira.
Gaizki egotetik ongi egotera igarotzeko klabe garrantzitsuenetako bat ingurukoek beraien sexu-identitatea onartzea da, “beraien sexu-identitatea onartu zaienean, transexualite-egoeran dauden mutil eta neska hauek loratzen hasten dira, eta gaizki egotetik ondo egotera pasatzen dira“. Norberaren sexu-identitatea ez aitortzeak eta ez onartzeak sufrimendua eta ondoeza sortzen ditu. Isiltasuna, bakardadea, nekea, tristura, amorrua, liskarra, lehia, zakarkeria, antsietatea, jokaera disruptiboa, arreta erakartzeko jokabideak etab.”. Aldiz, beraien identitatea onartzen zaienean, oro har, aldaketa esanguratsua egiten dute: “Familien testigantzak bat datoz: irekiera eta zabaltze bat ikusten dute, haurrak loratzen hasten direla esaten dute; beti triste eta haserre zeudenek horrela egoteari uzten diote; ingurukoekin harremanetan jartzen ez zirenak berdinekin jolasean hasten dira; etengabe negarrez zeudenak irribarre egiten hasten dira, isiltasunean gorderik zeudenak hitz egiten hasten dira...”.
Familien prozesua
Haur transexualen egoera identifikatu eta onartzeko, alabaina, laguntza behar izaten dute askotan familiek. Hori da Naizenen egiteko garrantzitsuetako bat. Familiak oso puntu desberdinetan iristen dira elkartera eta beraiei harrera egitea dagokio Severri. “Batzuetan gauzak oso argi dituzte, seme-alaba nerabeak dituztelako eta eurek esan dietelako ‘hau da dagoena’; batzuetan shock egoeran etortzen dira gurasoak; beste batzuetan galduago daude, txikitatik ez delako seinalerik egon, edo egonagatik ez dutelako ikusi, transexualitatea ez zelako aukera bat familia horretan. Beste familia batzuek informazio praktikoa bakarrik eskatzen dute; gehienek babesa behar izaten dute. Haur eta nerabe transexualen familiak elkartu eta errealitate hau ikusarazi eta gizarteratu zutenetik, ibilbidean zehar aurrerapausoak ikusten ditu Severrek: “2015ean familia gehienak beldurrez eta negarrez iristen ziren, eta gaur egun jende asko beste aldarte batetik iristen da, informazio gehiagorekin eta dagoena onartuta”.
Familiek hainbat aro pasa ohi dituzte euren seme-alaben transexualitatea onartzeko bidean: dolua, beldurra, errua... “Familia batzuentzat ez da erraza onartzea eurentzat hain erreala zen neska hori inoiz ez dela existitu eta beti mutila izan dela. Eta horri loturik, askok kulpa ere bizi dute: ‘zelan ez dut lehenago ikusi? Sufriarazi egin dutela pentsatzen dute”. Baina oroz gain, beldurra izan ohi da bidelaguntza behar duten familiek partekatzen duten emozio nagusia: euren seme-alabei gizarte honek zer egin diezaiekeen beldur dira familia asko, sufrituko ote duten... Etorkizuneko balizko sufrimendu hori izaten da, askotan, familiei euren etxeko egoera onartzeko zailtasunak eragiten dizkiena, eta haurrari orainean benetako sufrimendua eragiten dio onarpen falta horrek. Alabaina, Severrek azpimarratzen du azken aldian sufrimendua aregotu dezaketen egoerak jazo direla. ”Azken hilabeetan ikusten ari garen gertaera biolentoek gainera, areagotu egin dute beldur hori. Kezkatuta gaude. Guk beti esan izan dugu Euskal Herri mailan irekiagoak garela, eta gisa horretako erasoak Madrilen eta Bartzelonan bai, baina hemen ez direla gertatzen; baina orain bai, gertatzen ari dira. Atzerapausoak gertatu dira eta beldurtuta gaude. Ikaragarri kostatu zaigu eurak diren hori harrotasunez bizitzera iristea eta ez genuke nahi orain ezkutatu beharra izatea edo zer diren esan izanaz damutzea”.
Beldur horiek tarteko, gurasoentzako euren seme alaben transexualitatea identifikatzea eta onartzea ez da bi eguneko kontua. Severri bizitza aldatu zitzaion bere ustezko alaba mutila zela ulertu zuenean: “Nire semearen trantsitua egin genuenean, ordura arteko nire munduak buelta eman zuen, baina berarentzat ez zen ezer aldatu. Berak esan zuen zer bizi zuen, eta ondoren, ahaztu egin zuen gaia, bigarren mailako zerbait izan da bere bizitzan”. Etaparik etapa egin beharreko prozesua da, eta zeharkaldi hori errazago egiten du antzeko egoeran dauden familien eta kideen babesak. Naizenen barruan 425 familia batzen dira, eta 13 eta 21 urteko 100 gaztetik gora elkartzen dira whatsapp bidez eta baita presentzialki ere topaketak egiten dituzte, euren zalantzak eta prozesuak partekatzeko, informatu eta erabakiak hartu beharreko prozesua izaten baita askotan. “Kolektiboak asko laguntzen du. Pertsona transexualen kasuan identitate politikoak asko laguntzen die, trans hitza zeozer garrantzitsua bihurtzen da askorentzat eta baita LGTB kolektiboaren parte sentitzea ere”.
Eskola, babesgune garrantzitsua
Familiaz gain, eskola ere lanketa egin beharreko testuingurua da transexualitatea aske eta osasuntsu bizi ahal izateko. Testuinguru horretan onespena ala gaitzespena jaso, haur eta nerabe transexualaren bizipena zeharo desberdina izango da. “Testuinguruak zabaldu egin behar dira, eta generoaren lanketarekin batera, sexu identitate anitzen inguruko lanketa egin behar dugu, neska edo mutil izateko infinitu era daudela erakutsi behar da, haur eta nerabe bakoitza identifikatua eta onartua senti dadin”. Haur Hezkuntzatik hasita egin beharko litzateke lanketa Naizenen aburuz, eta integrala beharko luke izan, DBHra iristerako haur eta nerabe guztiek eduki dezaten transexualitatearen berri. Kasuak atzeman eta bidelaguntza egiteko formazioa eta esku-hartze protokoloak zehaztu behar dira Naizenen aburuz, edukiez gain, materialak eta moduak zaindu behar dira ikastetxeetan, detaile garrantzitsuak aintzat hartuz, komunen eta aldagelen erabilera, esate baterako: “Ikastetxean sexuaren arabera bereizitako instalaziorik egonez gero, haur guztien sarbidea eta erabilera bermatu behar da, norberaren sexuaren arabera: mutilentzat komun batzuk baldin badaude eta neskentzat beste batzuk, mutil guztiek, bulba edo zakila izan, mutilen komunetara joateko aukera izan dezaten, eta neska guztiek, bulba edo zakila izan, nesken komunetara joateko aukera izan dezaten“.
Eskola batean kasuren bat agertzen bada, Naizenek gomendatzen du lanketa eskolako gela guztietan egitea. “Berez egon beharko litzateke ikastetxe guztietan aniztasunaren lanketa positiboaren barruan transexualitatearen lanketa, baina askotan esku artean ditugun materialetan ez dago halakorik. Errealitateak dakar, ordea, gai hau gero eta gehiago landu beharra, informazioa dagoen neurrian gero eta kasu gehiago ari direlako agertzen, eta aniztasuna ere gero eta handiagoa delako”. Haurdun dauden gizonen adibidea jarri du Severrek: “Errealitateari erantzungo badiogu, materialak aldatu beharko ditugu, eta adibidez, ugalketa aparatua lantzen ari garenean gizon eta emakume aipatzeari utzi beharko diogu, agian, gero eta gizon gehiago baitaude haurdun. Familia anitzekin eta jatorri kultural anitzetako familiekin egiten ari garen bezala, materiala egokitzen eta berritzen joan beharko dugu”. Kasu guztietan funtsa berbera dela gogorarazten du Severrek: "Aniztasunaren alde positiboa lantzea, eta norbera harro egotea bere berezitasunarekin; horixe da haur eta nerabe transexualek erakutsi digutena, eta begirada aldatu nahi duenak, ikusiko duena".
11 giltzarri sexu identitatea
eta transexualitatea ulertzeko
1. Mutila izatea ala neska izatea norberak duen bere buruaren auto-pertzepzioarekin lotuta dago, nola identifikatzen den bakoitza da gakoa. Sentitzea bera baino gehiago (“mutila sentitzen naiz”, “neska sentitzen naiz”), jakitea da (“badakit mutila naizela”, “ badakit neska naizela”).
2. Norbait neska edo mutila den jakiteko modu bakarra dago: galdetuta.
Sexu batekoa edo bestekoa izatea, soilik bi urtetik aurrera jakin daiteke ziur, Naizenen arabera. Adin horrekin, lengoaiaren eskuratzearekin batera, haurra hitz egiten hasiko da eta “neska naiz” edo “mutila naiz” baieztatuko du.
3. Genitalek ez dute sexu-identitatea zehazten. Sexu-identitatea prozesu mentalekin dago lotua, eta ez da genitaletan aurkitzen. Gauza bat da daukaguna eta, bestea, garena. Sexu-identitatea norbera den neska edo mutila izateko modu berezia da, Naizenen arabera.
4. Subjektu sexuatu guztiak maskulinoan edo femeninoan sexuatzen dira. Guztiok dauzkagu, neurri desberdinean, ezaugarri femenino zein maskulinoak. Ezaugarri maskulino esaten zaie, gizonengan maiztasun handiagoan agertzen diren ezaugarriei; eta ezaugarri femeninoak, emakumeengan maiztasun handiagoarekin agertzen direnak dira. Maiztasun handiagoarekin agertzeak ez du adierazten beti agertzen direnik. Hain zuzen, kontrakoa adierazten du: ez direla beti agertzen.
5. Kasurik gehienetan mutilek zakila dute eta neskek bulba. Horregatik, begiratzen dira genitalak haurrak jaiotzean, jaioberriaren sexua zein izango den igartzeko. Baina horrela ez da beti asmatzen.
6. Kasu batzuetan mutila zela uste zena (zakila zuelako) neska dela jakiten da (hala dela adierazi duelako). Eta alderantziz. Haur-transexualitateak neska eta mutil horien errealitatea izendatzen du, hain zuzen, jaio zirenean genitalak begiratuta, sexu okerra izendatu zitzaien horiena. Zakila duten neskak eta bulba duten mutilak dira.
7. Transexualitatea sexu aniztasunaren adierazpenetako bat da. Transexualitatea ez da ez gaixotasuna, ez desoreka eta ez anomalia.
8. Orain dela urte gutxira arte, haur transexualitatea ikusezina eta pentsaezina zen. Inork ez zuen entzuten neska-mutil hauek adierazten zutena; isilarazi egiten ziren, zuzendu egiten zitzaien, zigortu egiten ziren. Haurtzaroan beraien identitatea ukatu zitzaien heldu transexualen artean suizidio saiakera tasa % 41ekoa da, gizartean dagoen tasa % 1,6koa denean.
9. Gaur egun errealitate honetaz pentsatu, ulertu eta, ondorioz, lagundu egin daiteke. Gaur egun asko dira transexualitate-egoeran dauden neska-mutilak eta beraien sexu-identitatea errespetatuta eta onartuta bizi direnak.
10. Bere transexualitatea aitortu eta onartzen zaien haur transexualen bizi-kalitatearen adierazleak, adin bereko gainontzeko haurren antzekoak dira.
11. Egoera honetan dagoen haur batek behar duena eta beste haur guztiek behar dutena gauza bera da: bere inguruneak entzuteko gaitasuna izatea, onartua eta den bezala maitatua izatea.
500etik 1,
transexuala
2015ean hasi ziren haur eta nerabe transexualen familiak elkartzen. Garai hartako datuen arabera, 10.000 jaiotzetik batean agertzen omen zen transexualitate kasu bat, baina urte hartatik aurrera erdira jaitsi zen portzentaia, 5.000 jaiotzetik 1 gertatzen zela hasi ziren jasotzen ikerketak, eta berehala 1.000tik 1era pasa ziren. “Gaur egun badakigu hori baino gehiago dela”, dio Bea Severrek. Naizenek Hego Euskal Herrian egiten du lan, eta 1/1.000 estatistikaren arabera 3 eta 18 urte bitarteko 425 pertsona transexual leudeke Hego Euskal Herrian. “Elkartean 250 pertsona transexualen familiak daude, eta horiez gain, nik ia egunero artatzen dut familiaren bat, beraz, ez da pentsatzekoa Naizenek Hego Euskal Herriko pertsona transexual guztiak ezagutzen dituela”. Euren ezagutzari eta esperientziari jarraituz, 1/500 estatistika errealitatetik gertu legokeen kopurua da Naizeneko bozeramailearen aburuz. Kasuistika igotzearen faktore garrantzitsuetako bat informazioa zabaltzea izan da. “Gero eta gehiago ezagutu transexualitatearen aukera eta errealitatea, orduan eta kasu gehiago agertzen dira”, dio Severrek.
Estereotipoak eta kaxoiak
Transexualitatea ulertzeko eragozpenetako bat izan ohi da egoera horretan dauden pertsonek genero-estereotipoekin egiten duten ustezko gehiegizko erabilera. Naizenek dio, aldiz, estereotipoak adierazpide tresna bat direla haur eta nerabe horientzat. "Ingurura begiratu eta neskek zer egiten duten ikusita hori muturrera eramaten dute, oihu egiteko modua da, ikusiak izateko tresna bat”, dio Bea Severrek. Normalki pertsona horri bere izaera ulertu eta
onartzen zaionean lasaitu eta estereotipoak alboratzen ditu,”ezer aldarrikatu beharrik ez daukalako”. Estereotipo horien aurrean, bada gizartea kaxoirik gabe bizitzeko aldarria egiten duenik, aniztasunaren izenean. Baina kontrako iritzia du Severrek: “Pertsona batzuentzat, ukatu ez gaituztenontzat, oso erraza da pertsona izatea. Baina ukatu baldin bazaituzte, segur aski zuretzako garrantzitsua izango da zer zaren aldarrikatzea”. Euskal Herriaren adibidea jartzen du: “Jendeak askotan esaten du denok garela munduko hiritarrak. Eta bai, zuri balio badizu, bikain; baina agian niri ez dit balio, beraz, niri ez iezadazu munduko hiritartasunik ezarri, ni euskal herritarra naiz eta ezin naiz izan. Arrazakeriaren kontra borrokatzeko ez ditugu arrazak deuseztatu behar. Aniztasuna hor dago, eta bazterkeriaren kontra egiteko ez da desberdintasuna ezabatu behar, baizik eta desberdintasuna onartu egin behar da”.