Ez naiz (inoren) ama

2022-01-18

Ez naiz ama. Edo esan behar ote nuke, ez dudala seme-alabarik? Gauza bera eman lezake, eta zentzu batean hala da. Baina amatasuna harreman mota bat baino ez baldin bada (seme-alabekin edukitzen dena, alegia), ez al gara ohartzen horiekikoan baino ez lukeela garrantzirik eduki behar emakume baten amatasunak? Erran nahi baita, seme-alabentzat baino ez baldin bada emakume bat ama (eta ez beste inorentzat), zergatik da orduan hain ezaugarri definitzailea eta erabakigarria?

 
 
Ez naiz (inoren) ama

 

 

Ez naiz ama, baina ez dut uste inoiz hori modu kontzientean erabaki dudanik. Ez bederen duela oso gutxi arte. Nerabe nintzela, baserri batean bizitzen irudikatzen nuen neure burua, seme-alabez inguratua, erreximentak egiten, bikotean noski. Agerikoa denez, ez dut bizitza-proiektu hori burutu, funtsean ez zelako benetan nire desioa, maitasun erromantikoaren mitoak emazteoi kasik oharkabean sortzen digun bizitza-gidoia baizik. Baina hala ere, nire harreman afektiboak oso konbentzionalak ez izateari egotzi izan diot luzaz ama ez izatearen arrazoia, hutsune baten moduan bizitzera ere iritsi izan naizelarik tarteka, haurrik ez edukitzearena. Hain da pisua emazteon gaineko espektatiben zama.

 

Amatasunarena ez dela nire proiektua izan, eta neurri batean nik dudala nire borondate (inkontzientea)z ama ez izatea erabaki, ez dut oso berriki arte ikusi. Abortatu ere egin nuen behin, nik nahita eta erabakita, ama izateko gogoak ez duelako inoiz benetan nire baitan hazia erein, ezta inola ere nire egunerokoa gidatu. Hainbeste da horrela non irudipena dudan ama izateaz damutu diren emakumeen talde handi horretakoa izan nintekeela, hau- rrik eduki banu. Nork daki.

 

Gero, ez-ama batek inguruan pizten duen imaginarioaz hitz egin nahi nuke. Eta badakizue zein den estereotipoa, desorekatu samarrak garela, bizitza huts eta zentzurik gabekoa daramagula, bakardade absolutura kondenatuak gaudela, eta berekoiak garela. Bereziki hori, oso berekoiak garela. Gainera, ama ez izatea esplikatu behar hori dago, justifikazioaren eskea sumatu egiten duzulako inguruan, esplizituki edo inplizituki. Zergatik ez zaren ama izan.

 

Eta bi erantzun posible dituzu. Bat, ez duzula "aukera"rik eduki. Bi, ez duzula nahi izan. Batek, antzua edo neskazarra izatearen estigma dakar, eta ingurukoen erruki-begirada. Eta besteak, izpiritu librea, edo libertinoarena. Baita (ustezko) askatasunak ingurukoengan maiz pizten duen inbidi (ez beti on)a ere. Zer esanik ez, bizitza sexoafektibo aktiboa baldin baduzu, orduan puta ere izanen baitzara (gizon) gehiegiren begietara. Edo ama, edo neskazarra, edo puta. Hala gaude, oraindik.