Txikien neurrira bertsotan

2022-06-02

Gurasotasuna edo amatasuna bertso jardunarekin uztartzeaz hitz egin genuen Erika Lagoma Pombarrekin (Lesaka), Uxue Alberdi Estibaritzekin (Elgoibar), Amaia Agirre Arrastoarekin (Villabona) eta Oihana Iguaran Barandiaranekin (Amasa). Euren bizipenak eta biziraupenak aletu ondoren bertsoa eta gurasotasuna/amatasuna definitzeko hitz bana izan zen lehen eskaera.

 
 
Txikien neurrira bertsotan

Has gaitezen amaieratik. Uxue Alberdik umorez “ezin da bukaera pentsatu!” bota zuen eta kantuarekin lotu zuen. Oihana Iguaranek ere berdintsu “erditze osoa abesten pasa  nuen eta haurra jaiotakoan ezin nuen kantatu, prozesu horretan kantatu izanak horretara lotzen ninduen eta arnasa ixten zitzaidan…” Neurriarekin ere lotzen du tasun berri hau. Amaia Agirrek enpatia eta errespetua izan zituen ahotan baina baita kantua bera ere, haur jaioberri txikiari kantatzea kosta egiten baitzitzaion egun batzuetan. Amatasuna eta bertsogintza orain gutxi arte oximorona izan direla aldarrikatu zuen Erika Lagomak: “pentsatu egin behar dugu hau nola eraiki, benetan jasangarria izan dadin”.

 

Bertsogintzan bezala, amaieratik hasierara itzuliz, haurrak izateko erabakia hartzean bertsolaritzak baldintzatu ote zituen galdetuta Iguaranek dio orain gehiago eragingo liokeela bertsoaren agendak, segur aski, erabakia hartu zuenean baino, orduan gehiago baitzegoen barne gatazkei begira: “guraso izateko desio hori nondik zetorkidan argitu beharra izan nuen, denbora hartu nuen horretarako, asko irakurri nuen eta bertsokideekin hitz egiteak ere asko lagundu zidan”. Haurdun geratu zenean eta haurra uda garaian jaiotzekoa zela jakinik jende dezentek aipatu omen zion uda galduko zuela (udan saio mordoska izaten da). Gipuzkoako Txapelketan zehar nolabaiteko larritasuna bizi izan zuen, uda galdu horren ondoren kantuan jarraitzekotan finalean sartu behar zuela edo gutxienez Euskal Herriko Txapelketara sailkatu behar zuela sentitzen baitzuen. 

 

Agirrek gogoan du 2003ko Gipuzkoako Txapelketako finalean kantatu ostean orduko bikotekidearekin gaiaz hitz egin zutela eta oraindik bertsotan gehiago egin zezakeela sinestuz gurasotasuna atzeratzea erabaki zutela. Egungo bikotearekin hasi eta gutxira erabaki zuten pausua ematea eta ama biologikoa bere kidea izateko motiboetako bat, hain zuzen ere, bertsoa izan zela dio. 

 

Alberdiren kasuan, bere lehen haurdunaldiak bat egin zuen bere txapelketetako ibilbideko unerik gorenarekin baina horrek ez zion zalantzarik eragin. 2011ko Gipuzkoako Txapelketa bete-betean jaio zen lehen umea eta sentitu zuen txapelketaren ziklikotasun horrek “sekula ez zaituela ongi harrapatzen” bizi eta sormen proiektuetarako eta lehiatzeari muzin egitea erabaki zuen, “desagertzeko beldur handia” sentituagatik. Bigarren haurrarekin are gutxiago erreparatu zion datari.

 

Lagoma ere ez zen baldintzatua sentitu ez baitzebilen bereziki bertsotan. Ama izandakoan, baina, bere alderdi hori faltan ematen zuela jabetu zen eta haurrek bi urte [bikiak ditu] egin zituztenean berriz eman zuen plazarako pausua. “Ezinezkoa” egiten zitzaion hiru zutabeak uztartzea: bi umeren kargu egitea, bertsogintza eta lana: “Gezur handi hori sinetsita izan nintzen ama, pentsatuz ahal izango nuela lehen egiten nuen guztia egiten segi:  Nafarroako Txapelketan kantatu nuen, ikasketekin segi nuen, Euskal Herrikoan kantatu ostean saio batzuk ere heldu zitzaizkidan… eta krak egin nuen, gorputzak geldiarazi zidan burua”.

 

Bateragarritasunari begira, talka gehiago ere aipatu zituen lesakarrak: etxetik joaten zenean sortzen zen drama (5 minututara baretuagatik beregan zeramana), bueltan haurrek hartzen zuten zigor-jarrera eta karga mentalak ekarritako neke kronikoa “hori guztia kokteleran sartu eta oholtzara inprobisatzera igotzea ez zen erraza”.

 

Kontziliazioa-edo

Agirrek, lehen haurra jaiotzear zela bertso-
eskolak utzi zituen ordutegi jasangarriagoak izatearren eta bikoteak horiei eusteko esan bazion ere, berak argi zeukan horri uko egingo ziola eta hartara eramangarriagoa izango zela bertso-jardunari eustea. Bertso afari batzuetan asko sufritu zuen, hala ere, etxekoen kezkatan eta gainera ez ulertua sentitzen zen zenbait testuingurutan; “ezta haurra aitarekin utzi bazenu ere!” entzun zuen inoiz eta berak bazuen halako beldur bat, bere papera defendatu nahi bat, haurraren karroa eramanez, motxilatxoan berak hartuz eta baita besteen epaiari begirako apurua ere, bikotekideak “orain ere badoa” esango ote zuen bera joandakoan, ez zuen berak aisi eremuan askotan sumatzen zuen “aita postizo” horrekin analogiarik egin ziezaioten nahi. Orain bertsotan ez ezik gai-jartzaile ere badabil eta batzuetan gaizki sentitzen da horrek ordu asko hartzen dizkiolako, etxean dagoenean ere, baina, aldi berean, asko ematen dio bertso munduak.

 

Iguaranentzat garrantzitsua izan zen aurrez Alberdiren eredua eduki izana, posible zela sinesteko. Ez zeukan argi nola sentituko zen haurra jaiotakoan eta argiago zeukan gauzak nola ez zituen nahi nola bai baino: “Txikia jaio eta bi hilabetera-edo berriz bertsotarako gogoa, inbidia… sentitzen hasi nintzenean asko poztu nintzen, mundu horretara itzultzeko irrika nigan sentitzeak poza eman zidan eta hasitakoan, nire zati hori berreskuratzeak arnasa ematen zidan”. Pandemiak gauza asko zaildu dituela baina bertsoa logistikaz kontziliagarriagoa egin duela aipatzen du, ordutegiz bereziki: “LABIk zehaztutako arauekin irisgarriagoa egin zait bertso jarduna” zehaztu du, umorez baina benetan. Enplegu-lanaren aldean, malguagoa egin zitzaion bertsogintza hasieratik, ordu kopuruz dosifikatuagoa… Hori bai, zaintza baimenei begira uste du bertso saio batean aritzeko ahala izateak ez duela esan nahi jardun osoan itzultzeko moduan zaudenik eta “zer hobetu handia” dagoela. Denek egin zuten bat adierazpenarekin, Alberdiren kasuan ez zuen zaintza baimenik hartu irabazi baino gehiago galduko zukeelako eta Lagomaren kasuan ere, garai hartan baimenak orain baino ere laburragoak zirenez, baimen motza izan zutela oso bikoteak. Kontziliazioa hizpide, Alberdik dio uztarketa ez-ohikoa dela euren etxekoa, guraso biak artistak baitira, baina badauzkala alde onak: “aste barruan biok gaude etxe-jiran egun guztian, otorduak elkarrekin egiten ditugu eta bion jardunari garrantzia bera emanez, bidean joaten gara zailtasunak ebazten”.

 

Lan jarduera nagusi gisa bertsoa izan edo ez, aldea handia dela adierazi dute: “Niri alderdi ekonomikoak ez zidan laguntzen, aukeratzerik banu agian bertsoa baino lehenago Ikastolako lana utziko nukeen, baina orduan ez nion hori baimentzen nire buruari, orain hasi naiz jardun murriztua hartzen. Hain zuzen, haurrek bi urte zituztelarik propio aldatu nuen lanez, opor guztiak haurrekin pasa ahal izateko… Eta hezkuntza ez da edozein lan, energia asko xurgatzen dizu”, dio Lagomak. Momentu horretan ez zuen kantura joateko gogo berezirik sentitzen nekearengatik baina mugarria jarri zuen, haurrek 10 urte betetzean, berak 40 izango zituela eta orduan “itzuli” egingo zela, eta halaxe egin du. 

 

Iguarani bertsogintza profesionalki begiratzeak asko lagundu dio bere buruari bertsotarako baimena edo askatasuna ematen, nahiz eta hala izan beharrak pena ematen dion. Alberdirenean ere guraso izatean erabaki zuten saioetan kobratuko zuen tarifa igotzea, “aitortza” edo apustu gisa, batetik, eta bestetik, haurrak zaintzeko beste  pertsona bati ordaindu behar zionarekin galtzen atera baitzitekeen bestela… Babesaren premiaz hitz egin dute guztiek, Iguaranek zehazki, ingurukoen jarrerak aurrera bidean lagundu egin diola eta “esan baietz eta gero moldatuko gara!” , entzuteak aurrerako bultzada ematen diola sentitzen du.

 

Erruduntasuna eta epaia

Solasaldi osoa zeharkatu du erruduntasunaren gaiak, izan sentitu dutelako, sentitu ez dutelako edo errua deseraikitzeko jarrera aktiboa hartu behar izan dutelako. Tarteka-marteka, Alberdik aipatutako “zeharkako kontrolak” ere denei egin die kalte, izan “ez zegokien” leku edo gorputz batetik ari zirela sentitu dutelako (umore mota batzuk ez balegozkie bezala, esaterako), edo “ama izan ondoren bertsotan zein goiz hasi diren” entzun izan dutelako. Arrazoia biologikoa, kulturala, izakera edo dena delakoa izanagatik ere Lagomak “kulpa”sentitzen zuen oholtzaratzean, beste nonbait egon behar zukeela eta leku denetan egon ezin zuenez argi zuen “zer ezin zuen utzi”. Bertso jardunetik urruntzeko erabakia ziur hartu zuen arren, bidean faltan eman ditu gauza asko. Etxekoen babesa izanagatik nahasia izan da berarentzat emozio saltsa: “Nik, gainera, ez dakit zer den ume bat izatea, badakit zer den bi izatea eta horren intentsitatea eta karga mental bikoiztua…” eta uste du jendarte gisa denok hartu behar genukeela ardura honetan, “gai honek denok zeharkatzen gaituelako, ama izan dena, izango ez dena, izango dena…”. Agirrek ere “komunitate zentzu oso txikia” dugula gaineratu du. 

 

Villabonakoak oso presente du txapelketako saio batera bidean, bikotea haurdunaldiaren azken-azken txanpan zegoela, berarengandik urruntzean bizi zuen erruduntasuna eta nola sentitu zuen, behin harrezkero, saiora zihoanez gero, bai ala bai, horri buruz kantatu beharra eta errealitate bat ikusarazteko ardura. Gogoeta eginez ohartu da amatasunak lagundu ziola bere “lesbiana izaera” plazaratzen, ordura arte erdi isilduta izan ondoren. Bere amatasuna, gainerakoan, ia oharkabean pasa dela uste du eta horri buruz apenas kantatu izanaren arantzatxoa daukala. 

 

Iguaranek aipatzen du, kideen testigantzei esker piztuta zeuzkala heldu zitezkeen emozio batzuekiko “alarma gorriak”, erruari eta epaiari lotuak bereziki. Etorri direnean, aurreikusiak izanagatik, min puntu bat eman diotela eta kudeatzea pixka bat kosta zaiola dio: “Aldi berean, uste dut horrek berak ekarri didala nire buruari profesionalak ez diren beste gauzetarako baimena ematea; umearekin joan naiz askotan lagunengana eta bertso alorrekoak bihurtu zarete aisialdi zati hori (…), egindakoa begiratzen ari naiz eta aldiro pentsatzen nola egin dezakegun hobeto”.

Zaintza molde honi guztiari buruz aritzeko kontzeptu gisa “parenting-a, gurasotasuna eta amatasuna” hartu dituzte ahotan eta zenbait eredu zartatu, lurrera ekarri eta laxatu beharra aipatu dute. “Ezagutzen ditudan ama guztiak sentitu izan dira epaituak barrutik eta kanpotik; nik ere muturreko exijentzia nuen nirekiko eta diskurtsoak eskatzen nizkion nire buruari, kasik biziraupen fasean nengoenean…” dio Alberdik. Bigarren haurrarekin erabaki omen zuen ez zuela kulpatik bizi nahi eta bere identitatean hain errotuta zegoen sormena beharrezko zuela: “Bigarrenarekin ez daukat oroitzapenik etxetik kulparekin atera izanarena (…). Nire ama oso independientea izan da, ordu asko pasatzen zituen egunero lanean, balioa ematen zion aisialdiari, bere ahizpari, kirolari… Berarentzat ez zen seme-alabak eta gero beste guztia, bestelako eskema bat izan du… Eta independentzia horren balioetan hezi izanak gauza batzuetan lagundu egin dit”. 

 

Agirrek buruan du haurrak minbizia izan zuen garaian, ez zekiela jendeak ulertzen ote zuen, epaitzen ote zuen, baina berak bertsotara joateko premia zeukala: “Nire ihesbidea zen, batzuetan ezin da, buruak eta gorputzak ez baitute erantzuten, baina besteetan, lo egin gabe bertsotara joanda ere pilak kargatuta itzultzen nintzen… Ez egoari jaten emateagatik, lagunekin egoteak, munduak martxan jarraitzen zuela sentitzeak, sortzen disfruta nezakeela ikusteak… lagundu egiten zidalako baizik. Lagomak, ostera, zegoen lekua ez zegokiola sentitzen zuen, beraz, “iruzurgile sindrome” horrekin eta gainerako “pastel guztiarekin” ez omen zen baldintzarik onenetan iristen bertso plazara. 

 

Haurretik aurrera

Lagomak iradoki du norberari bertsotarako baimena diru-iturri denean soilik eman beharra tristea dela eta “eraikuntzan” dagoen zerbait dela amatasuna eta bertso-jarduna, “ongi landu beharrekoa” jasangarria izan dadin. Alberdik dio, errealki, “punta-puntako bertsolaria” izan ezean zaila dela “hor mantentzea”. Iguaranek ere buruan du “datozenei espazio bat”, babes bat eman nahia eta espazio hori eman ezean “desagertzeko dagoen arriskuaz” hitz egin du Lagomak: “Haur txikiak izan berri dituzten emakume horientzat antolatuko bagenitu urtean hiruzpalau bertso saio goxo, baldintza zainduetan, ez existitzearen sentsazio hori izan ez dezaten… Ederra litzateke eta ez da hainbeste kostatzen hori egitea”.

 

Agirrek, atzera begiratuta, sentitzen du berak bere amatasuna bizitzeko era aztertu duenetik,  “gai-jartzaile gisa amatasun ezberdinen errealitatea islatzeko premia handia” sentitu duela, batzuetan gehiegizkoa izan ote den ere pentsatu izan du: “Bertsolari garaian besteekiko epai edo ukazio jarrera izan ondoren, gerora, barruak kontrakoa eskatzen dit, gaia ateratzea, bertsolari bezala ezin badut gai-jartzaile bezala (…), oholtzan eta oholtzatik kanpo, baldintza guztiei begira jarri behar baitugu oholtzan amak nahi baldin baditugu”. Behar eta baldintzekiko sentiberatasun handia garatu du eta bertsokideren bat saiora haur jaioberriarekin joatekoa bada aparkatzeko leku bat gordetzen, bularra emateko espazio bat bermatzen, zaintzailearentzat gune bat bilatzen… saiatu da: “Gauza sinpleak dira, baina eskatu ezean, jendea ez da ohartzen… Eta oholtzara ez zara berdin igotzen, hori guztia bermatuta dagoenean edo ez dagoenean”. Iguaranek, egituraz horrela izaten ez denaren adierazgarri, “zaintzak blokeatu” egin izan duela dio: “Harritu xqere egin izan nau kontuan hartzeak”.

 

Alberdik, zentzu zabalean, aurrera begira, existitzen segitzekotan, honi guztiari eta gehiagori arreta jarri beharko dietela uste du eta orain egiten denak edo ez denak baldintzatuko duela geroa: “Gai hauei lekua eman behar zaie bertso-
saioetan eta baita saioen aurre-ondorenetan ere. Irautekotan, plaza bizitzari egokitu beharko zaio”.