Seaskak okupazioarekin segituko du Hezkuntza ministroa ikusi arte

2022-06-17

Seaskako ikasle, irakasle eta gurasoak Frantziako Akademia Ikuskaritzak Baionan duen egoitza okupatu dute asteazkenean, eta okupaziori eutsiko diote azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatuz Hezkuntza ministroak euren aldarrikapenak entzun arte.

 
 
Seaskak okupazioarekin segituko du Hezkuntza ministroa ikusi arte

Ehun bat pertsona elkartu ziren Baionan, Pirinio Atlantikoetako Akademia ikuskaritzaren egoitza okupatzeko pasa den asteazkenean. Baxoa eta Brebeta euskaraz egitea aldarrikatzen dute. “Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin mintzatu nahi dugu”, esan zuen Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak, baina “baina Barne Ministerioarekin erantzun digute”, izan ere, Frantziako Polizia euskaltzaleen kontra bortizki oldartu zen asteazken arratsaldean.

 

Ekintzaileek “Azterketak euskaraz eta kito!” zioen pankarta zintzilikatu zuten eta dagoeneko hiru egun daramatzate egoitza okupatzen. Frantziako Hezkuntza ministroak hitzordu bat eman arte ez gara hemendik mugituko», adierazi du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak.

 

 

Seaskako kideei babesa erakustera jende asko batu zen. Iker Elizalde Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluko EH Baiko hautetsia bertan izan zen, eta Poliziaren jarduna salatu zuen: «Guztiz salagarria izateaz gain, ulertezinak dira horrelako jarrerak. Guraso, irakasle, ikasle batzuk, aldarrikapen sinple batzuekin. Printzipioz, ez lukete eta ez genuke hona etortzeko beharrik ere izan behar gure eskubideak onartuak izan daitezen». Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria eta Nekane Artola lehendakariordea ere Baionara izan dira, Seaskako kideei Euskal Herriko ikastolen elkartasuna adieraztera. «Seaskako ikasleei bermatu behar zaie azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea. Hori aldarrikatzeko egiten diren mobilizazio guzietan egonen gara».

Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia eta Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria ere han izan ziren eta Berriak jaso duenez, Bilbaok adierazi zuen «lotsagarria» izan dela oinarrizko eskubide bat eskatzeagatik jasotako erantzuna. Gaubekak azpimarratu zuen herritarren eskubideak daudela jokoan «Euskaraz ikasteko eskubidea azterketak euskaraz egiteko eskubidea ere bada. Gure babes osoa helarazi nahi diegu»