Filosofia egiten ikasiz

2022-06-27

Platon, Descartes, Aristoteles, Kant… Gizonezkoen izen propioak datozkigu gogora filosofia hitza entzutean. Baina filosofia pentsalari haiek ziotena baina askoz ere zabalagoa da. Eta zergatik ez, dibertigarriagoa ere bai. Jakinmin elkarteak filosofia saioak antolatzen ditu haurrak eta helduak filosofiara hurbiltzeko helburuz. Haur Filosofia saioak, Matthew Lipman, Haur Filosofiaren sortzaileak egindako ekarpenari jarraituz antolatzen dituzte. Lipmanek hezkuntza-praktika aldatu beharra ikusi zuen: pentsamenduaren alderdi kognitibotik harago joan eta memorizazio hutsa alboratzeko beharra ikusi zuen. Hark bezala, dogmatismotik urrundu eta pentsamendu kritikoa, autonomoa, sortzailea eta arretatsua bultzatzea dute helburu Jakinmin elkarteko kideek. Joxe Mari Auzmendi Bekaren aipamen berezia jaso zuen Jakinmin elkarteak eta Hik Hasik antolatutako Udako Topaketetan ikastaro bat eskainiko dute. 

 
 
Filosofia egiten ikasiz

Haur Filosofia metodologia bat edo filosofia ulertzeko modu bat da: filosofia ikastearen ordez, filosofia egitea da. Imanol Alvarez Jakinmin elkarteko presidente eta Bigarren Hezkuntzako irakasleak azaldu du zer den filosofia egitea: “Filosofia egitea ez da burutik pasatzen zaigun lehenengo gauza esatea. Filosofia egitearen atzean hausnarketa sakonagoa dago eta arau batzuk daude, jarraibide batzuk. Ez dago erantzun bakar bat eta argudiatzea edota pentsamendu kontzientea garatzea da helburua”. Horretarako, erabiltzen den tresna elkarrizketa filosofikoa da. Abiapuntu modura pentsamendua kitzikatuko duen eta martxan jarriko duen pizgarri bat erabiltzen da Haur Filosofia saioetan. Pizgarri hori, Haur Filosofiarako espreski prestatutako materiala izan liteke edo beste edozein: ipuin bat, film bat, kantu bat, iragarki bat, galdera bat... Gai zehatz bati buruz pentsatzera edo hausnartzera eramaten gaitu eta hortik abiatuta, Haur Filosofian aditua den pertsona batek elkarrizketa filosofikoa gidatzen du. Helburua galderen bitartez pentsamenduan sakontzen laguntzea da, eta ez erantzunak ematea.

“Pizgarria bota ondoren, galderak planteatzen dira. Guk planteatu ditzakegu, edo materialetan daudenak erabili, baina Lipmanek proposatzen zuena ere egin dezakegu: taldeak berak sor ditzake galderak. Niri azken hori interesgarriagoa iruditzen zait, galderak sortzeko prozesuan kritikotasuna are gehiago lantzen delako. Galderek ezaugarri jakin batzuk izan behar dituzte eta hausnarketarako lagungarriak izan behar dira. Ikasleei galdera filosofikoak zer diren eta galdera onak nola sortzen diren ere azaltzen diegu”, dio Alvarezek.

 

Hezkuntzan lekua duen metodologia da eta irakasleentzako prestakuntza saioak eskaintzen ditu Jakinmin elkarteak. Etapa guztietan erabili daitekeen metodologia da. Baina zergatik du halako garrantzia filosofiak bizitzan eta hezkuntzan? Hauxe Alvarezen erantzuna: “Pentsamendu filosofikoa transbertsala da, gai guztiak hartzen ditu. Normalean filosofiaren gai nagusiak justizia, ongia eta gaizkia, estetika, maitasuna, heriotza, errealitatea, egia… izaten dira, eta horiek daude gainerako gaien erroan. Kontua ez da zeri buruz pentsatzen dugun, baizik eta nola pentsatzen dugun. Argudiaketa lantzea, pentsamendu kontzientea lantzea, adibideak ematea, pentsamendua nondik datorren eta nora doan edo zer ondorioztatzen den hausnartzea… Etengabe egin beharko genukeen ariketa da, bai geure buruarekin eta baita besteekin ere elkarrizketa sakonak eta emankorrak izateko modu bakarra delako. Ez nuke esango filosofiaren gai tradizional guztiak bizitzan eta hezkuntzan ezinbestekoak direnik, baina hausnarketa bideratzen duen pentsamendu filosofikoa bai, hori ezinbestekoa da”. 

 

Pentsamendu filosofikoa lehenbailehen lantzen hastea komeni dela dio Alvarezek. Islandian, esaterako, hiru urteko haurrekin ere lantzen dituzte Haur Filosofia saioak: “3 urtetik aurrera Haur Filosofia saioak egiteko aukera dago, badago materiala eta badaude moduak”. 

 

Baina nola lantzen da pentsamendurako gaitasuna ume txikiekin? Alvarezek adibide praktikoa jarri du: “Oso argigarria izan zen 4 urteko haurrekin izandako esperientzia bat. Askatasun absolutuaren jolasa planteatu nuen: jolasean hasi eta nahi zutena egin zezaketen. Handik gutxira bat kexaka etorri zen jo egin ziotelako, beste bat jostailua kendu ziotelako…  Nik hura askatasun absoluturen jolasa zela erantzun nien eta ezer ulertu gabe begiratu ninduten. Jolasa neurrigabea izaten hasi zenean eten egin nuen. Ordura arte, ordea, askatasun absolutuaren esperientzia bizi izan zuten eta esperientziatik horretatik abiatuta, askatasunari eta arauei buruz hausnartzen aritu ginen. Modu horretan hiru filosofo kontraktualistek –Hobbes, Locke eta Rousseau– hausnartzen zuten gai berari buruz hausnartu dezakezu 4 urteko haurrekin: askatasuna, estatuaren beharra, legeak, arauak…”. 

 

Pentsalari klasikoak baino gehiago

 

Filosofia ikasgaia eta filosofia bera autore jakin batzuekin lotzeko joera dugu, baina hori aldatzen ari dela eta irakasleek zentzu horretan autokritika egin behar dutela uste du Alvarezek: “Neurri batean Filosofiako irakasleen errua izan da filosofiaren ikuskera hori zabaltzea. Urte luzez autoreei soilik erreparatu diegu, baina ikasleentzat filosofia interesgarri egiten ez badakigu, zerbait gaizki egiten ari gara. Filosofia bizitza da, bizitzari buruz hausnartzea. Eta zubi hori eraikitzen asmatzen ez badugu, gaizki ari gara”. Hain zuen ere zubi hori eraikitzen saiatzen da Haur Filosofia: “Filosofia errealitatera ekartzen eta maila intelektual elitista horretatik apur bat jaisten saiatzen gara, baina batzuetan erresistentziak topatzen ditugu, jende askok filosofiaren irudi tradizionalari lotuta filosofia ez dela edonorentzat egina pentsatzen baitu”.

 

Hala ere, filosofo klasikoen ekarpena baztertzea akatsa izango litzatekeela uste du Alvarezek: “Nik ikasgelan elkarrizketa filosofikoak eta autoreen lana tartekatzen ditut. Ikasleek filosofatzen ez badute, ikasgaia astuna da eta autoreak ikasten ez badituzte agian pobre gelditzen da, bestearen pentsamenduak norberaren pentsamendua aberasten baitu. Bi alderdiak uztartzea garrantzitsua da”. 

 

Badator erreforma

 

Espainiako Hezkuntza Ministerioak curriculumari buruz planteatu dituen dekretu proposamenek filosofia lantzeko espazio murritza utzi dutela dio Alvarezek: “Erreforma berri honekin filosofia ez da desagertzen, baina ez da bermatzen. Derrigorrezko orduak desagertu dira eta pilota autonomia erkidego bakoitzaren teilatuan utzi dute. Espainiako Gobernuak minimoak eskaintzen dizkio pentsamendu filosofikoari eta erkidego bakoitzak hori garatzeko aukera du. Euskal Autonomia Erkidegoan jarrera positiboa izan dela uste dut, baina hautazkoek ez dute bermatzen pentsamenduaren lanketa estruktural bat. DBHko 1. mailan Balio etikoak izeneko ikasgaia egongo da eta derrigorrezkoa da, baina DBHko 2. eta 3. mailetako Pentsamendu autonomo eta kritikoaren garapena zein 4. mailako Filosofia ikasgaiak hautazkoak izango dira. Erreforma berri honetan Haur Hezkuntzan eta, batez ere, Lehen Hezkuntzan Pentsamendu filosofikoa sar dezaten ere saiatzen ari gara”. 

 

Hautazko ikasgaia izanik, ikasle asko hortik kanpo geldituko diren kezka du Alvarezek. Eta filosofia saioak beharrezkoak dira pentsamendu konplexua, kritikotasuna eta sormena lantzeko: “Alderdi garrantzitsuak lantzen dira: egia bakarra ez dagoen espazioa da, hausnarketa eta elkarrizketa kooperatiboa lantzen ditu… Denok uste dugu hori guztia lantzea oso garrantzitsua dela, baina, hala ere, hautazko ikasgaia baino ez da”. 

 

Gainera, badira Haur Filosofiak eta pentsamendu kritikoa eta konplexua lantzeak ikasleen errendimendu akademikoan onurak ekartzen dituela dioten ikerketak. Alvarez: “Ikerketek diote haurrek pentsamendu kritikoa eta argudiatzeko gaitasuna garatzen dutela eta errendimendu akademikoa hobetu egiten dela beste arlo guztietan ere. Logikoa da, memorizazio hutsetik ulermenera pasatzen baitira ikasleak”.

 

Asko dira Haur Filosofiak dakartzan onurak: “Gaitasun kritikoa eta argudiatzeko gaitasuna izugarri hazten dira. Elkarbizitzarako gaitasuna ere handitzen da, besteen iritziak errespetatzen ikasten dutelako. Urteek aurrera egin ahala garapen nabaria ikusten da ikasleengan”. Horrekin lotutako anekdota kontatu du Alvarezek: “Lan egiten dudan institutuan, Batxilergoko 1. mailako ikasleek talde feminista zuten eta taldeko bilerak egiteko modua aldatzea erabaki zuten beti galderekin hastea hobetsiz. Horrelakoetan ikusten da funtzionatzeko modu berria barneratzen dutela. Filosofia eta pentsamendu kritikoa dogmatismoaren kontrako botika dira eta galderekin hastea aurrerapauso interesgarria da. Gainera, modu horretan, edonork parte hartzeko eta iritzia emateko aukera zabaltzen duzu. Egia bakarrik ez dagoela adierazten duzu. Gutxitan gertatzen da, baina niri gertatu izan zait klase batzuetan, nolabait, desagertzea. Desagertzen zarenean protagonismo guztia ikasleek hartzen dute. Zaila da horra heltzea baina une hori magikoa izaten da”. 

 

Hainbat esperientzia egin ditu gaur arte Jakinmin elkarteak: Oiartzunen, Errenterian, Donostian, Durangon eta Gasteizen egin dituzte saioak haur zein helduekin eta orain arteko emaitzak ikusita, lan horretan jarraituko dute aurrerantzean ere. Izan ere, oro har, hausnarketarako espazioen eskasia dago eta filosofia saioak garapen integralerako eta gizarte kritikoagoa lortzeko tresna paregabea dira. 

 

Nahi duen orok gaia sakontzeko aukera izango du Hik Hasik antolatutako Udako Topaketetan Hausnarketa lantzen elkarrizketa kooperatiboaren bidez ikastaroa eskainiko baitute Imanol Alvarezek eta Garikoitz Moyak. Izen-ematea: www.hikhasi.eus atarian.

 

Askatasunez hitz egiteko gunea

Ez da Aintzinako Grezia eta ez da agora bat. Ez, behintzat, filosofo klasikoak hizketan  irudikatzen ditugun plaza horietako bat. Hau Errenteria da eta Filosofiaren Plaza ez dago harriz egina, ezta aire zabalean ere. Lekuona Fabrikako gela batean biltzen dira filosofo txikiak. Garai batean gailetak egiten zituzten Lekuona Fabrikan. Orain, berriz, ideiek, pentsamenduek eta argudioek hartu dute haien lekua.

 

Xabi Salaberria eta Eva Domingo Jakinmin elkarteko kideek antolatu dituzte Errenteriako Haur Filosofia saioak eta eurak aritzen dira gidari lanetan, baina herriko sortzaileek protagonismo berezia dute Lekuona Fabrikako saioetan. 

 

Oiartzunen du jatorria Errenteriako esperientziak. Lauzpabost urte dira Oiartzunen haurrekin filosofia saioak egiten hasi zirela. Pizgarri bat izaten da saio bakoitzaren hasieran eta Oiartzunen herriko sortzaileak hasi ziren pizgarri hori jartzen. Baina Errenteriakoak bestelakoak dira. Izan ere, herriko sortzaileekin elkarlanean egiten dituzte saioak. Oiartzunen sortzaileek pizgarria jartzen zuten eta gero gai bati buruzko ohiko filosofia saioa egiten zuten. Hemen, ordea, helburua sormenari buruz filosofatzea da. Hala adierazi du Salaberriak: “Oiartzunen pizgarria maitasunari buruzko testu edo irudi bat izan zitekeen, maitasunari buruz filosofatzeko. Hemen, ordea, sormena bera da filosofatzeko gaia eta, batez ere, sortzen ari garenean pentsamenduan gertatzen den prozesuari jartzen diogu arreta”. 

 

Ostiraletan biltzen dira filosofo txikiak Lekuona Fabrikako Filosofiaren plazan. Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako hamasei ikaslek hartzen dute parte egitasmoan eta ordu eta erdiko saioak egiten dituzte. Apirilean hasi ziren eta ekainean amaituko dute egitasmoa. Zortzi saio izango dira guztira eta helburu nagusia haurrekin sormena lantzea dela dio Domingok: “Gaur egun asko entzuten da ume sortzaileak nahi ditugula. Ume kritikoak, ekintzaileak eta sortzaileak nahi ditugu. Hori oso polita da, baina nola lortuko dugu? Nola laguntzen diegu horretan eta nola errespetatzen ditugu euren garapena, beharrak eta interesak? Ikastetxe guztietan, teorian behintzat, hori bultzatzen dute baina errealitatean, umeek alderdi horiek lantzeko aukera handirik ez dutela ikusten dugu. Eskolan zaila da, eskolaz kanpo jarduera mordoa izaten dituzte… Eta sormenak lasaitasuna eskatzen du, denbora. Uste dugu interesgarria dela haurrak sortzaileekin harremanetan jartzea eta bertatik bertara ikustea bizitza sormenari eskaintzen diotenek nola egiten duten lan, nola bizi dituzten sormen prozesuaren etapak… Ez da soilik ekoizpena aurkeztea baizik eta horren atzean zer dagoen eta horra nola iritsi diren azaltzea. Horrek haurren grina piztuko duela espero dugu, eta hausnarketa bultzatuko duela: zer gustatzen zaien sortzea, zer egin behar duten sortzeko, zer gertatzen den haien pentsamenduan sortzen dutenean… Eskolan sormena plastikarekin lotzeko joera dago, baina hori baino askoz ere gehiago da eta bizitzako esparru guztietan erabili daiteke. Kasu batzuetan, eskolan idazlanak egiteko aukera ere izaten dute. Edonola ere, niri iruditzen zait geroz eta denbora gutxiago eskaintzen zaiola sormenari ikasgeletan”. 

 

“Pentsamendu kritikoa –Haur Filosofiarekin berez lantzen dena– eta sormena uztartzen dira egitasmo honetan. Pentsamendu kritikotik begiratuta, sormen prozesuan zer gertatzen den aztertzea da gakoa. Herriko sortzaileak hainbat diziplinatakoak dira, pizgarri horiek askotarikoak dira eta haurrak prozesu horietan lanean jartzen ditugu: artista marrazkilaria denean, esaterako, haurrek ere marraztu egiten dute, eta aktoreren bat datorrenean antzeztu egiten dute. Helburua haiek ere prozesu hori sentitzea eta gero horri buruz hitz egitea da”, dio Salaberriak.

 

Haur Filosofia saioak gidatzeko prestakuntza behar da, metodologia bat dago eta nahitaez errespetatu behar diren baldintza batzuk daude. Eta, kasu honetan, sortzaileek ere prestakuntza behar izan dute. “Saioak guk gidatzen ditugu, baina bertan egoten direnez garrantzitsua iruditu zitzaigun formazioa jasotzea, prestatzen duten pizgarri horrek duen zentzua ulertzeko. Eta elkarrizketan uneren batean parte hartu nahi balute, badakite baldintzak zein diren”, azaldu du Salaberriak. “Oinarrizkoa da jakitea haurrei ezin diegula erantzunik eman, ezin diegula esan sormena zer den, adibidez”, dio Domingok, eta ideia hori zehaztu du Salaberriak: “Adibidez, aktore batek antzerkiari buruzko erantzun ugari izango ditu, baina helburua haurrek hausnartzea da”.

 

Egunero erabiltzeko moduko metodologia

 

Salaberriak argi du: “Egunerokotasunera eraman beharko genukeen metodologia da. Ikasgeletan, gainera, egunero gertatzen dira pizgarri izan litezkeen gauzak: pizgarria jolasgaraiko liskarren bat izan liteke, norbaiti bururatu zaion ideiaren bat… Une horiek aprobetxatu behar dira. Arazoa, ordea, denbora falta izaten da maiz”. 

 

Matthew Lipmanek sortu zuen metodologia hau ikasleak unibertsitatera pentsatzeko gaitasunik gabe iristen zirela ikusita. Pentsamendua garatzeko tresna da eta edozein arlotarako balio du. Gaur egun, kontzientzia kritikoa galtzen ari garela ere esaten da, eta horri eusteak berebiziko garrantzia duela uste du Domingok: “Gai izan behar dugu geure kabuz pentsatzeko, munduan mugitzen jakiteko, malguak izateko… Errealitateak etengabe aldatzen ari dira eta gaitasun horiek beharrezkoak dira. Haurrei esan genien giharrak lantzen ditugun bezala landu behar dugula pentsamendua. Izan ere, denok gaude kontzientziatuta ariketa fisikoarekin baina pentsamenduaren lanketarekin ez”. 

 

Euskarazko material gutxi

 

Euskarazko materialen eskasia azpimarratu dute Salaberriak eta Domingok: “Oiartzunen 11 kutixi filosofiko izeneko lana argitaratu genuen eta pixkanaka material berriak sortzeko asmoa dugu. Badira pizgarri gisa erabili daitezkeen materialak (ipuinak, artelanak, kantuak…) baina euskaraz espreski sortuak izan direnak oso gutxi dira. Beste hizkuntza batzuetan egindako materialetatik tiraka aritzen gara askotan. Esate baterako, Kataluniako Noria proiektuko materialak erabiltzen ditugu”.

 

Lipmanek idatzitako eleberriak izan ziren Haur Filosofia lantzeko berariaz sortutako lehen materiala. Adin bakoitzerako gai batzuk lantzen dituzte eleberriek baina, esan daiteke, modu intelektualean planteatzen dituela gaiak, eta AEB Amerikako Estatu Batuetan 60ko hamarkadan idatziak direnez, egungo egoera eta testuingurua ez dute kontuan hartzen. Salaberria: “Kataluniarrek hainbat material eta pizgarri erabiltzen dituzte. Eta guk ere hortik jo dugu filosofia ludikoan kokatzen baikara Lipmanek sortutako Haur Filosofia horren barruan egon arren”. Izan ere, Lipmanek aipatutako helburuak bere horretan mantentzen dira gaur egun: “Baina helburu horiek lortzeko bestelako moduak erabiltzen ditugu. Errenteriako egitasmoarekin sormenari leku gehiago eskaini nahi diogu, baina azken batean pentsamendu kritikoa, sortzailea eta arretatsua bultzatu nahi ditugu”. 

 

Aurrera begira

 

Etorkizunera begira, ez dute baztertzen ikastetxeek Haur Filosofia saioetan parte hartzeko aukera. Errenteriako egitasmoa prestatzen ari zirenean, irakasle talde batek ere, prestakuntza saioak jaso zituen sortzaileen moduan. “Ikastetxeen parte-hartzea guretzat ideala izango litzateke, gutxi baikara. Dena eskolaz kanpo egiten dugu eta metodologia hedatzeko aparta izango litzateke eskoletara iristea. Irakasleak prestatuta eta inplikatuta egongo balira, elkarrizketa filosofikoaren praktika zabaltzea askoz errazagoa izango litzateke. Katalunian, adibidez, arlo horretan askoz aurreratuago daude eta guretzat erreferentzia dira. 3 urtetik aurrerako umeekin aritzen dira hainbat eskolatan eta edozein ikasgaitan erabiltzen dute metodologia hau”, dio Domingok. 

 

Saioei buruzko balorazio ona egiten dute biek ala biek. Domingo: “Haur batek zioen bere arazoa dela ideia pila bat dituela baina gero ez dakiela horiek nola planteatu, ekoizpena nola egin. Hori jende askori gertatzen zaio; ideia pila bat izatea, dispertsioa izatea… Ideiak zehaztu egin behar dira eta ondoren sortu. Baina dagoeneko haur horrek hausnarketa hori egin du eta hori oso polita da. Umeek asko ematen dute”. 

 

Aurrerantzean proiektua egonkortzea da euren asmoa. Udazkenean saioekin jarraitu nahiko lukete, izan ere haurrak nola ahalduntzen diren prozesuan zehar ikusten da. Beste herri batzuetara zabaltzeko aukera ere zabalik da. Probatzen duenak errepikatu nahi izaten du, gainera, eta saioetan magia modukoa sortzen dela dio Domingok: “Esaten dute gustura egoten direla askatasunez hitz egiteko aukera dutelako”.