Euskaraldiari loturiko proposamen didaktikoak eskuragai daude

2022-10-19

Euskaraldiaren baitan haur eta nerabeek zer esan eta zer egin handia dutela sinetsita, Euskaraldiko zenbait eragile, hezkuntzan eta haur eta nerabeen sektorean ari direnak, lankidetzan ari dira 2018tik. Lankidetza horren emaitzetako bat hezkuntzako etapa ezberdinetan lantzeko proposamen didaktikoak izan dira. Euskaraldiaren webgunean eskuragai daude Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketan lantzeko unitate didaktikoak.

 

 

 
 
Euskaraldiari loturiko proposamen didaktikoak eskuragai daude

Unitate didaktikoak ikastetxeetan landuak izateko prestatu dituzte elkarlanean Ikastolen Elkarteak, Irrien Lagunek, Heztenek, EBETEk eta Kristau Eskolek. Materiala hezkuntza sare osorako jarri dute eskuragarri Euskaraldiko webgunean. Eremu ez-formaletan baliatzeko modukoak ere badira. Helburu nagusia zera da: modu ludikoan zein dinamika egingarrien bitartez, haur eta gazteek Euskaraldiaren berri izatea eta euren inguruko helduei ekimenaren berri ematea (xaxatzaile izatea).

  • Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza: ekimenaren bidez euskararekin esperientzia atseginak izatea eta hizkuntza aniztasuna lantzea.
  • Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: helduen xaxatzaile izateaz gain, beren hizkuntza praktikei buruzko gogoeta egitea, hau da, aurrera begira ahobizi edo belarriprest izateko prestatzea.
  • Batxilergoa eta Lanbide Heziketa: beren hizkuntza praktikei buruzko gogoeta egitea, ekimenean ahobizi zein belarriprest gisa parte hartzera animatzea eta hirugarren edizioari begira, erronka berriak jartzea.