Denbora eta presentzia

2022-10-21

Jon Eskisabel. Amaren sabelean nengoela zendu zen aita. Horrek noraino baldintzatu duen nire bizitza, aita izan arte ez dut horretaz askorik pentsatu. Izan ez duzuna faltan botatzen ez denaren seinale, ziur aski. Haurra nintzelarik “berezitasun” gisa bizi nuen aitaren hutsunea, besteengandik ezberdintzen ninduen ezaugarria. Etxean ez genuen aitari buruz apenas hitz egiten —ama ez zen azalpen asko ematekoa, eta nik ere gutxitan galdetu izana damu zait orain—, eta tarteka afari familiarretako solasaldietan agertzen zen fikziozko pertsonaia zen nolabait, —“oso maitagarria zen, baina zorrotza, eta haserretzen zenean...”—.  Nerabezaroan zerbait normala bihurtua zen, ez nintzen adin goiztiarrean aita hil zitzaion bakarra. 

 
 
Denbora eta presentzia

 

 

Urte asko ziren, 4.0 aroan sartuta nengoela, guraso izatea erabaki genuenean, eta orduan bai, hasi nintzen aitarik ezagutu ez izanak nire biografian izan duen eraginaz hausnartzen. Esaterako, aita ez izateak ez zidan amarekin egoteko denbora gehiago eman; alderantziz, ama ere “kendu” egin zidan, zazpi seme-alabak aurrera ateratzeko astean zazpi egunez lan egitera behartua zegoenez. 

 

Imajinatzen dut aita edo ama izan den orok norbere aita edo ama izango duela noiz edo behin erreferente, gauzak nola egin (edo ez egin) erakutsiko dion iparrorratz edo gidaria. Nik ez dut izan eta bidean ikasiz joan naiz. Zazpi eta lau urte dira, hurrenez hurren, alaba eta semea jaio zirela. Aita bihurtzeak ispilu bat jarri zidan aurrean lehen momentutik: bat-batean bihurtua nintzen nik izan ez nuen figura hori. Zazpi urteotan etengabe etorri zait burura pentsamendu berbera: umeekin nagoenean haien lekuan jartzen naiz, eta imajinatzen dut zer izango zen nik aitarekin egunero gosaltzeko, asteburuetan mendira joateko, etxean musika entzuteko, eskolatik irtetean parkera joateko, piszinan elkarrekin bainatzeko, gauero ipuina entzuteko... hori dena bizitzeko aukera izan banu. Argi dut oso bestelako bizitza izango nuela eta oso bestelako pertsona izango nintzela gaur egun.

 

Denbora. Horra hor seme-alabekin eraiki dudan aitatasunaren giltza. Etxean horren aldeko apustua egin genuen: etxetik lan egingo nuen, lanaldi murriztuan, horrek zekarren prekarizazio ekonomikoaren gainetik jarriz haurren zaintza/ongizatea. Eta denborarekin batera, presentzia. Ni egingo nintzen haien kargu eskolan hasi arteko lehen hiru urteetan. Etapa hori amaitua dudalarik esan dezaket inoiz hartu dudan erabakirik onena izan dela, bizitza honetako poz handienak ekarri dizkidana (baita neke handienak ere, fisikoak eta burukoak). 

 

Guk izan ez duguna nahi izaten dugu gurasook gure seme-alabentzat: dela ikasketak egiteko aukera, dela bidaiatzekoa, dela jostailuak... Nire kasuan, aitarekin izan ez nituen denbora eta presentzia eman dizkiet bi seme-alabei. Egia da, ez dut ezkutatuko, esfortzu handia eskatzen du kontziliazioak —nik ere desio izan dut, neure onetik ateratako momentuetan, umeak lehenago eskolatu eta etxetik kanpora lan egiteko aukera izatea— baita ekonomikoa ere, ez baitaude haurren zaintzaz arduratzeko neurriak. Baina aldi berean, ia ezerk ez bezalako satisfazioa eman dit umeak egunez egun, orduz ordu, hazten ikusteak, eta horrek, nire kasuan, ez dauka preziorik.