Euskararen zonifikazioa bukatzeko eskatu dute Tuteran

2022-10-24

Urriaren 21ean, larunbata, Nafarroan zonifikazioa bukatzeko eskatu zuten Tuterako manifestazioan bildu ziren ehunka lagunek. Cortesetik Beraraino bereizketarik gabeko Nafarroa nahi dutela aldarrikatu zuten, “zonifikazioaren aurka egitea justizia sozialaren alde egitea” dela azpimarratuz. Hordago herri dinamikak egin zuen manifestaziorako deia eta ibilbidearen amaieran hitza hartu zutenean argi adierazi zuten “Nafarroa osoko hizkuntza” dela euskara eta euskararen erabilerak ez duela mugarik ezagutzen “Cortestik Beraraino, Vianatik Gardera, Altsasun, Iruñean edo Tuteran, Mendialdean, Nafarroa Erdialdean edo Erriberan”.

 
 
Euskararen zonifikazioa bukatzeko eskatu dute Tuteran

Herri dinamikako eledunek esandakoaren arabera, “Euskararen Legeak ezarritako zonifikazioari hordagoa jo nahi diote, hura baita diskriminazio iturri”. Bereizkeriarik gabeko Nafarroa baten aldeko mezua zabaldu zuten, “denok berdinak izanen garen lurralde batean bizi nahi dugu. Berdinak betebeharretan, berdinak eskubidetan”. Izan ere, Euskararen Legeak bultzatako zonifikazioa dela-eta, bereizkeria batik bat eremu ez-euskaldunetan nabaritzen dela azpimarratu zuten. “Leku horietan denetan nafar euskaldunak daude, edo euskaldun izan nahi dutenak, edo beren seme-alabak euskaldun izatea nahi dutenak, baina zonifikazioak nahiko traba jartzen dizkie eragozteko. Are gehiago, zonifikazioak guztiz ezkutatzen du euskararen existentzia bera. Izanez ez balitza bezala. Eta, bai, bada”.