Greba eguna gaur EAEko sare publikoan

2022-11-30

“Publikoa, euskalduna eta propioa helburu. Hezkuntza lege aurreproiektu honi ez, legea langileokin erabaki” lelopean deitu dute greba Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sare publikoko ikastetxeetan ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek.  

 
 

Hamar aldarrikapen egin dituzte sindikatuek: publikoa ardatz izatea; segregazioari aurre egitea eta gizarte kohesioa bermatzea; publifikazio-marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea; hezkuntza lege propioa izatea; inbertsio eta baliabide nahikoa izatea; euskara erdigunean jartzea; betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak finkatzea; hezkuntza sistema osatzen duten langile guztien enplegua eta lan baldintza egokiak bermatzea; merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egotea; eta hezkuntza lege parte-hartzailea izatea.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak esan du gaurkoa greba “prebentiboa” dela, legeak oraindik bidea egiteko duelako. Eragileen proposamenak jasota, aurreproiektuaren bigarren zirriborroa prestatzen ari da Eusko Jaurlaritza, eta ondoren Legebiltzarreko alderdiek  egingo dizkiote proposamenak eta zuzenketak testuari.

Mobilizazioak goizez eta arratsaldez izango dira. Bilbon goizeko 11:30etan, Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik aterata. Arratsaldean, berriz, 18:00etan izango dira mobilizazioak, Bilbon goizeko leku berean jarri dute hitzordua, Donostian Alderdi Ederretik abiatuko da eta Gasteizen Legebiltzarretik.

Abenduaren 14an bigarren greba eguna egingo dutela iragarri dute sindikatuek.