Pasaiaren arrastoa

2023-02-21

Iparraldeko bi ikasle gara, Xiberoko Intza Casamajou eta Lapurdiko Unax Egiguren. Bata Ipar Euskal Herriko ekialdekoa eta bestea mendebaldekoa izanik, ibilbide ezberdin bat egin dugu. Intza Sohütako ikastolatik eta Manex Erdozaintzi Etxart Kolegiotik pasatu da, Unax Hendaiako Gure ikastolatik eta Piarres Lartzabal Kolegiotik, eta elkar, Baionako Bernat Etxepare Lizeoan ezagutu dugu. Azken urtea dugunez lizeoan, urte bukaeran baxoko (selektibitatea) azterketa egin beharko dugu. Unax Egiguren eta Intza Casamajou, Baionako Bernat Etxepare  Lizeoko terminaleko ikasleak.

 

 
 
Pasaiaren arrastoa

 


Nahiz eta ikastola ezberdinetatik igaro, ikastolak antzeko gauzak eman dizkigu. Gurasoen hautuz, ikastolan sartu ginen txikiak ginelarik, gure ikasketak euskaraz egiteko aukera emanez. Intzaren kasuan, xiberotarra da beraien etxean baliatzen duten euskalkia eta ikastolak euskara batua ere eman dio. Manexekilan komunikatzeko bide bat. Txikitatik sartu ginenez, orain ditugun lagun gehienak, gure bizitzako lehen lagun bezala kontsidera ditzakegu, nahiz eta batzuk gure bide berberean ez jarraitu, gure iduriko ikastolak eman digun gauza hoberenetako bat izan da.

Horrez gain, irakasleekin ere beti hartu-eman goxoekin ibili gara. Harreman onak aipatuz, aipatzekoa da, gure lizeoan elkartasun handi bat badela hiru ikasturte ezberdinen artean, denak elkar kolaboratzen dugu. 

Ipar Euskal Herriko euskal lizeo bakarra izanik, barnetegiaren beharra dugu, xiberotar eta baxenabartar gehiengoari astea hor pasatzeko aukera emanez, eguneroko bizpahiru orduko bideak ekiditeko. Hori ez da batere oztopo bat izan gure ibilbidean, aberastasun handia da, denak elkartzen baikaitu. 

Euskaraz ikasteko aukera aipatu dugu hastapenetik, baina hortik haratago Euskal Herria bizitzeko aukera eman digu ikastolak, lurralde ezberdinen arteko trukaketak bizi izan ditugu gure ikasle ibilbidean, eta azken urte honetan ere Iparra-Hegoa egitasmoan parte hartuko dugu, ezagutzak zabalduz eta zubiak eraikiz. Iparraldean euskara hizkuntza ofiziala ez dela gauza jakina da, BAXOA EUSKARAZ nahi dugu! Ikastolak euskara eman digu, bai, baina euskaraz ikasi ondotik baxoa frantsesez egitera behartzen gaituzte. Seaskak etenik gabeko borroka bat darama azterketak euskaraz lortzeko. Maleruski, orain,  2023an, hizkuntz zapalketa hau jasan behar dugu, eta lerro hauen bidez deia luzatu nahi diogu euskal gizarteari aldarrikapen hau bere egin dezan. Herri gisako erantzuna da afera honek behar duena. Elkarrekin azkartzen gira.

Hiru urte genituela hasi genuen Seaskako bidea, ikastolatik kolegiora, eta amaiera aurten lizeoan. Zerbait bereziaren parte izatea sentiarazten gaitu, ez gara nehor baino gehiago, ez eta gutxiago ere, baina izan, bagira zerbait, gure baitan daramagu, eta eramanen dugu.