Eskola segregazioari erantzuteko proposamena aurkeztu dute

2023-03-06

Eusko Ikaskuntzak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak larunbatean (martxoaren 4an) antolatu zuten jardunaldian aurkeztu zuten hilabeetan ondutako proposamena eskola segregazioari aurre egiteko. Askotariko segregaziori nola erantzun hezkuntza sistematik? Ulermen partekatua eta erronkak kudeatzeko proposamenak jardunaldian txosten bat aurkeztu zuten: “Segregazioaren ezaugarritze eta ulermen partekatua: erronkak kudeatzeko proposamenak”. Bost erronka nagusi zerrendatu dituzte: jendartearen inplikazioa, lidergo politiko partekatua, kulturartekotasuna, formakuntza eta tokian tokiko gobernantza partekatua.

 
 
Eskola segregazioari erantzuteko proposamena aurkeztu dute

Jardunaldiaren hasieran Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak ikasleak ekarri zituen gogora, eta haiek ahaztu gabe, helburu nagusiak zein dituzten gogoratu zuen: “Zaurgarritasunari aurre egitea pixkanaka, egoera kudeatzeko udalekin lankidetzan eta kogobernantzan aritzea eta Hezkuntza Akordioan ezarritako 43 neurriak betez joatea”.

43 neurri horietako bat da eskola segregazioaren gaineko itun sozial bat egitea, eta jardunaldiaren mezua eta edukiak norabide hori izan zuten. Xabier Bonal gaian adituak eta Hezkuntza Saileko arduradunek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako diagnostikoa egin dute eta haren argazkia aurkeztu zuen Bonalek jardunaldian. Besteak beste, hiriburuetan etorkin gehiago pilatzen direla aipatu zuen, mugikortasun handia dagoela, eskola segregazioa bizileku segregazioa baino handiagoa dela, eta sareen arteko zein sareen barneko segregazioa dagoela. Egindako diagnostikoa aintzat hartuta osatu dira eremu berriak eta 2023-2024ko aurrematrikulazioa egiteko neurriak ere datu horietan oinarrituta hartu dira.

Txostenean proposatzen diren bost helburuak Idoia Fernandez EHUko irakasleak eta Eusko Ikaskuntzako kideak aurkeztu zituen: jendartearen inplikazioa bultzatzea, lidergo politiko partekatuan oinarritzea segregazioaren aurkako jarduna; kulturartekotasunaren barruan euskara eta euskal kultura kohesiorako tresna bilatzea; formakuntza eskaintzea; eta tokian tokiko gobernantza partekatua egikaritzea.

Ondoren, Eduardo Ruiz-Vieytez Deustuko Unibertsitateko irakasleak egungo jendartean dauden hainbat korapilo azaleratu zituen, besteak beste, aniztasuna arazo gisa ikusten dela eta epe luzeko gai bati epe motzeko kudeaketarekin erantzun nahi izaten zaiola. Aniztasun kulturala errentagarria dela azpimarratu zuen eta proiektu nazional gisa hartu asumitu beharko litzatekeela.

Haren atzetik Juanjo Falcó Lleidako Udaleko alkatetzako aholkulariak hitz egin zuen eta segregazioari aurre egiteko bi elementu direla ezinbestekoak aipatu zuen: kontzientzia soziala eta kolektiboa, hau da, gizartearen eta guztion onura denontzat hobea dela jabetzea kolekbitoki; eta erabaki eta determinazio politikoa neurriak hartzeko garaia iristen denean jendartearen presioei aurre egiteko eta helburuei tinko eusteko.