Apirilaren 22an Baionan manifestatzeko deialdi bateratua egin du euskalgintzak

2023-03-10

Baionan izanen da manifestazioa, Azterketak euskaraz! eta Euskarari trabarik ez! lelopean Ipar Euskal Herriko euskalgintzak deituta. Egiazko hizkuntza politika eta baliabideak aldarrikatuko dituzte.

 
 

Frantziako Estatuak euskarari ezartzen dizkion trabak salatzea izango da apirilaren 22an Baionan egingo den manifestazioaren helburu nagusia. “Zinezko hizkuntza politika bat martxan jartzeko eta herri mugimenduko eragileei baliabideak emateko” galdegingo dute. Estatuak euskarari jartzen dizkion oztopoez gain, tokiko erakundeak ere “ez dira behar bezala erantzuten ari”, Euskal Konfederazioaren iritziz: “Zer etorkizun du hizkuntza politikak berau biziarazten duten elkarteek behar bezala ibiltzeko baliabiderik ez badute?”, galdetu du Sebastien Castetek, Berria egunkariak jaso duenez. 2017ko lurralde hitzarmenaren harira EEP Euskararen Erakunde Publikoaren aurrekontua bikoiztea adostu zela oroitu dute, baina, deitoratu dutenez, ordutik ez da izan aitzinamendurik. “Hizkuntza politika da blokeatua dena. EEP tresna bat da, baina ez du baliabiderik bere lana egiteko”, azaldu du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak. Azterketak euskaraz egitearen aldarrikapena ezarri dute lehen lerroan euskalgintzako eragileek