Azken egunak Lehen Hezkuntzako jardunaldian izena emateko

2023-04-17

Asteazkenean (hilak 19) itxiko da Hobetzeko prest! Lehen Hezkuntzako jardunaldian izena emateko epea. Jordi Mateu Zorita hezitzaile katalanak Nolako Lehen Hezkuntza behar dugu? galderari erantzungo dio bere hitzaldian eta Huheziko Karmele Perez Lizarraldek Irakasleen prestakuntza gogoetatsua, hezkuntza hobetzeko giltza hitzaldia eskainiko du eta horrez gain, Iruñeko San Fermin ikastolaren praktika ezagutuko dugu, ikastetxe osoari begirako eraldaketa prozesua egin baitu Iruñeko ikastolak. Jardunaldia larunbatean izango da, apirilaren 22an, EHUren Donostiako campusean.

 
 
Azken egunak Lehen Hezkuntzako jardunaldian izena emateko

Lehen Hezkuntza fase berri batean murgildurik dago. Ataurrean dugun eraldaketa pedagogikoa gaur eguneko praktikak berritzera eta hobetzera dator, eta gure esku dago, beraz, abagune paregabe hau aurrerapauso sendoak emateko baliatzea. Prestakuntza ezinbestekoa dugu Lehen Hezkuntzan daukagun erronkari erantzuteko, gure praktika hobetzeko, hausnartu eta eraldaketan jarraitzeko.  Dagoeneko, Haur Hezkuntzan egin dugun edota egiten ari garen moduan, Lehen Hezkuntzan ere zer eta nola egin behar dugun hausnartzeko garaia da. Hausnartu eta ekin, beti ere hobekuntza oinarri izanda.

 

Hik Hasik Lehen Hezkuntzak aurrean duen erronkari erantzuteko eskaintzen duen jardunaldian, honako gako hauek landuko ditu: nola eragin hezitzaileen esku-hartzean helburu eta egitura pedagogiko egokiak ipinita, curriculumak ematen dizkigun aukerak baliatuta, eta eskola aktiboen oinarriekin uztartuz. Hau guztia aurrera eramateko, hezitzaileen talde mailako prestakuntza gogoetatsuaren metodologia aurkeztuko da, Lehen Hezkuntzako hezitzaileon jarduna etengabe hobetzeko baliabide egokia baita.

 

Hobetzeko prest!

 

  • Jordi Mateu Zorita formatzaile kataluniarra: Nolako Lehen Hezkuntza behar dugu gaur egun?
  • Karmele Perez Lizarralde HUHEZIko irakaslea: Irakasleen prestakuntza gogoetatsua, hezkuntza hobetzeko giltza
  • Esperientzia: Iruñeko San Fermin ikastolako praktika gogoetatsua

 

Lekua eta eguna:

  • Donostiako EHUren Barriola eraikinean
  • Aiprilaren 22an, 9etatik 14etara.