Eta zu, zer egiteko prest zaude?

2023-09-05

20.000 especies de abejas filma, transexualitate egoeran dauden adin-txikikoen errealitatera hurbiltzeko ezinbesteko lana da. Gure seme-alaba batek izan dezakeen ezkutuko mezua irakurtzen ikasteko lanketa zoragarria, zalantzarik gabe. (Zutabea: Edurne Koch)

 
 
Eta zu, zer egiteko prest zaude?

 

 

Filmak, modu magistralean lantzen du minak eragindako haurraren inguruaren begirada aldaketa. Eta niri, honako galdera hau datorkit, behin eta berriro burura: min hori saihestu ote daiteke?

 

Gure etxeko txikiak duela zortzi urte zekarren mezuak bat-batekoan harrapatu gintuen, gurean ere, zakildun neska zela onartzeko zailtasunak izan genituelako. Garai hartan ez zegoen gaia gizarteratua, ez genuen haur guztiei eskoletan errealitate hau ere existitzen dela erakusteko baliabide nahikorik; ez zen sekula sentsibilizazio kanpainarik egin; musika taldeek ez zuten gaia lau haizetara zabaltzen; ez zegoen haur horiek babesteko eskolako protokolorik, gutxiago haien eskubideak bermatuko lituzkeen legerik. Alaba, goizero esnatzen zen gizarte honek inposatutako identitate bati aurre egin ezinik, eta horrek eguna frustrazio handiz bizitzera eramaten zuen. Momentu hartan, hori ikusteko gaitasunik ez genuen, berak, eredu normatiboen deseraikitze prozesuan sartu gintuen arte.

 

Urte hauek guztiek zakildun neskak eta bulbadun mutilak ere badaudela gizarteratzen lagundu dute, baina entzutetik onartzera, barneratzera eta normalizatzera pasa ote gara?

Tamalez, ez. Gizarte transfoboa izaten jarraitzen dugu, identitateen errealitateari buruzkok ezagutza eskasarekin eta eskola-ingurunea horren isla da, egunero gertatzen direlako besteentzako agerikoak ez diren egoera deserosoak eta bortitzak.

 

Transexualitate-egoeran dagoen pertsona baten egunerokotasuna ez da samurra: gaur egun ere alerta-egoeran bizi da gure alaba, eguneroko estresean, gainontzekoen begiradek sortzen dituzten nahasteak gorpuztuz, hanka-artean duena ezkutatuz, besteak ohartuko diren beldurrez; begiraden jomuga izatea ez da samurra, nortasuna zalantzan jartzea mingarria da eta, tarteka, hitzezko erasoak jasaten dituzte, fisikoak ere izateraino.

 

Espainiako Estatuko Trans Legearen kontura azken urtean sortutako eztabaida gaiztoak, kalte egin dio gure kolektiboari. Gezurretan oinarritutako diskurtsoek gizartea nahastu dute, gure haurren sinesgarritasuna zalantzan jarri da eta, horren ondorioz, gaztetxo horien kontrako erasoak nabarmenki igo dira.

 

Pertsona gisa egin eta zertan eragin dezakegun serio pentsatzen hasi eta lanari ekin behar diogu, haur eta gazte horiek, lasai, seguru eta aske bizitzeko eskubidea dutelako. Denon inplikazioa inoiz baino beharrezkoagoa da, baldin eta gizartearen begirada aldaketa erreala lortu nahi badugu.

 

Beraz, zu, zer egiteko prest zaude?