Albistea

Atsedena, formazioa eta zaintza: esperientzia berri bat Hik Hasiren eskutik

Atsedena, formazioa eta zaintza: esperientzia berri bat Hik Hasiren eskutik

Pentsa ezazu egun batzuk har ditzakezula atseden hartzeko. Eguneroko gainkarga, eskakizunak eta eskolako erritmoa utzi eta gelditu, arnasa sakon hartu eta unean unekoari arreta jartzeko aukera duzula. Atsedena.

Gainera, erlaxatzeko, kontzentratzeko eta momentuan kokatzeko hainbat teknika eta bitarteko erakusten dizkizula aditu batek, gero horiek zuk zeure bizitzan nahiz gelan ikasleekin erabiltzeko. Formazioa.

Egun horiek zeure burua zaintzeko egunak izan daitezke, zu zeu hobeto egoteko eta ingurukoekin gusturako aritzeko. Zaintza.

Atsedena, formazioa eta zaintza. Hirurak Arantzazun Hik Hasiren eskutik apirilaren 4tik 8ra.

Informazio gehiago eta izen-ematea.

Albistea

Joxe Mari Auzmendi hil da, Hik Hasiren arima

Joxe Mari Auzmendi hil da, Hik Hasiren arima

Otsailaren 13an hil zen Joxe Mari Auzmendi. Hik Hasi egitasmo pedagogikoaren sortzaile eta bultzatzaileetako bat, taldeko arima.

1995ean hainbat irakaslerekin hik hasi egitasmo pedagogikoa sortu zuen Joxe Marik, irakasleen formazioa euskaraz bermatzeaz gain, irakasleen arteko kohesioa eta harremana bultzatzea zuen helburu. Hori izan da urte hauetan guztietan Joxe Mariren iparra: auzoan, komunitatean eta Euskal Herri mailan ere hezkuntzaren bidez herri kohesioa jostea.

Balioetan sinetsi duen pertsona izan da, eta balioetan oinarrituriko hezkuntza ereduan, euskal hezkuntza eredu propioaren alde egin du lan. Azken ordura arte.

Plazer bat izan da bizitza zurekin partekatu izana, Joxe Mari.

Albistea

Luzarok psikomotrizitate sentsibilizazio ikastaroak antolatu ditu

Luzarok psikomotrizitate sentsibilizazio ikastaroak antolatu ditu

Luzarok antolatzen duen Heziketarako Psikomotrizitate Praktikako bi urteko ikastaroa egiteko, ezinbestekoa da aurretik psikomotrizitate sentsibilizazio ikastaroa egitea. Eta oraintxe ireki dute sentsibilizazio ikastaro horretan izena emateko aukera. Hiru lekutan egiteko aukera izango da: Bilbon maiatzaren 8, 9 eta 10ean; Martutene-Donostian maiatzaren 15, 16 eta 17an; eta Gasteizen irailaren 18, 19 eta 20an. Izena emateko epea ikastaro bakoitza hasi baino 8 egun lehenago bukatuko da. Informazio gehiago Luzaroren webgunean.

 

 

Albistea

Zine-esperimentaleko lantegia antolatu du Donostiako Tabakalerak ikasleentzat

Zine-esperimentaleko lantegia antolatu du Donostiako Tabakalerak ikasleentzat

Donostiako Tabakalerak REC zine-esperimental lantegia antolatu du Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat. Bideoaren inguruko lantegi teoriko-praktikoa da, identitate eta autoirudikapena lantzeko zinema esperimentala abiapuntutzat hartzen duena. Interesa duten ikastetxeek parte hartzeko aukera dute. Informazio zabalagoa Tabakaleraren webgunean dago.

Albistea

Laura Gutman Zarautzen izango da, maiatzaren 17an

Laura Gutman Zarautzen izango da, maiatzaren 17an

"Eguneroko bizitzako lehentasunak aztertuz: Eskola, elikadura, kontsumoa, teknologia. Norantz goaz?" izeneko hitzaldia eskainiko du Laura Gutmanek Zarauzko Modelo aretoan, maiatzaren 17an, Meitamaitieren eskutik. Bertara joateko sarreraren prezio berezia izango dute hik hasi eta HAZI HEZI-ko norbanako harpidedunek otsailaren 29a baino lehen izena-emanez gero.

Hazi Hezi

Jesus Mari Olaizola 'Txiliku': "Hizkuntzarekin gehiago jolastu beharko genuke"

Jesus Mari Olaizola 'Txiliku': "Hizkuntzarekin  gehiago jolastu  beharko genuke"

Irudimena ihesi joaten den zaldi baten gisara deskribatzen du Jesus Mari Olaizola Txilikuk (Zarautz, 1951). Hitzen munduan asko jolastu izan du, usu zamalkatu du zaldi iheskor hori, haurrentzat zein helduentzat idatzi izan duenean. Baina beti saiatu izan da irakurleari kontakizuna gertu lerrokatzen. Haur eta gazte literaturan aritu da, batez ere, eta bereak dira, besteak beste, Xaxarko (1986), Katixa eta Kroko (1992), Axa mixa zilarra (2000), Jokin Galtxagorri (2004), Lehen hegaldia (2016), eta abar luze bat. Arlo horretan sari bat baino gehiago jasotakoa da, tartean potolo bat ere bai; 2004an Euskadi Literatura saria jaso zuen Osaba Ben Floren liburuarengatik. Iaz omenaldia egin zioten bere herrian, Zarautzen ospatzen duten Literattipia haurren literatur festan.