LABIAGA ikastola, Bera:

1996-02-01
Ostegun gizena , Berako (Nafarroa) herrian Euskal Herriko beste herri askotan bezala ihaute jaien lehen eguna da.


Jadanik badira sei urte Berako Labiaga ikastolakoek usadio zaharrari heldu eta Peregrino eguna antolatzen hasi zirenetik
 
 
Ordutik, ikastolako 1. mailatik hasita 8. maila bitarteko haur guztiak mozorroturik etxez etxe ibiltzen dira, goizeko 8etatik eguerdiko 12ak arte, zingarra eta arrautzak eskatuz ondoren merendua egiteko.


Ohitura zaharrak agintzen duen bezala, leku bakoitzean lehenik gaztelaniazko bertsoak errezitatzen dituzte, jarraian euskarazkoak ere esaten dituztelarik:





Peregrino, peregrino


una limosnita


por amor de Dios.





Zingarrarraultze


zingarrarraultze


bat ez bada


bertze, bertze!





Guda ondoren ihaute jaiak eta Berako Peregrino eguna bezalako ohiturak galerazi egin zituzten. Urteen poderioz galtzear zeuden usadio zahar hauek herri ekimenari esker berreskuratuz joan ziren herri oroimenetik, han-hemenka galdezka, aitona-amonengandik zehaztasunak jasoz...


Honela 1975. urtean, eta urte luzeen ondoren Peregrino eguna ospatu zen berriro ere. Berrazalpen honetan ez ziren zaindu usadio zaharraren ezaugarri asko, horrela haurrak mozorrotu gabe joaten ziren, herrian eta norberaren auzoan soilik ibiltzen ziren eta taldeen arteko norgehiagoka areagotuz joan zen: ibilbidea banketxe eta dendetara aldatu zen diru gehiago lortzeko helburarekin.


Aldaketa hauen guztien artean, Peregrino egunaren bereizgarrietako bat, bertsoen errezitatzea ere baztertu egin zen, ahantzirik geratu zen. Arrazoi hauek guztiak zirela medio, beharbada, ez zen oso arrakastatsua gertatu.


Urteak joan hala Berako aintzinako ohitura hau desagertzeko zorian ikusteak, beratarrok gero eta gehiago kezkatzen gintuen. Gure ikasleen gurasoen kezkak gero eta ozenago entzuten genituen eta herrian zegoen egonezina sumatuz zerbait egin behar genuela iritzi genion.


Begi-bistakoa zen zerbait egin beharra zegoela, bestela Peregrino eguna edo gaur egun Zingarrarraultze bezala ezaguna den ohitura betirako desagertuko zen. Horrela, Zingarrarraultze eguna haurrentzako ihauteri egun berria zela eta bultzada bat eman behar geniola erabaki genuen, zegokion garrantzia berreskura zezan.


1990. urtean lanari ekin genion buru-belarri. Zingarrarraultze eguna, haurren eguna izango zen. Goizean bilketan lortutako gauzekin arratsaldean merendu bat egingo zuten.


Lehenik Peregrino eguna ohitura zaharra tradiziotik jaso genuen bezala, ahalik eta zintzoen aurkeztea erabaki genuen. Zenbait puntu haurrekin eztabaidatu ondoren, hartu genituen erabakiak:


- Ordutegia: Goizeko 8etan abiatu eta eguerdiko 12etan bukatuko zen.


- Ibilbidea: Etxez etxe eta baserriz baserri ibiliko ziren.


- Lehenik beti gaztelaniazko bertsoak eta ondoren euskarazkoak errezitatuko zituzten.


- Taldean joango ziren eta ez banaka edo binaka.


- Denak mozorroturik joan behar zuten.


Herri guztiko txokoetara iritsi ahal izateko eta ikusirik haurrek zenbait auzo eta baserritara ez zirela iristen, irakasleok maila bakoitzeko irteerak antolatu genituen. Antolaketa egiterakoan zenbait gauza kontutan hartu genituen: parte hartzen duten haurren adina, toki desberdinen arteko distantziaÂ…





Usadio zaharrari aportazio berriak


Oinarri hauek finkatu ondoren, ospakizunari berezitasuna eta giroa alaitu asmoz, etxeetako jendea agurtu edo eskertzeko geletan bertso batzuk prestatu zituzten.


Zaharrenak baserrietara joaten ziren eta prestatu zituzten bertsoetan auzo horretako ezaugarriak, baserri edo nagusien izenak aipa zitzaketen euren bertsoetan tokian tokiko berezitasunak jasoz.


Hiru bertso eskaintzen zituzten:


-Lehenengo bertsoan agurra edo egun berezi hori aipatzen zuten.


-Bigarren bertso batean, etxea, nagusia edo auzoa aipatzen zuten.


-Hirugarren bertsoan izan zuten harreragatik bere esker ona agertzen zuten.


Txikienek berriz, bertso bat buruz ikasten zuten etxe guztietan berdina abesteko.


Prestaketa hauen guztien ondoren azkenik iritsi zen eguna. Irakasleak ikastolan geratu ginen bitartean (ikasleen eguna baitzen), ikasleak esanda bezala, Berako kale, auzo eta baserrietatik zehar ibili ziren.


Pentsa dezakezuenez gu ikastolan egon ginen goiz osoan eguerdia noiz iritsiko zain. Hamabietan, esan bezala han agertu ziren gure ikasleak pozez gainezka. Esperientzia erabat positiboa izan zen:


-Haur askorentzat aukera ezin hobea izan zen ezagutzen ez zituzten baserri, auzo eta jendea ezagutzeko.


-Talde handian joatea atsegina egin zitzaien.


-Lortutako zingarra, arrautzak, intxaurrak, gailetak, dirua eta hainbat gauzekin oso gustura zeuden.


-Prestatu zituzten bertsoak oso harrera ona izan zuten baserri eta etxeetako jendearen aldetik.


Haurrak oso gustura zeuden eta zer esanik ez Berako biztanleak. Zorion ugari jaso genituen. Baserri eta auzoetako jendeak ere gustu handiz entzun zituen gure ikasleek osatutako bertsoak.





Eguna biribiltzeko jaia arratsalde partera luzatu dugu. Berako hiru zentroetako ikasleak elkarturik Artzain eta inudeen konpartsa osatuz Berako kaleetan zehar dantza egiten dute, ondoren, goizean bildutakoarekin merendu bat egiten dutelarik, Haurren ihauterietako eguna-Peregrino eguna bukatuz.


Sei urte igaro dira egun hartatik. Lehen esperientzia hark izan zuen arrakastari esker gure arbasoen ohitura zaharra berreskuratu eta gure haurrengan sendotu eta zabaltzea lortu dugu.