Kronika

1996-02-01
 
 
Publikako Eskola Mapa amaitutzat eman da

EAEko 25 bilguneetatik ateratako proposamen dezente administrazioak onartu eta gero, publikako Eskola Mapa behin-behinekoz definituta geratu dela esan dezakegu.
Gestio administratibo ugarietatik aparte egin den mugimendu nagusia Ikasleen Guraso Elkarteek Bilbora deituriko manifestazioa izan da, bertan, milaka guraso, irakasle, ikasle eta herritarrek parte hartu zutelarik (prentsak 15-20 mila aipatu zituen).
Ezin ahaztu zenbait herritan egin diren itxialdi, kontzentrazio e.a. Honek guztiak, oraingo erabakiak gerora ere aldaketak izan ditzakeela adierazten digu.
Bilgunetan eman diren eskakizunen artean nagusienak hauek izan dira:
- Bilgune guztietan D ereduan ikasteko aukera izatea.
- Euskalduntze prozesuan atzerapausorik ez ematea. D ereduak bere hortan jarraitzea, B eta A ereduetatik aparte.
- DBHko zentroen kokapena. Hori dela eta zenbait zentrok berean jarraitzea eskatu du eta beste zenbaitetan ikastetxeen elkarketak planteatu dira.
- Eraikuntzak eta inbertsioak. Zentroen egokitzapena, azken finean.
- Garraio eta jantokiak. Puntu honetan administrazioa eta Gurasoen ordezkarien artean gerturatze bat egon da. Bi kilometroko urruntasun irizpidea erabiliko delarik. Dena den, zenbait arlotan malgutasunez jokatzeko adostasuna hartu da eta Bizkaiko kasuan jarraipenerako batzordea osatuta gelditu da.
Irakaskuntza pribatuan bestalde, DBHren ezarpenerako kriterioak aztertu eta negoziatzen ari dira.

Egutegiak
IRAKASLEEN ADSKRIPZIOAK
- Otsailaren 23rako: DBHn irakatsi nahi dutenen eskakizunak.
- Apirilaren 9an: DBHko lanpostuen zerrenda argitaratuko da.
- Maiatza: DBHko langileen behin-betiko kokapena.
- Maiatzak 27: Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako adskripzioaren hasiera.
ZERBITZU BATZORDEAK
- Apirilean: Eskakizunak egingo dira.
- Ekainean: Behin-betiko zerrenda ezagutzera emango da.
IKASKETA BAIMENAK
- Apirilean: Eskakizunak egingo dira.
- Ekainean: Behin-betiko zerrenda ezagutzera emango da.

Nafarroan eskakizun desberdinak airean
Eskola Mapak zenbait hilabete indarrean daraman honetan, agerian geratu dira zenbait hutsune eta jendeak plazaratu dituen kexuak. DBHren ezarpenak suposatu dituen ondorioez kexu dira gizarteko arlo desberdinak: nekazari eta abeltzainak biltzen dituzten elkarteak, euskararen aldeko taldeak, DBHko zentrorik gabe geratu diren herri eta bailarak (ondorioz urrutira joan beharrean aurkitu direnak)...
Egonezin hauek guztiak ikusirik Nafarroako hezkuntza arduradunek Eskola Mapa berrikustea erabaki dute, kalteturik suertatu diren hainbat ikasleri itxaropenerako ate bat zabaltzen dietelarik.
Bestalde, jakitera eman da 96ko aurrekontuetatik zenbateko dirutza izango den Hezkuntza ez unibertsitariora zuzenduko dena.
Aurtengo irakaskuntza publiko ez unibertsitarioan erabiliko den diru kopurua 29.478 milioikoa izango da. Irakaskuntza pribatu ez unibertsitarioan laguntza eta subentzioetarako berriz, 8.899
milioi erabiliko dira. Datu hauek ikusita Nafarroako Hezkuntza eta Gestio Elkarteak (ANEG) salatu du irakaskuntza pribatuko gela bat publikako bat baino % 40 gutxiago kostatzen zaiola gobernuari.

EAEko ikastoletako bitartekaritza onarturik
Ikastolen Lan Hitzarmena negoziatzeko eskatu zen bitartekaritzak ezagutzera eman zuen bere proposamena. Legeak ezartzen duen epearen ondoren ELA, LAB, PARTAIDE eta EIBk bere onespena adierazi zuten. Lan Hitzarmen honek biltzen dituen 2.500 langile inguruk 95 eta 96 urteetarako zenbait hobekuntza izango dituzte (soldata, iraunkortasun akordioa, kontratazio baldintzakÂ… besteak beste). Soldatei dagokionez 1995erako izan duten igoera % 2koa da eta 1996rako berriz % 4koa.
Halere bitartekariak ordutegia, baimenak eta beste zenbait puntu aztertzeko atal bat zabalik utzi du eta datozen egunetan batzorde bat lanean hasiko da horiek guztiak finkatzeko.