Emakumeen lanbide prestakuntza formalizatuaren hastapenak (1880-1930)

1996-02-01
 
 
Emakumeen lanbide prestakuntzaren hastapenak emakumearen inguruan XIX. mende osoan zehar bilakatu eta XX. enean ere mantenduko zen diskurtso familiazalearen eraginpean kokatu behar ditugu. Honela, XIX. mendean emakumea formatzearen beharra onartu bazen ere prestakuntza hori praktikan erabilgarritasun domestikoaren eredura mugatuko zen. Heziketa eta lanaren munduan gizonezkoei familia mantentzearen alde lan egiteko esaten zitzaien bitartean, emakumezkoei soldata osagarri baten truke familia bera abandonatzea leporatzen zitzaien. Egokitutako, berrikusitako eta zuzendutako antzeko argudioekin XX. mendeak ere joera hori mantenduko du: emakumeentzako heziketa eta lana bai, baina zaindaritzapean eta baldintza jakinetan.

Baina lanbideen sexu izaera mistoaren ukapenean oinarritutako irakaskuntza, aldagai ideologikoek eta sozio-ekonomikoek bultzatuko dute. Lanbide irakaspen hauek arlo pribatuan zein publikoan ezarriko dira. Arte eta Lanbide Eskolak langilearen lanbide prestakuntzarako erakundeak ziren eta euren sorrera-sorreratik emakumeei bereziki zuzendutako sailak zituzten: Bilbon 1879.ean udako ikastaroak antolatu ziren, zeintzuetan aztertutako epe osoan matrikulazio maila oso altua antzeman baitaiteke; Donostian 1880-81 ikasturtean neskatxentzako marrazketa saila eratu zen eta 1882.ean andereñoentzako atal berezia.

Euskal Herriko Arte eta Lanbide Eskolak matrikulazio kopuruetan zein ikasketa planetan, estatukoekin alderatuz gero, lehen mailan eta eredugarri agertzen zaizkigu.

Bilbokoak 1879-80 ikasturtean ezarritako udako ikastaroetan 252 ikasle matrikulatu ziren eta 1908-09rako, jada, 1000 ikasle inguru zituen, kopuru hauek 1928-29 ikasturtera arte mantenduz. Hasierako ikasgaiak Dibujo de Adorno eta Corte de vestidos baziren ere, geroago Confección, Manejo de Máquinas de Coser, Dibujo de Copia estampa bezalakoak agertzen zaizkigu. 1890-91 ikasturtean emakumearen prestakuntzak bi adar izango ditu: alde batetikFrancés, Teneduria de libros eta Mecanografía gaiak biltzen zituen Merkataritza saila eta bestetik, Corte y Confección, Bordado eta Máquinas de coser gaiak irakatsi eta jazki industriara bideraturiko emakumeentzako Industria saila. Atal bi hauek emakumeei bereziki egokitutako jostun eta brodatzaileen formaziora zuzenduta zeuden, zeren haien bitartez emakumeak etxean zein burgesen zerbitzari lanetan burutu baitzitezkeen; berdin gertatzen zen klase ertainetako emakume ezkongabeentzat egoki jotzen ziren idazkari eta dendari lanbide berriekin ere.

Donostiako eskolak, Bilbokoak ez bezala, ez zuen udako ikastarorik antolatu eta bere irakaspenak ohiko ikastaldietan ezarri zituen, nahiz eta sexu banaketa sarrera eta ordutegi ezberdinekin hertsiki zaintzen zen. 1986-87 ikasturtean irakaspenak zabaldu ziren hiru atal ezberdin sortuz: Merkataritza saila, Bilboko ikasgaiez gain ingelesa ere irakatsiz, Arte edo Marrazketa saila eta Ikasketa Berezien edo Aplikazio saila Corte y Confección, Higiene doméstica eta Taller de Tintes bezalako ikasgaiekin.

Beraz, ikasleak ikasgaika (normalean bi ikasturterako) matrikulatzen ziren arautu gabeko eskola hauetan. Aplikaziora bideratutako prestakuntza hobea nahi zuten neskatxa eta neska gazteei zuzendurik zeuden, mende hauetan emakumeen lan ordainduan zabaltzen hasi ziren esparru estuetan.